Memoria historikoaren erakunde publikoa sortu dute Nafarroan

Oroimen historikoari buruzko politika publikoak «koordinatzea eta indartzea» izanen da Memoriaren Nafarroako Institutuaren xedea. Liburutegi espezializatu bat eta dokumentazio gune bat izanen ditu

Ana Ollo eta Alvaro Baraibar, atzo, Memoriaren Nafarroako Institutuaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Oroimen historikoa gorde; ondare dokumentala, ahozkoa eta ikus-entzunezkoa zaindu; biktimek egia jakiteko duten eskubideari erantzun; memoria ezagutzera eman, eta ondorengo belaunaldiei helarazi. Horiek dira, hitz gutxitan, Memoriaren Nafarroako Institutuaren lan ildo nagusiak. Atzo aurkeztu zuten erakunde berria Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusi Alvaro Baraibarrek.

Institutuak memoriari lotutako politika publiko guztiak koordinatuko ditu, Baraibarrek zuzentzen duen departamentuaren barruan. «Funtsezko tresna izanen da gizarte zuzenagoa, etikoagoa eta demokratikoagoa eraikitzen lagunduko duten politika publikoak bultzatzeko», azaldu zuen Ollok.

Bi esparru kronologikotan banatu dute Memoriaren Nafarroako Institutuaren jarduna: batetik, 1936ko kolpe militarrari eta diktadurari lotutakoak ikertuko ditu; eta bestetik, 1960tik aurrerako «gertuko» memoria: «Hor kokatu ditugu ETAren indarkeria, eta baita motibazio politikoko indarkeria ere, eskuin muturreko taldeena nahiz estatuko funtzionarioek eginikoa».

Kontseilariak esan zuen Nafarroako gobernuak «lan handia» egin duela arlo horietan, baina beharrezkotzat jo zuen autokritika: «Memoriaren berreskuratze lanetan berandu gabiltza, legealdi honetan hasi baikara; ondorioz, testigantza asko galdu egin dira, eta gelditzen zaizkigun lekuko zuzenek 80 urtetik gora dituzte».

Hala ere, ontzat jo zuen azken hiru urteotako lana. Besteak beste, nabarmendu egin zituen Aranzadi zientzia elkartearekin eta NUPeko Memoria Historikoaren Funts Dokumentalarekin sinatutako lankidetza hitzarmenak, DNA bankuaren sorrera, ikur frankistak eraikinetatik kentzeko lanak eta lehen nahiz bigarren hezkuntzako ikastetxeetan sustatutako formakuntza programak. Horri guztiari segida emanen dio Memoriaren Nafarroako Institutuak: «Egitasmo berria bat dator aldaketaren gobernuak 2015ean hartu zituen konpromisoekin eta itun programatikoarekin».

Helburu horiek betetzeko bidean, bi azpiegitura berri zabalduko dituzte aurki: oroimen historikoan espezializatutako liburutegi publikoa eta Memoriaren Dokumentazio Gunea. Bi horiei buruzko informazioa eman zuen Alvaro Baraibarrek atzoko aurkezpen ekitaldian.

Liburutegia «datozen asteetan» zabalduko dute. Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarean integratua egonen da, eta memoria historikoaren nahiz gatazka armatuen esparruko liburuak eta ikus-entzunezko materiala bilduko ditu. Oraingoz, 500 liburuki dauzka ikusgai, baina bilduma zabaltzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak.

Dokumentazio gunea, berriz, biktimen testigantza zuzenak jasotzeaz, grabatzeaz eta digitalizatzeaz arduratuko da, «biktimen kontakizuna iraunarazteko xedez». Dagoeneko, ehun bat testigantzarekin eta digitalizatutako ehunka argitalpen, argazki nahiz fitxategirekin osatu dute bilduma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.