Presoen alde mobilizatzera deitu dute Ernai eta Aitzinako gazteek

Ehunka gaztek babestu dute Kalera Kalera dinamika. EPPKren eztabaidaren harira, «mobilizazio ziklo berri bat hasteko konpromisoa» agertu dute preso ohiek Kaleragunean

Aitzina eta Ernai gazte antolakundeek deituta, ehunka gazte elkartu ziren, atzo, preso ohiek Usurbilen jarritako Kaleragunean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2016ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
«Zuekin gaude, denok etxean izan arteko borrokan; zuekin gaude, independentzia erdiesteko borrokan; zuekin gaude, askatasunaren aldeko bidean». Mezu hori eraman dute Usurbilgo (Gipuzkoa) Kaleragunera 400 gazte inguruk, Ernai eta Aitzina gazte antolakundeen deiari erantzunez. Hala, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko zuzendaritzak presoen eztabaidarako txostena jakinarazi ondoren, haien «izaera politikoa» nabarmendu nahi izan dute gazteek, eta babesa agertu diote preso ohiek hasitako Kalera Kalera dinamikari.

Julen Larrinaga eta Begoña Uzkudun euskal preso ohien hitzaldiaren ondoren egin zuten agerraldia, atzo, Ernaiko eta Aitzinako gazteek. Haietako batzuek salatu zutenez, Guardia Zibilak errepideko kontroletan geratu zituen Usurbilera bidean; Etzegaraten (Gipuzkoa), esaterako. «Preso politikoak dira, gatazka politiko baten ondorio direlako», nabarmendu zuten agerraldian, Gazteok zuekin. Amnistia. Independentzia leloa eta EPPKren ikurra zeramatzan pankarta bat atzean zutela. Ildo beretik, independentzia, sozialismoa eta feminismoa aldarrikatu zituzten, eta gogora ekarri preso eta iheslariak alboan nahi dituztela bide horretan: «Ez da konponbiderik egongo euskal preso eta iheslari politiko guztiak, etxean, kalean borrokan, gurekin izan arte».

Giza katea urtarrilaren 6an

Frantziako eta Espainiako gobernuen «gerra estrategia» ere kritikatu zuten gazteek. Altsasuko (Nafarroa) gazteen auzia eta Luhusoko (Lapurdi) polizia operazioa adibide jarrita, Paris eta Madril «jarrera immobilista» izan ondotik orain «jarrera oztopatzailea» dutela salatu zuten, gazteei mobilizaziorako deia egitearekin batera: «Denak kalean izan arte, denok kalera».

Urtarrilaren 14an izango da mobilizazio horietako bat, Sarek antolatutakoa. Azken urteetako gisan, manifestazioa izango da Bilbon, eta parte hartzeko deia egin zuten atzo Ernaik eta Aitzinak. Kalera Kalera dinamikak prestatutakoa atzo aipatutako beste mobilizazioa. Juan Mari Olano eta Oihana Garmendia preso ohiek iragarri zutenez, giza katea egingo dute Donostian; Haizearen Orrazia eta Alderdi Eder jendez lotzea da asmoa, bakoitzak kandela bana eskuan daramala:«askatasunaren argia». 18:30ean hasiko da giza katea, eta 19:00etan egingo dute ekitaldia, Kontxako Erlojuen gunean.

«Mobilizazio ziklo berri bati hasiera emateko konpromisoa» hartu zuten hala Kalera Kalera dinamikako preso ohiek, Olanok azaldu zuenez: «Bereziki deitu nahi ditugu azken 40 urteotan amnistiaren eta askatasunaren alde borroka egin duten pertsona guztiak». EPPK-ko zuzendaritzak eztabaidarako txostenean jasotako bideak —legedia erabiliz banakako eskaerak egiteko ildoa «eraginkor» bihurtu nahi dute— herritar denen «inplikazioa» eta «herri akordioa» eskatzen dituela nabarmendu zuen preso ohiak, sindikatuak, erakundeak eta eragile sozial eta politikoak aipatuta: «Ibilbide honek arrakasta izan dezan, derrigorrezkoa izango da herri gisa jardutea. Izan ere, indar harremana izango baita gakoa».

Espainiako eta Frantziako gobernuen «blokeoa, immobilismoa eta mendekua» ere salatu zituzten, eta bat egin zuten EPPK-ko zuzendaritzak txostenean aipatutako «marra gorriekin»—bi dira: «damua eta salaketa»—. «Ebidenteak dira», esan zuten: «Geure egiten ditugu».

Zazpi gazte, Parisen atxilo

EPPKren eztabaidari babesa agertzeko eta espetxe politika salatzeko kateatu ziren Madrilen eta Parisen Ernaiko eta Aitzinako kideak, eta Frantziako Justizia Jauregian protesta egin zuten zazpi gazteak atxilotuta dituzte oraindik. Aitzina antolakundeak atzo goizean jakinarazi zuenez, atxiloaldia luzatu diete beste 24 orduz. Gaur igaro behar lukete, beraz, auzitegitik; handik pasatu gabe libre uztea da beste aukera.

Erabaki horren berri izan ondoren, asteartean egin bezala, dozenaka lagunek protesta egin zuten gazteak askatzeko eskatuz. Baionako herriko etxearen aurrean egin zuten elkarretaratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.