Biktimak ez babestea egotzi diote sexu erasoen aurkako legeari

Frantziako Asanblea Nazionalean aztertu dute lege proposamena. Biktima diren haurrak babestea bazen hasierako ideia, helburutik urrun gelditzen dela salatu dute kontrakoek

Baionako besten karietara hedatu afixa bat, bortxaketa krimen bat dela eta bortxatzaileak hamabost urteko zigorra arriskatzen duela dioena. M.A TXOPERENA IRIBARREN.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
«Zakil lodi bat haur txiki baten ipurdi zuloan edota baginan sartzea bortxaketa bat da, berez. Hala izan beharko luke. Ez litzateke hasi beharrik ere azalpenak ematen, haurrak nahi izan ote duen galdezka». Hitz horiek Emmanuelle Pietenak dira, bortxaketaren kontrako kolektibo feministako medikuarenak, Europe 1 irratian emanak atzo goizean.

Begi bistakoa dirudien hori ez du baitezpada babesten Frantziako Gobernuak eraso sexista eta sexualen kontra aurkeztutako lege proposamenak. Hala deritzo Pietenek; Frantziako Estatuko diputatuak Asanblea Nazionalean legea aztertzen ari zirela egin zituen adierazpen horiek. Karrikako eta Internet bidezko jazarpena legez zigortzea bada legearen xedeetako bat, eraso sexualen auzitegietako erantzunetan da bereziki eztabaida finkatu. Gaizki ulertze eta interpretazio desbideratuen artean. Baita gehiengoa osatzen duten Martxan diputatuen artean ere, txio batetik bestera, elkarren artean nahigabe kontrajarriz. Pieten adierazpenak, berriz, gordinak eta argiak. Korapiloen arteketatik jokoan dagoenaz ez dadin izan gaizki ulertzerik. Haurrak biktima beharko lukeela izan gogoratzeko. Eta normalki ez litzatekeela biktimari galdegin behar bere ahultasuna frogatzerik.

Baina konkretuan alderantzizkoa gertatzen baita. Bi auzitegitan joan den larrazkenean izandako erabakiak dira adibide. Bata, Paris iparraldeko Pontoiseko ministerio publikoarena. «Sexu kalteak» egiteagatik auzipetu zuen 28 urteko gizon bat. Biktimak 11 urte zituen. Sexu kaltea, eta ez bortxaketa. Haurra ez zuela behartu. Bigarren auzian ere biktimak 11 urte zituen. Paris iparraldeko Seine-et-Marneko krimen auzitegiak 28 urteko erasotzailea hobengabetu zuen. Ez zelako izan «behartzerik» hor ere. Eta, preseski, hori izan zen lege proiektu honen abiapuntua hasieran. Behartze kontu hori saihesteko, sexu harremanetarako «onespenik ezaren presuntzioa» 15 urte baino gutxiago dituzten adingabeentzat. Hori legean sartzea, ez dadin gehiago dudarik sortu.

Baina azkenean ez da hala izanen. Nahiz dena ez den trenkatua. Legearen azterketa gaur goizaldeko ordu txikietan bururatzekoa zuten. Bozketa ofiziala maiatzaren 22an dute egitekoa diputatuek. Gero, Senatura joanen da legea, eta uda baino lehen bozkatuko dute behin betiko bertsioa.

Baina kasik segur da ez dela sartuko. Frantziako Estatuko Kontseiluak ez du onartu «onespenik ezaren presuntzioa». Defentsaren eskubideen errespetuaren izenean. Bere burua defendatu behar duenaren zailtasunak nabarmendu ditu Kontseiluak; konstituzioaren aurka doala; hobengabetasun presuntzioa dela funtsezkoena.

«Betiko beldurrak». Horrela analizatu du erabaki hori Jean-Pierre Rosenczveig magistratuak. Paris iparraldeko Bobignyko haurren auzitegiko zuzendaria izana da luzaz. «Eztabaida batean jartzen delarik alde batean haurren eskubidea eta bestean helduen eskubidea, beti helduen eskubideak du gaina hartzen. Arrangura nagusietako bat da hobengabeak diren gizonen zigortzeko beldurra. Menturazko erasotzailearen lekuan jartzen gara—batzuetan hobengabea dena, bai—, baina ez gara nehoiz jartzen biktimen lekuan». Magazine de la Sante emankizunean egin zituen adierazpen horiek.

Sexu kalteak, eta ez erasoak

Kontua da onespenean datzala kalteen eta erasoen arteko ezberdintasuna. Sexu harremanetarako onespenik ez izateko, frogatu behar da indarkeria izan dela, edo behartze bat, mehatxua edo sorpresa. Hortik sortu ohi dira arazoak auzitegietan. Eta hori ere ez du arras aldatuko lege berriak.

Onespenik eza horrela ordezkatu nahi du legeak 15 urte baino gutxiago dituen adingabe baten kasuan. «Ekintza sexual» bat egitean, bortxaketa ala eraso sexuala definitzen duen «behartze morala edo fisikoa, edo sorpresa biktimaren ezjakintasunari lotzea». Ekintza hori «onartzeko beharrezkoa den zentzua eta heldutasunik eza abusua» izan daiteke. Baina horrekin ere, epaileek erraten ahalko dute biktimak onartutako harreman bat izan dela, legearen aurkakoen arabera.

Legeari egin beste kritika nagusietako bat da bortxaketak delitu gisa epaitzeko arriskua areagotzea. Berez bortxaketa krimen bat dela dio Frantziako legeak. Izan daitekeen arau hausterik larriena. Krimen auzitegietan epaitzen dena. Sexu kaltea, berriz, delitua da, delituen auzitegietara doana.

Lege berriak, berriz, bortxaketa saihestu, eta sarketa bat duen sexu-kalte delituko zigorrak gogortzea proposatzen du, bost urteko presondegi zigorretik hamar urtera pasatuz, baina delitu bihurtuz. Kontrakoek diote bortxaketa delitu bihurtuz hura gutxiesten dela. Aldekoek pragmatismoz begiratzea galdetzen dute. Gaur egun, adingabe gisa bortxatua izateagatik jarri salaketen artean, %60ri ez zaie segidarik ematen. Eta gelditzen diren %40en artean, erdiak delitu gisa dira epaituak, eta ez krimen gisa. Zinezko arazoa baliabide eskasia dela, hori diote legea gaitzesten dutenek. «Bortxaketaren kultura» aldatzea dela jokoan. Hezkuntzan ere badela zer egin.

Adibide argi bat gertatu zen, hain zuzen, Asanblea Nazionalean bertan, atzo. Jean Lassalle Baxenabarre, Zuberoa eta Biarnoko zati bateko diputatuak hitza hartu zuen, «zurrumurruei kasu ez egiteko» eskatzeko. Eraso sexual eta sexistak egiteaz akusatua da. Inolako gaitzespenik gabe, bere burua defendatzen aritu zen lasai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.