Kataluniako erreferenduma

Rajoyren lagun amerikarra

«Espainiak batuta jarraitu beharko luke», adierazi du Trumpek, Rajoyri egin dion harreran, Etxe Zurian. Parlamentari eta banako askok eskatu diote, ordea, Espainiari negoziatzeko
Mariano Rajoy eta Donald Trump, atzo, Etxe Zurian.
Mariano Rajoy eta Donald Trump, atzo, Etxe Zurian. JUANJO MARTIN / EFE

Mikel P. Ansa -

2017ko irailak 27
«Espainia herrialde handi bat da, eta batuta jarraitu beharko luke». Donald Trumpi entzun nahi zizkion hitzak adituta, irribarretsu agertu zen Mariano Rajoy Espainiako presidentea. Amerikako Estatu Batuetara bisita ofiziala egin zuen bart, eta Trump presidentearekin bilera egin zuen. Ondoren adierazi zuen Trumpek Espainiako batasunaren aldeko mezua: «Egiaz pentsatzen dut Kataluniako jendea Espainian geldituko dela, herrialde arrunt handi, eder eta historiko batean gelditzea esan nahi duelako».

Aurreko astean Heather Neuer AEBetako Gobernuaren eledunak esandakoak zuzentzeko modu bat ere bazen atzokoa: «Gu ez gara sartuko barne auzietan. Sortuko den gobernuarekin edo entitatearekin lan egingo dugu, edozein dela ere», adierazi zuen Neuerrek, iradokiz Kataluniako galdeketaren emaitza onartzeko prest egon zitekezkeela AEBak. Trumpek zuzendu, eta Rajoyk ospatu: igandean Katalunian egingo duten galdeketak ez duela baliorik izango adierazi zuen Espainiako presidenteak Etxe Zuriaren atarian, «gutxieneko bermerik» ez baitu edukiko. «Zalaparta eta buila izango da, baina ez da izango balioa edukiko duen galdeketa bat». Erantsi zuen espero duela orain «etapa berri bat» hasiko dela, «legeari, demokraziari, elkarrizketari eta zentzu komunari» eutsita.

Espainiak, ordea, kritika asko eta askotarikoak jaso ditu azkeneko egunetan, batez ere irailaren 20an Generalitateko goi-kargudun batzuk atxilotu zituenetik. Kataluniako prozesuari buruz nazioartean izan diren erreakzioen erakusle txiki bat da hau:

EUROPA ETA NBE

Europako Batzordeko presidente Jean Claude Junckerren adierazpenek sortu dute zalaparta handiena. Joan den astean Euronews katerako elkarrizketa egin zioten, eta han betikoa adierazi zuen: barne arazoa dela Kataluniakoa, eta Espainian indarrean diren legeak eta instituzioak errespetatu behar direla. Baina ñabardura harrigarria erantsi zuen segidan: «Baiezkoak irabazten badu, errespetatuko dugu». Junckerren taldeak, ondoren, ukatu egin behar izan zuen Europak erreferendumaren alde egin zuenik. Baina esandakoak esanda gelditu dira, interpretazioen mende. Gerora ez du beste adierazpenik egin, ez Junckerrek, ez Europak. Bruselako kazetariek ahaleginak egin dituzte, baina Europako bozeramaileek ez dute ahorik gehiago zabaldu auziari buruz. Romano Prodi Europako Batzordeko presidente ohiak bai sinatu du agiri bat, elkarrizketa galdeginez.

Nazio Batuen Erakundera ere iritsi da salaketa, Alfred Maurice de Zayas abokatu eta irakasle estatubatuarrak idatzi bat aurkeztu baitu NBEren Giza Eskubideen Batzordean; aditu independentea da Zayas, eta esan du Madril gehiegikeriaz jokatzen ari dela eta autodeterminazio eskubidea oinarrizko printzipioa dela. Junckerri eta NBEri igorri die gutuna, eta esku hartzeko eskatu. Ez du erantzunik jaso. SNP eskoziarreko kide batzuek, bestalde, Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteari ere bidali diote gutun bat. Ostiralean, berriz, Europako Parlamentuko 50 kidek onartu zuten agiri bat, Rajoyri esertzeko eta negoziatzeko eta errepresioa bertan behera uzteko eskatuz.

