Laguntzetan hedabideen izaera kontuan hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Hekimen taldeak gomendio batzuk egin dizkio Jaurlaritzari, adituen txostenetan oinarrituta.Hedabide bakoitzaren hedadura eta izaera aintzat hartzea nahi du.Sektoreaz gogoeta zabalagoa galdegin du

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2015eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Irismena. Kontzeptu berri horrek zeresan handia jarri zuen iaz euskarazko hedabideen alorrean, diru laguntzak batez ere horren arabera banatu zituelako Eusko Jaurlaritzak —puntuen %70 ziren irismenari lotutakoak—. Hedabide batzuei kalte handia egin zien bat-bateko aldaketa horrek —%14 gutxiago jaso zuen BERRIAk—. Herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak, Hekimenek, gomendio batzuk egin dizkio Jaurlaritzari, iazko gorabeherak zuzentze aldera. Iaz kontuan hartu gabeko aldagai batzuk jarri ditu mahai gainean: hedabide bakoitzaren izaera eta hedadura aintzat hartzea, denek ez dutelako publiko potentzial bera; zabalkundea unitate berarekin neurtzea; eta irismena aldagai homogeneoekin aztertzea. Gogoeta zabalago bat behar dela ohartarazi du, hala ere.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia egin zuen atzo elkartearen zuzendariak, Alberto Barandiaranek. Datutan azaldu zuen zein den sektorearen egoera: erdarazko hedabideetakoek baino %55 soldata eskasagoa dute herri ekimeneko euskarazko hedabideetako langileek; aurrekontuetan batez beste %23ko pisua dute laguntza publikoek; Jaurlaritzak publizitatearen %2 eskas jartzen du euskarazko hedabide horietan.

Iazko diru laguntzen deialdiak eragindako gorabeheren ostean, proposamen bat bidali dio Jaurlaritzari Hekimen elkarteak. Bost adituri txostenak eskatu zizkien: Josu Amezagari (EHU), Eneko Bidegaini (Mondragon Unibertsitatea), Estitxu Garairi (EHU), Xabier Landabideari (Deustuko Unibertsitatea) eta Yosu Iurramendiri (EHU). Kazetaritza, publizitate, estatistika eta soziolinguistikako adituak dira. Irismena kontzeptua argitu egin behar dela adierazi dute, «lehiaketa gutxieneko bermeekin egingo dela ziurtatzeko».

Zenbat eta nola

Barandiaranek azaldu duenez, laguntzak emateko «irizpide kuantitatiboak» erabili zituen Jaurlaritzak: hedabidearen esparruan zenbat euskaldun dagoen eta zenbatengana heldu den komunikabide bakoitza. Hekimenek eskatu du aintzat hartzeko «alderdi kualitatiboa» ere: «Ez soilik zenbat iristen den; nola iristen den ere bai». Izaera bateko eta besteko hedabideak multzo berean sartu ditu Eusko Jaurlaritzak. Barandiaranek ohartarazi du komunikabide guztiek ez dutela publiko potentzial bera: ez dela berdin herriko aldizkaria edo kazeta nazionala, informazio orokorreko aldizkaria edo agerkari zientifikoa.

Irismena neurtzeko modua ere aztertu dute adituek. Horri lotuta bi eskari egin ditu Hekimenek. Batetik, kontsumitzaile kopurua ez ezik, aintzat hartzea maiztasuna ere: zenbatean behin kontsumitzen den. Guztiak denbora tarte beraren arabera neurtzea jo du egokien; adibidez, astero zenbat kontsumitzaile dituen bakoitzak. Bestetik, aldagai homogeneoekin neurtzea eta puntuatzea irismena.

Barandiaranek aitortu du Jaurlaritzak duela irizpideak zehazteko eskumena. «Baina, aldaketaren tamaina ikusita, eztabaida behar zen». Orain egindako proposamenak kontuan hartzea galdegin dio elkarteak gobernuari.

Aurrekontu txikiena

Irizpide aldaketak eragin handiagoa izan du hedabideetarako diru sailak bere horretan segitzen duelako: «Poltsa aurreko urteetako bera da, eta gero eta gehiagoren artean banatu behar da». Areago, Barandiaranen esanetan, jaitsieratzat jo behar da diru saila bere horretan egotea, Jaurlaritzaren aurrekontu orokorra handiagoa baita. «Euskarazko hedabideen alorra garrantzia galtzen ari da». Joera bat azaldu du: aurrekontu orokorra igotzean, euskarakoa ez da hein berean igo; orokorra jaistean, gehiago jaitsi da euskarakoa. Aurtengoa aspaldiko aurrekontu apalena da Hegoalde osoa hartuta.

Laguntzen inguruan «gogoeta zabalagoa» eskatu du hedabideen elkarteak. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ematen dituen diru laguntzak egiturari begirakoak izan beharko liratekeela uste du: «Egun hedabideen sektoreak dauzkan kostuen portzentaje adostu bat estaltzera jo beharko lukete». Horren ondoren beste aldagai batzuk neurtuko lituzkete —«irismena, berrikuntza, kalitatea edo errentagarritasun soziala»; Behategian ari dira aztertzen—. Laguntzen egitura aldatuko litzateke. «Horrek beste ahalegin bat eskatzen du; ahalegin ekonomikoa ere bai».

Gogoeta gainerako erakundeetara ere zabaldu behar dela uste du Barandiaranek. Euskarazko hedabideentzako diru laguntza deialdiak egiten dituzte aldundiek ere —oso maila ezberdinean: Gipuzkoan nabarmen gehiago besteetan baino—. «Irizpideak batu beharko lirateke diru laguntza politikari begira. Hedabide batzuk deialdi guztietara aurkez daitezke, eta beste batzuk, ez».

Jaurlaritzarekin elkarrizketa irekita du elkartea. Hor du itxaropena, «diagnosia egin eta laguntza politika berri bat abiatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.