PPrekin hitzarturiko akordioa goraipatu du Andoni Ortuzarrek

Horri esker «Euskadi gehiago» dela esan du EBBko presidenteak. EAJren urteurrenaren ekitaldian, alderdi jeltzalearen bidea «urratsez urrats» joatea dela esan du Ortuzarrek

Andoni Ortuzar EAJren burua, Bilboko Albia lorategietan egindako ekitaldian, atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Atzo bezalako egun batez, 1895eko uztailaren 31n, Eusko Alderdi Jeltzalea sortu zuten Sabino eta Luis Arana Goiri anaiek. Geroztik, San Inazio eguna izan da EAJk urteurrena ospatzeko aukeraturikoa, eta, aurten, alderdia sortu zenetik 122 urte bete direlarik, ohiko lore eskaintza eta omenaldiez gain, EAJren EBB Euskadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek aukera baliatu du PPrekin hitzarturiko akordioa goraipatzeko.

Ortuzarrek gogoratu du duela urtebete, EAJren 121. urteurrena ospatu zutenean, bi eginkizun jarri zizkiotela euren buruari: krisi ekonomikoa gainditzen hastea, eta irailean egitekoak ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ «onik» irtetea. Ortuzarren ustez, esan daiteke «helburua beterik» dagoela bi arlo horiei dagokienez. «Hauteskunde haietatik ondo atera ginen, eta, egun, inguruko askok miretsi eta nahiko luketen instituzio egonkortasuna du gure herriak, eta gure ekonomiak berpizten ari delako zantzu ukaezinak ditu», azaldu du EBBko presidenteak.

Balantze horretan berebiziko garrantzia du, Ortuzarren aburuz, PPrekin hitzarturiko akordioak, eta hura goretsi du EAJren buruzagi, hautetsi eta kideen aurrean. Horri esker «Euskadi gaur duela hamabi hilabete baino gehiago» dela esan du.

Hori frogatzeko, akordioari esker lorturiko «gauza handiak» zerrendatu ditu Ortuzarrek: «Kontzertu ekonomikoa babestea, kupo bidezkoa ordaintzea, merezi ditugun trenak izatea, gure enpresak argindarraren prezioarekin zigortuta ez egotea, Lemoiz berreskuratzea, eta Ertzaintza Europan konektatuta egotea eta benetako Polizia integrala izatea» erdietsi dutela esan du Ortuzarrek.

Zenbait indar politikok akordioa kritikatu dutela gogorarazi du alderdi jeltzaleko buruak. «Hor konpon; haiek jakingo dute zeintzuk diren euren lehentasunak», esan du, eta erantsi du «pankartaren atzean oihu egiten besterik ez dakitenek» ez dituztela akordioaren edukiak kritikatu, «gaur egun Moncloan dagoenarekin negoziatu izana» baizik. «Badirudi Moncloan bata edo bestea egoteak gehiago arduratzen dituela gure herriaren interesek eta euskal herritarren ongizateak baino».

Oso bestelakoa da EAJren xedea, Ortuzarren arabera. «Euskadi da gure helburu eta goiburu bakarra», esan du. «Horretarako bizi gara, euskal nazioa eraikitzeko. Horretan aritu gara beti, baita azken hilabeteetan ere».

Udako abestia

Uda honetan oso ezagun bilakatzen ari den abesti baten hitzak—Luis Fonsiren Despacito: «Suave, suavecito, pasito a pasito»— gogora ekarri ditu Ortuzarrek, azaltzeko horixe dela EAJren bidea: «Astiro-astiro, urratsez urrats joan, zuhur, arduraz eta oinak lurrean ditugula». Horren arabera, EAJren eredua «Euskadirentzat gauzak ekartzea» da, «autogobernua indartzea, herri gisa gero eta independenteagoak izateko; Madrilen gero eta erabaki gutxiago har ditzaten, eta gero eta gehiago hemen».

EAJko presidenteak gazteei ere dei egin die «lanari lotzeko», eta esan die horretarako prest daudenek «zabal-zabalik» izango dituztela EAJren ateak.

Hitzaldiaren aurretik, omenaldia egin diote alderdi jeltzalearen sortzaile Sabino Aranari, Bilboko Albia lorategietan duen irudiaren aurrean. Ohorezko aurreskuaren eta lore eskaintzaren ostean, Euzko Abendaren Ereserkia abestu dute han bildutakoek.

Ekitaldian EAJren buruzagi, hautetsi eta kide ezagun ugarikparte hartu dute. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria han izan da, Andoni Ortuzar EBBko presidentearekin batera lore eskaintza egiten, eta beste jeltzale ugari ere bai: Josu Erkoreka, Pedro Azpiazu eta Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako kideak, Aitor Esteban Espainiako Kongresuko diputatua, Sabino Arana fundazioko presidente Juan Maria Atutxa, Juan Maria Aburto Bilboko alkatea, Gorka Urtaran Gasteizkoa eta abar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.