Albistea entzun

Oroimen osoa, gertuago

Memoriaren Eguneko ekitaldi guztietan ez dira biktima guztiak gogoratu, eta alderdi guztiak ez dira izan denetan.

Baina EAJ, Bildu, PSE eta PP elkartu dira horietako zenbaitetan
Legebiltzarrak egindako ekitaldia. PSEko Jose Antonio Pastor, EH Bilduko Unai Urruzuno eta EAJko Iñigo Iturrate, besteak beste.
Legebiltzarrak egindako ekitaldia. PSEko Jose Antonio Pastor, EH Bilduko Unai Urruzuno eta EAJko Iñigo Iturrate, besteak beste. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2014ko azaroak 11

Osatuagoa izan da aurtengo Memoriaren Eguna. Elkarrengandik gertuago egon dira alderdi gehienetako ordezkariak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan biktimen alde egin diren ekitaldietan. Baina ez dira erabat bateratuak izan. Ez, behintzat, kasu guztietan. Gatazkak eragindako biktima guztien aitorpena egin den bilkura gehienetan PPko ordezkariak faltatu dira. ETAren biktimak soilik omendu dituztenetan, EH Bildukoak.

Memoriaren Eguneko ekitaldi nagusia Eusko Legebiltzarrak antolatutakoa zen. Gainontzeko bilkurak bezala, laburra izan da, eta lore eskaintza batekin oroitu dituzte biktimak: legebiltzarraren sarreran biktimen oroimenerako dagoen eskulturaren aurrean, arrosa zuriak jarri dituzte Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, sailburuek eta legebiltzarkideek, isilean. Agur Jaunak kantaren doinuekin aitortu dituzte biktima guztiak, eta bertaratutakoen txaloekin amaitu dute ekitaldia.

Eusko Jaurlaritzak eta lehendakariak ez dute berariaz beste ekitaldirik antolatu, «batasun itxura» eman nahian. Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, «interpretazio subjektiboak eta ekitaldi paraleloak» saihestu nahi zituzten horrela.

PP eta UPD ez beste guztiak

Baina legebiltzarraren ekitaldiak ez du lortu bilatutako batasun irudi hori. PPren eta UPDren ordezkariek ez parte hartzea erabaki dute. Omena ETAk eragindako biktimei soilik egitea nahi zuten bi alderdi horietako kideek, eta ez zaie gustatu beste indarkeria batzuek eragindakoak ere aintzat hartzea, direla GALek eragindakoak, direla polizien gehiegikeriek eragindakoak. Legebiltzarrari Memoriaren Egunaren izaera galbidera eramatea egotzi, eta ez dira ekitaldira joan.

Gainontzeko alderdietako ordezkariak izan dira omenaldian: EAJkoak, EH Bildukoak eta PSE-EEkoak. Baita Jonan Fernandez Bake eta Elkarbizitzarako Zuzendaritzako idazkari nagusia eta Monika Hernando Biktima eta Giza Eskubideen zuzendaria ere, besteak beste.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Donostiako Udalak ere lore eskaintza batekin gogoratu dute Memoriaren Eguna. Biktima guztiak izan dituzte gogoan ekitaldi horietan, eta PP ez beste alderdi guztietako kideak izan dira Alderdi Ederren, biktimei eskainia dagoen monolitoaren aurrean eta Batzar Nagusien egoitzaren aurrean. Bilduk adierazi du guztien parte hartzea sustatzeko lelorik gabeko ekitaldia antolatu duela, eta PPk esan du «sekula» ez duela onartuko «bizia galdu duten guztiak maila berean jartzea».

Bilbon eta Gasteizen alderdi guztietako zinegotzi eta batzarkideak elkartu dira. Bilboko Udalak Kasilda parkean antolatu duen eskaintzan alderdi guztietako zinegotziek eta batzarkideek parte hartu dute. Baita Arabako Batzar Nagusiek antolatu duten ekitaldian ere. Agintari jeltzaleek antolatutako omenaldia izan da lehenengoa, eta popularrek deitutakoa bigarrena. Bietan aitortu dira biktima guztiak, eta bietan egon dira EAJko, PPko, Bilduko eta PSEko ordezkariak.

Udal txikiagoetan ere bai

Hainbat herritako udalek ere antolatu dituzte biktimak oroitzeko isiluneak, eta erantzuna ez da bera izan leku guztietan; ezta herrialde bereko herrietan ere. Bizkaian, esaterako, Ortuellako udal talde guztien babesarekin egin diete aitorpena biktima denei; EAJko, PSEko eta Bilduko zinegotzien parte hartzearekin. Elkarrekin kaleratu duten adierazpen instituzionalean, gainera, bakegintzarako, elkarbizitzarako eta biktima guztien aitorpenerako konpromisoa hartu dute. Lan horretan saiatuko dela eta hartarako topaguneak sortzeko aukera aztertzen ari dela jakinarazi du bozeramaileen batzordeak.

Barakaldon, Portugaleten eta Getxon, berriz, Bildu ekitaldietatik kanpo geratu da. Lehen bi herrietan ETAren biktimak izan dira oroitu diren bakarrak. Alfonso Garcia Barakaldoko alkate sozialistak, gainera, ETAren aurrean ez lasaitzeko eskatu du: «Zuzenbide estatuak garaitu egin duen arren, oraindik ez da desegin». Beste gertaera «onartezin» batzuk ere izan direla adierazi du, halere. Torturak, gerra zikina eta GAL aipatu ditu. «Baina hemen terrorea ETAk eragin du batez ere».

Getxoko Udalari biktimen mailaketa egitea egotzi dio Bilduk. Alkate jeltzalearekin elkarlanean jarduten saiatu dela dio, baina udala bazterkeriaz aritu dela.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Zelaia eta Barbado, Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteak atxilotu dituzte Gasteizen

Unai Etxenausia

Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian atxiki dituzte, eta jendearen babes zabala jaso dute

Euskal Hirigune Elkargoak atzo bilera egin zuen Baionan. ©PATXI BELTZAIZ

«Madrilen euskaraz egin daiteke, eta Baionan ez», salatu dute elkargoan

Ekhi Erremundegi Beloki

Frantziako Estatuari gehiago eskatzeko agindu du Xabi Thikoipe Bil Gaiten taldeko hautetsiak, Euskal Hirigune Elkargoaren bileran

Iñigo Urkullu, atzo, Bilbon, Nueva Economia foroan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Irudi katastrofista» hauspotzen dutenak kritikatu ditu Urkulluk

Gotzon Hermosilla

«Laino beltzez betetako Euskadi baten ideia» sustatzen dutenek «onura politikoa» lortu nahi dutela salatu du lehendakariak hitzaldi batean
Zaballako espetxea, artxiboko argazki batean. / ©Raul Bogajo, Foku

Bi urte pasatu dira Jaurlaritzak espetxe politika bere gain hartu zuenetik

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeetan 1.577 pertsona daude preso. Jaurlaritzak esan du azken bi urteotan «euskal espetxe eredua» garatzea baldintzatu dutela azpiegituren «gabeziek».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.