GOBERNUAK

Eskoziakoa izan da Kataluniako galdeketari babes eta sostengu handi eta argiena eman dion gobernua. Nicola Sturgeon lehen ministroak nabarmendu du «autodeterminazio eskubidea nazioarteko irizpide garrantzitsu bat» dela: «Espero dut Katalunian eta mundu zabalean errespetatuko dela. Kezkagarria da herri bati bere borondatea demokratikoki adierazteko eskubidea ukatzea». Eta Flandriara ere iritsi da elkartasun uhina. Geert Albert Bourgeois Flandriako ministro-presidenteak ohartarazi du: «Herrien autodeterminazio eskubidea nazioarteko printzipio bat da. Ezin dut imajinatu Europako Batasunak, balio demokratikoetan oinarriturik, ez duela onartuko».

Ezustea Hungariatik iritsi da: Zoltan Kovacs gobernuko bozeramaileak joan den astean agertu zuen Kataluniako Generalitatearen aldeko jarrera: «Denok errespetatu behar dugu jendearen borondatea. Hori da gure jarrera». Beste neurri batean, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak ere sostengatu du herritarrei galdetzeko eskubidea, eta Rajoyri «diktadore» deitu dio zeharka, gogoratuz Venezuelan oposizioari galdeketa egiten utzi ziotela.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, berriz, isil-isilik pasatu ditu egunok. Reuters agentziak, haren gobernuko iturri bat aipatuz, dena den, zehaztu du «Espainian egonkortasunak irautea» dela Alemaniaren interesa. Neurtutako erantzuna.

PARLAMENTUAK

Gobernuen partetik baino helduleku gehiago iritsi zaizkio Kataluniako Generalitateari parlamentuetatik. Danimarkan, zazpi alderdi diferentetako hamazazpi parlamentarik sinatu zuten agiri bat, tartean Holger K. Nielsen Atzerri ministro ohiak eta Uffe Elbaek Kulturako ministro ohiak. Estoniako bost parlamentarik gutun bat igorri zioten Mariano Rajoyri, Espainiako Gobernuak hartutako neurriekin kezkatuta, eta elkarrizketa eskatuz; gobernuko zein oposizioko alderdietako kideak zeuden tartean. Erresuma Batuan ere bai, Westminsterreko hogei bat kidek onartu zuten agiri bat, Madrilen errepresioa gaitzetsiz —«oso kezkatuta gaude Espainiako Gobernuak erreferenduma ez egiteko hartu dituen neurriekin»—, eta kontsulta «oztoporik gabe» egiteko eskatuz. Batez ere SNP eskoziarreko eta Plaid Cymru galeseko parlamentariak ziren sinatzaileetan, baina kontserbadoreak, liberal demokrata bat eta laborista bat ere baziren. Irlandako Errepublikan, Sinn Feinek eraman zuen eztabaida ganberara, baina Fine Gaelek ez zion arrazoirik eman, atzerriko estatuen auzietan ezin zutela sartu argudiatuta. Proposamen bitxiena Sardiniako Parlamentuak egin du: aho batez adierazi zion elkartasuna Kataluniari, eta bertako gobernuari eskatu zion urriaren 1eko erreferendumerako boto paperak inprimatzen laguntzeko. Korsikako Asanblea izan da atxikimendua agertu duen azkena: Generalitateari «zilegitasun guztia» aitortu dio bere bidean aurrera egiteko. Galesko Parlamentuak ere eman dio sostengua galdeketari.

NORBANAKOAK

Norbanako gisa, Europako politikari askok gaitzetsi dituzte Espainiako poliziek egindako atxiloketak eta azken asteetako Espainiako Gobernuaren erabakiak —Jean Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko burua, Benoit Hamon PSko burua, Ivo Vajgl europarlamentari esloveniarra...—. Baina atxiloketa eta neurri horien aurretik ere atxikimenduak biltzen hasia zen Let Catalans Vote ekinbidea, eta munduko 50 bat pertsona ezagunen babesa lortu dute, katalanek beren etorkizunaz botoa emateko eskubidearen alde. Hor dira, esaterako, Yoko Ono, Hristo Stoitxkov, Peter Gabriel, Eric Cantona, Silvio Rodriguez, Rigoberta Menchu, Mirta Baravalle, Gerry Adams, Angela Davis eta Viggo Mortensen. Bestalde, Julian Assange Wikileaksen sortzailearen eta Eduard Snowden CIAko kide ohiaren laguntza jaso du erreferendumaren aldeko kanpainak sare sozialetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna