Iruñeko taldeko sexu erasoa

Sumindura, kaletik atera gabe

Mugimendu feministak manifestazio nazionalera deitu du gaurko, Iruñean; justizia jauregitik hasiko da. Nafarroako Gobernuak bat egin du «herritarren haserrearekin»

Atzo goizean egin zuen agerraldia Iruñerriko mugimendu feministak, epaiaren inguruko iritzia eman eta manifestazioa iragartzeko. IÑIGO URIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Sanferminetako sexu erasoaren epaia salatzeko protestek ez dute etenik. Ostegunean, epaia jakin zenean, desadostasuna adierazteko protestak egin zituzten Euskal Herriko hainbat herritan. Atzo ere dozenaka protesta egin zituzten. Gaur, manifestazio nazionala egingo dute Iruñean, Iruñerriko mugimendu feministak deituta. 12:30ean hasiko da protesta, justizia jauregiaren paretik.

Manifestazioaren deitzaileen izenean, Maddi Lasa Garciak adierazi du emakumeen biziaarriskuan jartzen dutela gisa horretako sententziek: «Epaiak aditzera eman du indarkeria edo larderia egoteko emakumeok aktiboki egin behar dugula kontra». Mugimendu feministak dio erresistentzia aktiboa exijituta «biolentoagoak» izango direla emakumeen aurkako erasoak. Halaber, deitzaileek azaldu dute kutxa automatiko batean lapurreta jasaten duenari ez zaiola eskatzen erresistentzia aktiborik, baina onartzen zaiola haren aurka indarkeria eta larderia erabili dela: «Justizia heteropatriarkalak gehiago babesten du jabetza pribatua, emakumeen eskubideak eta gorputzak baino».

Iruñeko erasoa salbuespena balitz bezala jokatzen dela argudiatu dute deitzaileek; alabaina, zehaztu dute ez dela gertakari bakana, eta eraso gehienak ez direla salatzen: «Ez da sentsibilitate faltagatik edo erasoa aitortzeko beldurragatik, emakume gehienok prozedura judizial bati aurre egiteak dakarrenaren jakitun garelako baizik». Hala, manifestazioaren deitzaileek «ageriko inpunitatea» salatu dute, eta adierazi dute erasoen aurkako gaitzespen soziala lortu den gisan beharrezkoa dela epaitegiek ere «arbuio hori argi uztea».

Azaldu dute ezinezkoa dela «lege matxista eta atzerakoiak betetzen dituen justizia heteropatriarkalak» justizia eta erreparazioa eskaintzea. Halaber, adierazidute «sistema heteropatriarkalak» emakumeen aurkako indarkeria sortu eta iraunarazten duela.

Larderia eza, «ulertezina»

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du helegitea aurkeztuko diotela sexu erasoaren epaiari. Atzo goizean baieztatu zuten Maria Solanak eta Ana Ollo kontseilariek, epaia baloratzeko eginiko agerraldian. Solanaren arabera, kontraesanak ditu epaiak, eta badaude erasoa bortxaketa izan zela erakusteko adina froga: «Epaiketa nola joan den eta zer jaso den ikusita, ikus dezakegu 2016ko sanferminetan gertatutakoa bortxaketa izan zela».

Solanaren esanetan, esperotako epaia nabarmen beheratu du auzitegiak: «Nafarroako Gobernuak sexu erasoa zela ulertuta hartu du parte epaiketan, eta instrukzio epailea, fiskaltza eta akusazioa bat etorri dira analisi horretan».

Ollok, berriz, azpimarratu du gobernuak bat egiten duela «herritarrek erakutsitako haserrearekin». Ikuspuntua aldatzeko beharra azpimarratu du Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak: «Genero desorekaren adibidea da fokua erasotzaileen jarreran jarri beharrean emakumearen erantzunean jartzea». Olloren esanetan, gobernuak «ez du ulertzen» bost gizonezkok gune itxi batean egindako erasoak nolatan ez duen larderiarik. «Posible al da eraso bat larderiarik gabe egitea?», gaineratu du Solanak.

Nafarroako Parlamentuak aho batez babestu du Nafarroako Gobernuak helegitea jartzea. Adierazpen instituzional bat onartu zuten atzo, alderdi guztien babesarekin: «Errespeturik handienarekin bada ere, epaiarekiko desadostasunik handiena adierazi nahi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.