Espainiako Gobernua. Osaketa

Kontzertu ekonomikoaren aurka nabarmendu da Ogasun ministroa

Hego Euskal Herriko «pribilegioak» eta «'dumping' fiskala» gelditzeko eskatu du Maria Jesus Monterok. Lan ministroak lan erreformaren «erabateko berrazterketa» agindu du

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministro ohiak lekukoa eman zion Maria Jesus Montero ministro berriari, Madrilen. FERNANDO VILLAR / EFE.
Xabier Martin. Jon Fernandez
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako Ogasun ministroak ez du begi onez ikusten kupoa eta ekarpena kalkulatzeko egungo sistema. «Gardentasuna» eskatu zion Cristobal Montoro orduko Espainiako Ogasun ministroari Kupoaren Legea onartu eta egun batera, iazko azaroaren 24an; artean Andaluziako Ogasun kontseilaria zen —bost urtez egon da kargu horretan—, eta 28 orrialdeko txosten batean jaso zuen «eskubide foralek» ezin zituztela ahalbidetu «justifikaziorik gabeko pribilegio finantzarioak eta dumping fiskala». Kupoa erreformatzea baztertu zuen atzo, baina aldaketei ateak itxi gabe: «Bere garaian ikusi beharko da».

Azken urteetan kontzertuaren eta Nafarroako itun ekonomikoaren aurka zabaldutako ahotsetako bat izan da Montero, eta PPk azkar gogoratu du ministro berriaren posizio hori. Pedro Sanchezen gobernuak Hego Euskal Herriko erregimen fiskala ezbaian jar dezakeela ohartarazi du Arabako PPk.

Monteroren izendapena «albiste txarra» dela adierazi zuen atzo Ana Moralesek, Arabako Batzar Nagusietako PPren bozeramaileak; «PSOEren ahotsik kritikoenetakoa izan delako euskal kontzertu ekonomikoaren sistemaren kontra eta kupoaren lege berriaren kontra». Moralesek gogora ekarri zuen Monterok «pribilegiotzat» jo izan duela kupoa, eta EAJri aurpegiratu zion haren erruz iritsi dela Ogasun Ministeriora kontzertuaren eta kupoaren aurkari bat. Areago, Andoni Ortuzar buru duen alderdiari esan zion sumatuko duela «Mariano Rajoyren eta Cristobal Montororen falta», haiek «leialak» zirelako kupoarekin.

Iaz berritu ziren EAEko kupoa eta Nafarroako ekarpena. PPren gobernuak askatu zuen hamar urtez ez atzera ez aurrera zegoen kupoaren negoziazioa, baina beharrizan politikoengatik egin zuen urrats hori, Espainiako Kongresuan EAJren bost diputatuen botoa behar zuelako 2017ko aurrekontuak onartzeko.

Gasteizek eta Madrilek akordioa itxi zuten iaz kontzertu legearen eta kupoaren kalkuluaren inguruan, eta kontuak Gasteizen alde atera ziren. Madrilek aitortu zuen oker egin zuela ordura arteko kalkulua, eta 2021era bitartean 1.400 milioi euro itzuliko dizkie EAEko erakundeei.

Nafarroako ekarpenaren kasuan, era berean, akordioa lortu zuten bi aldeek iazko urte amaieran, eta Madrilek onartu zuen 215 milioi euro bueltatzea Nafarroako Gobernuari.

Lan erreforma ere, ezbaian

Lan Ministeriotik ere iritsi diraEuskal Herrian eragin sakonak izango lituzketen albisteak, Magdalena Valerio Lan ministro berriak jomugan jarri baitu lan erreforma. PPk bere gehiengoaren alperra pasatuta onartutako lege aldaketa gogor kritikatu izan du Valeriok, baina orain arte oposiziotik. Jarrera horri eusten dion ala aldaketarik baden ikusi nahi dute sindikatuek, baina Valeriok atzo berretsi zuen PPren erreforma ukitzeko asmoa duela oraindik. «Lan erreformaren erabateko berrazterketa egitea» da haren helburuetako bat; «negoziazio kolektiboaren boterea berreskuratu» nahi du Valeriok, besteak beste, «soldatak hobetzeko».

Horrez gain, «errenta itun bat» egitea nahiko luke Lan ministroak, gizonen eta emakumeen arteko soldata berdintasuna bermatzeko. «Soldata duinak» nahi ditu Valeriok, «bizitza hobeak ahalbidetzeko, bai langileentzat, bai pentsiodunentzat».

Pentsioen itun bat nahi du

Musika atsegina da langile eta pentsiodunen belarrietan, baina ikusteko dago zer egiteko gai den gehiengo parlamentariorik ez duen gobernu bat. Elkarrizketa sozialari ekingo diola ere esan du, eta, itxuraz, helburu hori erraz bete dezake, sindikatuak horixe bera eskatu baitiote azken orduetan. Unai Sordok «kontraste azkarra» egin nahi du Lan ministroarekin eta Pedro Sanchez Espainiako presidente berriarekin. «Oposizioan zirela lan erreformari eta pentsioei buruz erakutsitako posizioei eusten ote dieten» jakin nahi du CCOOko idazkari nagusiak. «Baietz espero dut», esan zuen Sordok.

PPk bere kabuz 2012an onartutako lan erreformak erabat ahuldu zituen sindikatuak patronalaren aurrean. Negoziazio kolektiboa patronalaren alde desorekatu zen erabat, besteak beste, mugagabeko ultraaktibitatea urtebetekoa izatera pasatu zelako. Espainiako gobernu aldaketarekin batera, ugaritu egin dira erreforma hori aldatzeko beharra aldarrikatzen duten ahotsak. Unidos Podemosek legea baliogabetzeko eskatu du, eta EAJk jakinarazi du prest legokeela «hainbat aldagai» ukitzeaz hitz egiteko. Parlamentuan gaur egun dagoen oreka politikoarekin, ordea, ez du erraza ematen doikuntza batzuetatik harago joatea.

Eta lan erreforma aldatzea zaila bada, zer esanik ez pentsioen itun bat lortzea. Baina Valerioren lehen eguna asmo onez bete zen. «Pentsioen itun handi bat sustatu» nahi duela esan zuen Fatima Bañezen lekukoa hartu duen emakumeak. Pentsiodunek protestan jarraitzen dute, eta, EAJk eta PPk aurrekontuetan adostutako igoeraren «adabakitik harago», KPIaren igoera iraunkorra eskatzen ari dira, jasangarritasunaren aldagaia kentzeko exijentziarekin batera. Ituna sustatzea gauza bat da, eta ituna lortzea, beste bat, eta, Toledoko Itunaren negoziazioa izaki, benetan konplexua izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.