Beñat Arrabit izanen da hizkuntza politikaren buru Euskal Elkargoan

Batzorde Eragilearen lehenengo bilkura egin dute Baionan lehendakariorde eta kontseilari ordezkariek; eskumenen banaketa zehaztu dute. Zentro-eskuineko kideak dira nagusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko otsailak 15
Lanean hastea besterik ez zaio falta Euskal Elkargoari. Otsailaren 4an lehendakariordeak izendatu eta Batzorde Iraunkorra osatu ondotik, atzo egin zuten Batzorde Eragileko lehen bilkura Baionan. Eskumenak nola banatuko dituzten argitara eman zuten, baita sail bakoitzaren ardura nork hartuko duen ere.

Zabaldu zuten organigramaren arabera, zeharkako lau ordezkaritza izanen dira. Beñat Arrabit EAJko kide eta Arrosako auzapeza izanen da hizkuntza politikaren arduraduna; Kotte Ezenarro Hendaiako PSko auzapeza Mugaz gaindikoaz arduratuko da; bere esku izanen dira ere Portuak eta Arrantza —Baionako portuaren eskumena Akitania Berriak du oraindik—. Martine Bisauta Baionako axuanta Trantsizio ekologiko eta energetikoaz arduratuko da, eta Hiri aglomerazioa ere bere gain izanen da; Battitt Laborde Sarako auzapezak Mendialdeaz arduratu beharko du.

Hiru adar nagusi izanen ditu Euskal Elkargoak: Lurralde antolaketa, Ekonomia, eta Ura, kostaldea eta natur inguruneak. Hiru adar horien barnean, lehendakariorde eta kontseilari ordezkarien artean banatu dituzte sailak. Hala, Roland Irigoien Mugerreko auzapezaren kargu izanen da Lurzoruaren estrategiak eta jarduerak, eta Interes komunitarioko operazioak kudeatzea; Mixel Etxebeste Mauleko auzapeza Ekonomia eta lurralde garapenaren kargu eginen da, eta Daniel Olzomendi Izurako auzapeza eta EH Baiko kidea Turismoa, Natura eta Ondarearen kargu; Kostaldea, itsasbazterra eta natur inguruneak Emmanuel Alzuri Bidarteko auzapezaren esku gelditu dira. Azkenik, kultur arloa Bruno Karrere Uztaritzeko auzapez eta EH Baiko kidearen gain izanen da, eta Gizarte ekintza eta Haurtzaroa Beñat Cachenaut Iholdiko auzapezaren gain.

Orekaren bila

Ez du lan makala izan Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak karguak eta sailak banatzeko orduan. Oreka politikoa eta geografikoa bilatzeaz gain, bakoitzaren egoek bultzatutako botere borrokak ere kudeatu behar izan ditu. Besteak beste, Baionako herriko kontseiluko barne gatazkek baldintzatu dute. Horrek esplikatzen du Martine Bisautak eta Sylvie Durrutik lehendakaritzaorde postu bana lortu izana, eta Ezenarro gabe gelditzea.

Alderdiei so hasiz gero, EH Bai eta Errepublikanoak alderdiek dute ordezkari gehien: launa kide. PS, UDI, EAJ, eta Modemek kide bana dute —hautetsi anitz, etiketarik gabe aurkeztu izan dira orain arte—. Funtsean, zentro-eskuinekoak dira nagusi Batzorde Eragilean; orotara, bost kide dira abertzale etiketa publikoki onesten dutenak.

Euskal Elkargoak trantsizio ekologiko eta energetikoaz arduratuko den sail bat izateak «poztu» duela jakinarazi zuen atzo Bizi mugimenduak, eta konfiantza erakutsi zuen, gainera, alorrerako hautatu den pertsonarengan: Bisauta. Gai horietaz «ardura eta konpetentzia» duen hautetsia dela azpimarratu zuen. «Argi uzten dute desafio klimatiko, energetiko eta ekologikoak iduri dutela serioski kontuan hartuak direla», esan zuten. Hala ere, «adi» egonen direla abisatu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna