Bilboko tren saihesbidea lurpetik pasatzea proposatu du Jaurlaritzak

Bilbo hegoaldeko tren saihesbiderako ibilbide berria aurkeztu dio Espainiako Gobernuari. Hamabi kilometroan, Kadagua ibaiko zubibidean soilik igaroko litzateke lur azaletik

Bilboko tren saihesbidea lurpetik pasatzea proposatu du Jaurlaritzak.
Ibai Maruri Bilbao.
Barakaldo
2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Ortuellatik (Bizkaia) Bilbora, lur azpitik pasatuko da Bilbo hegoaldeko tren saihesbidearen lehen fasea, salbuespen batekin: Kadagua ibaiaren ibarra 300 metro luze izango den zubibide batetik zeharkatuko du, Barakaldo eta Bilbo arteko mugan. Asmo hori du, behintzat, Eusko Jaurlaritzak, atzo jakinarazi zuenez, eta hala proposatu dio Espainiako Gobernuari. Modu horretan, Sustapen Ministerioak 2015ean aurkeztutako proiektuak Barakaldoko Errekatxo auzoan sortuko lituzken kalteak saihestu nahi ditu.

Ortuellatik Barakaldoraino aurreikusitako zazpi kilometroko tunela Kadagua ibaira arte luzatuko da. Hortaz, hamar kilometro ditu proiektu berrian. Dena den, Errekatxon, 100 metroko zatian, tunela faltsua izango da, Castaños ibaiaren inguruko harkaitzengatik, ezin baita beherago zulatu. Kadaguako zubibidea igarota, berriro ere lurpera itzuliko da, Bilbon. BI-636 eta BI-634 errepideen, A-8 autobidearen eta San Mamesko sarbideen azpitik igaroko da, eta Olabeagan bukatuko. Guztira, hamabi kilometroko trenbidea izango da.

Jaurlaritzaren proposamenak badu beste berritasun bat. Espainiako Gobernuak aurkeztu zuen proiektuak burdinbide bakarra aurreikusi zuen. Jaurlaritzaren honetan, ordea, burdinbide bi izango dira. 461 milioi euroren aurrekontua izango du, BEZa barne. 2020 bukaeran edo 2021 hasieran abiatuko dira lanak, eta lau urte iraungo dute. Gero, Jaurlaritzak bigarren fasearen azterketa txostena egingo du, saihesbidea Basauriraino luzatuko duen zatiarena. Azterketa horrek hiru milioiren aurrekontua izango du.

Jaurlaritzak duela aste batzuk bidali zion lehen faserako proposamena Iñigo de la Serna Sustapen ministro ohiari. Orain, Jose Luis Abalos ministro berriaren esku dago. Gehienez urtebeteren buruan jaso behar luke Sustapen eta Trantsizio Ekologikorako ministerioen baietza. Ondoren, Madrilek alegazio epe bat irekiko luke, behin betiko proiektua zehaztu aurretik. Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuorde Antonio Aizek ez du uste gobernu berriak trabarik jarriko duenik.

Bilboko Portutik irteten diren merkantzia trenak Renferen aldiri trenen C1 eta C2 lineetan garraiatzen dira gaur egun. Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldo herriguneetatik zeharkatzen dituzte. Santurtzin, parkea erdibitzen du. Batez beste, hogei bidaia egiten dituzte egunero: 100.000 edukiontzi eta 800.000 tona salerosgai garraiatzen dituzte. Sailburuordeak esan du kopuru hori handitu egingo dela datozen urteetan. Trenak lur azaletik igarotzeak beti du eragina segurtasunean; oraingo honetan, salerosgai asko arriskutsuak dira. Saihesbideak bi helburu ditu: merkantzia tren horiek herrietatik ateratzea eta C1 eta C2 lineak soilik bidaiarientzat izatea.

Espainiako Gobernuak saihesbidearentzako hiru alternatiba aurkeztu zituen 2015ean. Lehena: Ortuellan bertan, Serantesko tuneletik gertu, Renferen aldiri trenen C2 burdinbidearekin bat egin, eta, Barakaldotik Bilbora, salgaiak C1 linearen bidez eramatea. Bigarrena: C2 linearekin ekialdera egitea lotura, Trapagaranen. Hirugarrena: Serantesko tunela Bilboko Olabeaga auzoarekin lotzea, Ezkerraldearen hegoaldetik eraikitako trenbide berri batekin. Espainiako Gobernua hirugarrenaren aldekoa zen. Baita Jaurlaritza ere. Iaz, akordio bat itundu zuten bien artean: azpiegitura Espainiako Gobernuarena da; Jaurlaritzak hartuko du obrak egiteko ardura; eta inbertsioa kupo bidez berreskuratuko du.

Onurak bidaiarientzat

Proiektuak zer esana sortu zuen aurkeztu zenean. «Euskadirentzat ona da, baina basakeria bat iruditu zitzaidan ministerioak diseinatutako ibilbidea», gogoratu zuen atzo Barakaldoko alkate Amaia del Campok. «Herrian dugun birika bakarra hondatuko zuen». Aizek atzo aurkeztu zion Madrilera bidali duten alternatiba. Ondoren, elkarrekin eman zituzten azalpenak hedabideen aurrean. Arratsaldean, alkateak herriko eragileei azaldu zien.

Bilboko Portuari zer-nolako mesedea egingo dion azpimarratu du sailburuordeak: «Europarekin lotuko du, eta AHTaren parte izango da, Kantauri aldeko lasterbidean». Era berean, Ezkerraldeko trenbideei «etorkizun berria» irekiko diela ohartarazi du. Aldiri trenen trenbideak berritu ahal izango direla esan du. Are gehiago, Bilbo Metropoliko Lurralde Plan Partzialak 2005ean jasotako Ezkerraldeko tranbia egin ahal izango dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.