Kanporatze arriskuak ez du ilusioa oztopatu

Ziburuko Kaskarotenea ikastolako haurrek «normal-normal» hasi dute ikasturtea.

Seaskako eta ikastolako ordezkariek ez dute lekua hustuko, alternatibarik ezean.

Elkarrizketa eskatu diote auzapezari
Ikasturteko lehenbiziko eguna atzo izan zuten Ziburuko ikastolako haurrek.
Ikasturteko lehenbiziko eguna atzo izan zuten Ziburuko ikastolako haurrek. SYLVAIN SENCRISTO

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2014ko irailak 3
Urduritasuna nabari da airean. Gurasoak, haurrak eskutik helduta atakara hurbiltzen, edota txikienak beso artean bilduta, oraindik erdi lo. Eskolako lehen eguna berezia izaten da guraso eta haur guzientzat. Ziburuko Kaskarotenea ikastolan (Lapurdi), alta, bada ohikoa den nerbioetatik ezberdintzen den zerbait. Sartzea arazorik gabe egin ahal izan duten arren, etorkizun hurbilak kezkatzen ditu. Ez dakite, hain zuzen, luzaroan segitu ahal izanen duten ikastolara joaten.

Laida Mugika Kaskarotenea ikastolako lehendakariak pozik erantzun du goiza nola iragan den galdetuta: «Uste dut sartze normala izan dela haur gehienentzat». Irri artean azaldu du ez dela berezitasunik egon, «kazetarien presentziagatik izan ezik». Kezka badute, ordea. «Hemendik zazpi egunera ezingo dugu egin sinpleki gaur egin duguna». Bertze aterabiderik aurkitu arte, ordea, ez dute asmorik Marinelako eskola uzteko. Hala adierazi zuen atzo goizean Paxkal Indo Seaskako lehendakariak ere: «Hemen gara, eta hemen egonen gara soluzio bat atzeman arte».

Aste honetan aterabide bila ibiliko direla zehaztu dute, eta herriko etxeari ere eskatuko diote elkarrekin konpontzeko arazoa, baina Indo zalantzati agertu da: «Zazpi egunez nola atzeman udako bi hilabetez atzeman ez dugun aterabidea? Nik ez dakit xuxen nola egingo den». Hori dela eta, ikastolaz kanpoko jendeari ere laguntza eskatu dio Indok. «Heldu den astetik goiti egunero ehun euro pagatu beharko ditugu; bada, bakoitzak har dezala ordu bat, egun erdi bat, edo egun oso bat, baina beharko dugu sosa pixka bat, nola hemen egonen garen soluzio bat atzeman arte». Euskal Herri osoari zabaldu dio laguntzarako deia.

Frantziako poliziak etortzeko aukera egon litekeela gehitu du Indok, baina Mugikak lasai erantzun du: «Etortzen badira, hemen atzemanen gaituzte».

Kezka indar bihurtuta

Gurasoen ezinegona nabaritu da lehen egunean, baina, Mugikaren ustez, «ez dira beldurtzen».

Kanporatzeak berak onurak ekarri dituela lirudike, izen-emate orriei begiratuz gero. Izan ere, berez hamabi haur izan behar zuten aurten, baina azkenean hamahiru izanen dira. «Auzapezak publizitatea egiten digu», erran du Mugikak, irribarrez, eta segidan azaldu: «Atzo [herenegun] etorri da guraso berri bat. Haur bat gehiago dugu sartze honetarako; berri bikaina da».

Haien haurrak ikastolara laguntzera etorri dira Ainara Agerre eta Haizpea Abrisketa, eta argi erakutsi dute beren seme-alabak Ziburuko ikastolan izatearen nahia. Kezka eta haserre sentimenduak nahasi egin zaizkie biei.

Agerrek ez du ulertzen auzapezaren erantzuna: «Ene ustez, jada kexatu da, eta orain bururaino eramanen du bere borroka». Hala ere, parean izanen dutela zehaztu du: «Hark bere borroka eramanen du bere aldetik, eta guk gure aldetik». Ez du bere haurrak Ziburuko ikastolan jarraituko duen dudarik. «Eta oraino gutxiago orain gertatzen denarekin: arrazoi gehiago guk borrokan segitzeko».

Iritzi berekoa da Abrisketa: «Ziburuko ikastolan jarraitu nahi dute haurrek,eta guk jarraitu nahi dugu Ziburuko ikastolan. Nire ustez, egon daitekeen zentrorik egokiena da haientzat». Bestalde, Abrisketaren iritziz, Urruñara edota Donibane Lohizunera joateak ez luke zentzurik ukanen: eskola txikiak haurraren garapenerako tresna egokiak direla uste du, eta herri bakoitzak izan beharko lukeela ikastola bat. «Haurra herri batean bizi ahal izateko lagungarria da ikastola: irakaskuntzaz harago doan zerbait da». Hura ikasle izan zeneko garaiak ere ekarri ditu gogora. Orduan Donibane Lohizunera joaten ziren eskualdeko haur guziak. «Gaur egun, Azkainen, Urruñan eta Hendaian daude ikastolak, gero eta handiagoak, eta ikusten dugu zein emaitza ematen duten».

Ikastolak ez du oraingoz mobilizaziorik iragarri, baina sostengu zabala jasotzen ari da eragileen artean. Atzo bertan, erraterako, Ziburu Bizi zerrenda abertzaleko Leire Larrasa hautetsia ikastolara hurbildu zen. Bestalde, Kontseiluak, Ikastolen Konfederazioak, EH Bilduk, EH Baik eta ELA sindikatuak ere elkartasuna adierazi dute Ziburuko ikastolarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna