Ordubeteko amesgaiztoa

Uholdeek kalte handiak sortu dituzte Muxikan, Oka eta Eleizalde ibaiek gainezka egin baitzuten euriteekin. Ezustean harrapatu zituen euriak, oharrik ez zuten eta
Langileak, atzo, lantegitik ura ateratzeko lanetan, Muxikan. Lantegietan, saltokietan eta etxeetan sartu zitzaien ura.
Langileak, atzo, lantegitik ura ateratzeko lanetan, Muxikan. Lantegietan, saltokietan eta etxeetan sartu zitzaien ura. MIGUEL TOÑA / EFE

Asier Arrate Iruskieta -

2018ko urtarrilak 13
«Ez genuen ezer egiteko astirik izan». Farmazian izandako kalteak aztertzen ari da Leopoldo Ladron, Muxikako Kurtzero auzoan (Bizkaia). Kalte handiak izan ditu. Ohartu zenerako, gerrialderaino iritsia zuen ura herenegun iluntzean. Ez hark bakarrik. Galtzada tabernako jabea, Consuelo Sanchez, bezeroak agurtu, eta ozta-ozta igo zen goiko solairura ura sartu aurretik. Eurite handia izan zuten herenegun arratsean, eta kalteak zenbatzeko eta txukuntzeko eguna izan zuten atzokoa.

Euriteak ezustean harrapatu zituen herritarrak eta larrialdietako zerbitzuak. Metro koadroko 26 litro pilatu ziren ordubetean. Bizkaiko zenbait tokitan gainezka egin zuten ibaiek. Zauriturik ez zuten eragin, baina bai kalte material handiak: handienak, Muxikan. Oka eta Eleizalde ibaiek gainezka egin zuten, eta biek bat egiten duten tokian, Kurtzero auzoan, metro batera iritsi zen uraren garaiera. Etxeetan, jatetxeetan eta lantegietan sartu zitzaien ura.

Ez zuten abisurik jaso. Kexu da alkatea, Aitor Goldaraz. Azaldu du bat-bateko uriolek ezustean harrapatu zituztela: «Ordu erdiko kontua izan zen, eta ezustean harrapatu gintuen. Ura abiadura eta indar handiarekin zetorren». Iragarpen faltari buruzko salaketaren inguruan, Euskalmetek adierazi du ezinezkoa dela halako gertakariak aurreikustea.

Azkar hazi zen ibaia. «Zazpiak bueltan euri piloa hasi zuen; halako batean aparkalekura begiratu, eta gainezka zegoela ikusi nuen», kontatu du Iskander Izardui bizilagunak. «Badaezpada autoa handik ateratzea erabaki nuen». Izarduik lortu zuen ibilgailua ateratzea, baina beste askok ez zuten aukerarik izan. Atzo goizean hogei bat auto zeuden mugitu ezinik aparkalekuan. «Suhiltzaileak txalupa batean gerturatu behar izan ziren; soilik furgoneten goiko parteak ikusten ziren».

Garbiketa lanak luzerako

Etengabe igotzen zen ura, Izarduiren esanetan. Etxeko horman ageri da arrastoa. «Hogei zentimetro baino ez da sartu etxean. Ahal den neurrian ondo gaude. Beste leku batzuetan ezin dute gauza bera esan». Metro batzuk harago, Edurne Zalloetxebarria zegoen atzo goizean, bere jatetxearen atarian, gertatutakoa sinetsi ezinik. «Gau osoa pasatu dugu garbitzen, eta horretan segitzen dugu», adierazi zuen. «Ikustekoa zen goizeko panorama: sukaldeko traste eta jenero guztia uretan igerian».

Ibaiak bidera itzuli ziren herenegun gauerako, baina uholdeek utzitako arrastoa atzo goizean geratu zen agerian: ura, lokatza, zikinkeria. Bizilagunak goizetik aritu ziren garbiketa lanetan. Suhiltzaileen laguntza ere behar izan zuten lurpeko aparkalekuetatik ura ateratzeko. Alkateak goraipatu egin du muxikarren eskuzabaltasuna: hainbat lagunek jardun zuten goiz osoan lanean. Auzoko lantegi bakarrean, adibidez, langileak zebiltzan garbitze lanetan. «Galdutako lanegunak izango dira, baina ez dugu beste aukerarik: ahal den neurrian lagundu lantegia ahalik eta azkarren martxan jartzeko», esplikatu zuen Ramon Jauregik.

Batera eta bestera begiratu, negozioetara eta etxeetara, lan asko zegoen egiteko: garbitu, hondatutakoa aldatu, puskatutakoa berriz erosi, muntatu, antolatu... «Eguna galdu dugu, eta hurrengo astea ere bai», ohartarazi zuen Ladronek farmaziako biltegitik.

Errepidean arazo handiak sortu zituen herenegun gaueko euriteak. BI-635 errepideak gurutzatzen du Muxika, eta, ur putzuen ondorioz, ibilgailuen zirkulazioa aldatu behar izan zuten. Zenbait auto ur azpian geratu ziren. Urpean geratu zen autoetako batean zihoan, hain justu, Ander Urzaa. «Aurreko autoari segika, errepidean zegoen putzua gurutzatu, eta geldirik geratu ginen», azaldu du. «Une batez beldurtu egin ginen, urak indar itzela zekarrelako». Bizilagunek lagundu zieten ibilgailutik irteten.

Herenegun gaueko sustoa pasatuta, ahal zuten guztia garbitzeko eguna izan zuten atzo Muxikan. Aseguru etxeena izango da hurrengo pausoa: perituen zain daude orain. «Ikusi behar da zer hondatu den, zer bota behar den eta zer berreskura daitekeen», azaldu zuen Mari Tere Bilbao herritarrak. Naturak eragindako kalteak izan direnez, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren esku geratu da kalte-ordainak ematea. Beste lan bat izango dute hor, Ladron farmazialariak ohartarazi duenez: «Garbitzea nahiko ez, eta orain aseguru etxeekin borrokatu beharko dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna