Formula desberdinak

Podemosek Gasteizko bozetan alderdi instrumental bat erabiliko du, Iruñean elkarte bat, Bilbon koalizio bat.

Donostian, deus ez
IbaiZabal Bilboko plataformako kideak, joan den larunbatean egindako batzarrean.
IbaiZabal Bilboko plataformako kideak, joan den larunbatean egindako batzarrean. BERRIA

Enekoitz Esnaola -

2015eko martxoak 5
Podemosek duela hilabete batzuk erabaki zuen aurtengo maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan ez zela aurkeztuko alderdiaren markarekin. Baina ez zion uko egin beste formula batzuen bidez parte hartzeari. Hego Euskal Herriko hiriburuetan aukera desberdinak erabiliko ditu.

Gasteizen alderdi «instrumental» bat sortu dute udal bozetan izateko: Hemen Gaude Sumando (Batzen). Fernando Iglesias Arabako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak atzo prentsaurreko batean esan zuen hautagaitzaren programak ia osorik jasoko duela Podemosen pentsamoldea. Alderdiko buruak ez dira zerrendan izango, eta Podemosen izena emanda ez dauden herritarrek aukera edukiko dute hautagai izateko. «Apustu irabaztailea» da Hemen Gaude Sumando, Iglesiasen esanetan, eta ez badira garaile, prest egongo dira beste indar batzuekin gobernu akordioak egiteko.

Bilbon oso litekeena da koalizio baten barruan joatea Ahal Dugu, BERRIAk jakin duenez, edo, bestela, eragile batzuekin alderdi instrumental bat sortzea. Hainbat herritarrek IbaiZabal plataforma eratu dute, mugimendu aurrerakoiak batzeko asmoz. Bilboko Ahal Dugu-k ondo ikusten du, eta, hangoez ez, Ezker Anitza-IUko, Equoko eta Alternativa Republicanako ordezkariak IbaiZabalek larunbatean egindako batzar batean izan ziren —urrian hiru alderdiok koalizio bat sortu zutela iragarri zuten—. Baliteke pare bat astera plataformak egintzat jotzea bat egitea; ondoren jakinaraziko du bozetarako formula.

Iruñean Ahal Dugu-ko kideek eta hainbat herritarrek hautesle elkarte bat eratu dute: Aranzadi. Joan den larunbatean hartu zuten erabakia, batzar batean. «Iruñean gobernatu duen kasta udaletik kentzea da xedea», esan dute. Maiatzeko udal hauteskundeetan hautesle elkartea aurkezteko, hiru mila sinatzaile behar dituzte.

Donostian Ahal Dugu-k ez du hautesle elkarterik sustatuko. Ez da, halaber, azken orduko mugimendurik ezean, Ezker Anitzaren-eta koalizioaren barruan sartuko, ez duelako haien helburuekin bat egiten, Hannot Sansinenea Donostiako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak duela aste batzuk adierazi zuenez. Hark urte hasieran kargua hartu berritan lehentasuna eman zion alderdia hiri mailan antolatzeari eta gizarte eragileekin biltzen hasteari. «Sortu berriak gara, eta harropuzkeria litzateke proposamenak egiten hastea».%61eko babesa jaso zuen idazkari nagusi izateko.

Hainbat herritan —handienetan—, hautesle elkarteak sortu dituzte, edo bidean dira, eta hil honen bukaeran beharrezko sinadurak biltzeari ekingo diote.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna