Zirrikitua ala salbuespena?

Lorea Bilbao abokatuaren iritziz, tortura kasuak ez ikertzeagatik Espainiako Auzitegi Gorenak epai bat atzera bota izanak balio behar du neurri bera galdegiteko antzeko kasuetan
Erlantz Anda eta Lorea Bilbao, atzo, Salhaketaren Gasteizko bulegoan egin zuten prentsaurrekoan.
Erlantz Anda eta Lorea Bilbao, atzo, Salhaketaren Gasteizko bulegoan egin zuten prentsaurrekoan. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

Gorka Berasategi Otamendi -

2016ko uztailak 19
Tortura salaketa nahikoa ez ikertzea leporatuta Espainiako Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren epai bat atzera bota izanak merezi du bide berri bat urratzen saiatzea, Lorea Bilbao TAT Torturaren Aurkako Taldeko abokatuaren iritziz. Bilbaoren esanetan, Beatriz Etxebarriari, Saioa Sanchezi eta Iñigo Zapiraini Auzitegi Nazionalak ezarri zien zigorra bertan behera uzteak eredu izan behar du antzeko kasuetan ere epaiak baliogabetzeko.

Bilbaok susmoa du Auzitegi Gorenaren erabakia ez ote den erabaki bakan gisa interpretatuko. «Uste dut Beatriz Etxebarriaren kasuan oinarritu direla bakarrik, eta ez jurisprudentzia osoan». Hala ere, antzeko kasuetan neurri bera hartzea galdegin behar dela adierazi du: «Bidea zabaltzeko balio behar du, oinarri gisa torturapean lortutako deklarazioak izan dituzten zigorren baliogabetasuna eskatzeko».

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu zuen 2014an, Etxebarriaren tortura salaketa nahikoa ez ikertzeagatik. Bilbaok eraman zuen kasu hura. Zapirainek ere torturak salatu zituen, Etxebarriarekin batera atxilotua izan ostean, eta haren deklarazioa izan zen Sanchezen kontrako froga bakarra. Hamabosna urteko zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak.

Tortura kasuak atzemateko, Eusko Jaurlaritzaren eskariz, Paco Etxeberria auzi medikua gidatzen ari den ikerketa lanaren behin-behineko emaitzek ere norabide horretan urratsak egiteko beharra adierazten dute, Bilbaoren iritziz. «Eusko Jaurlaritzak zigilu ofiziala ematen badie emaitzei, zerbait egin beharko da. Erantzukizun politikoak, judizialak ala dagozkionak hartu beharko dira». Etxeberriaren lantaldeak 4.000 tortura kasu baino gehiago atzeman ditu oraingoz, 1960. eta 2013. urte bitarteko giza eskubideen urraketei dagozkienak.

Espainiako Estatuko TPSK Torturaren Prebentzio eta Salaketarako Koordinakundearen kide ere bada Bilbao, eta elkarteak tortura kasuei buruz urtero egiten duen txostenaren aurkezpenean parte hartu zuen atzo, Gasteizen, Salhaketa elkarteko Cesar Manzanosekin eta Eleak mugimenduko Erlantz Andarekin batera.

2015EAN, 9 TORTURA EGOERA ETA 54 PERTSONA KALTETU

Bederatzi tortura egoera izan ziren 2015ean, Hego Euskal Herrian, TPSKren azken txostenaren arabera. Horietatik bost Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan ziren, eta 48 pertsona kaltetu ziren; gainontzeko laurak Nafarroan gertatu ziren, eta sei pertsonei eragin zien.

2014ko datuekin alderatuta, tortura egoerek behera egin dute ?hamarretik bederatzira?, baina kaltetutakoen kopuruak gora egin du nabarmen ?14tik 54ra?. 2014an antzeko bilakaera izan zuten datuek Espainiako Estatuan, eta Bilbaok gizarte mobilizazioen gorakadarekin lotu du. Bestalde, azpimarratu du «zailtasun handiak» daudela gertatzen diren tortura kasuak jaso eta ikusgarri bihurtzeko.

TORTURA «IKUSEZIN BIHURTZEKO ESTRATEGIAK»

Tortura kasuak «ikusezin bihurtzeko estrategiak» azken urteetan indartu egin direla salatu du Manzanosek. Ziurtatu du administrazioek erasoen berri emateko «zailtasun handiagoa» jartzen dutela, polizia indarren eta espetxe nahiz adingabeen zentroetako funtzionarioen zaintzapean dauden pertsonen babeserako neurriak hartu beharrean.

Salaketak jartzeko beldurra ere nabarmendu du Manzanosek; bereziki, legeztatu gabeko egoeran dauden migratzaileen kasuan. Haren esanetan, kasu askotan kaltetuek ez dute nahi izaten salaketen berri eman, salatzailearen kontrako neurriak hartzen direlako automatikoki. «Ezkutuko protokoloa dago».

Giza eskubideen alde lan egiten duten eragileek eraso horiek salatzen dituztenean, haienganako presio eta debeku neurriak ere hartzen direla gaitzetsi du Manzanosek.

'MOZAL LEGEA' 4.000 ALDIZ EZARRI DU ERTZAINTZAK

Mozal legea 3.959 aldiz ezarri du Ertzaintzak 2015eko uztailetik otsailera bitartean, Andak azaldu duenez. Epe berean, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak 735 isun jarri dituzte Hego Euskal Herrian. Dirutan, 600.000 euro baino gehiago ezarri dira, Eleak-ek nabarmendu duenez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna