Dantza perfektu baten gisan

'Rosetta' espaziontzia kometa baten orbitan da abuztutik; orain, 'Philae' zunda kometan jartzea lortu dute ESAko adituek.Zazpi orduko operazioa izan da, maniobra konplexuduna

Rosetta espaziontziak atzo Philae zundari, askatu eta gero, kometara bidean zihoala ateratako argazki bat. EFE.
arantxa iraola
2014ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
«Philae-k hitz egin digu: kometara iritsi da... Kometaren gainazalean dago». Atzo arratsaldean —17:05 pasatxo ziren—, Rosetta misioko arduradun Stephen Ulamec-ek ezin zuen emozioa ezkutatu, bera izan baitzen Philae zundarekin egin zuten operazioko taldeko burua. Abuztuaren 6tik, hamar urteko bidaia luze baten ostean Rosetta espaziontzia kometa baten orbitan jartzea lortu zutenetik, izarren hautsa ukitzea zuten helburu, espaziontziaren Philae zunda kometan ainguratzea: eta atzo lortu zuten. Esana zuten zaila izango zela, aski operazio konplexua zela, baina espaziontzitik askatu eta zazpi ordura, dantza perfektu baten amaiera balitz bezala, kometan zen zunda.

Hotsandiko adierazpen ugari plazaratu ziren atzo lorpena goratzeko. «Urrats handi bat da giza zibilizazioarentzat», esan zuen Europako Espazio Agentzia ESAko buru Jean Jacques Dordainek. Bat dator Eureka zientzia museoko planetarioko burua, Miren Millet (1969, Donostia): «Benetan historikoa da ikusten ari garena». Izan ere, irudikatzen ere zail da operazioa bera. Oso urrun izan delako: Lurretik 510 milioi kilometrora. Eta imajinatzen zail delako Lurretik hain aparteko leku batean zer gertatzen den: Rosetta, esaterako, Eguzkira bidean orduko 55.000 kilometrora doan kometa baten orbitan dago. Gainera, orografia aski zaileko kometa bat da, arrakalaz josia. Beraz, urruntasun gaitza, abiada eskerga eta orografia zitala; hiru zailtasunak aintzat hartuta lan egin behar zen: inoiz egin gabeko lan bat.

«Kontrol eta zehaztasun handia eskatzen duen lan bat da», azaldu du Milletek. Lau kilometroko diametroa du kometak, eta, gainazal arrakalatsuagatik, zail izan zen ESAko adituentzat hura kometaratzeko leku bat hautatzea. Ez zen batere erraza izan J puntua hautatzea —gero, lehiaketa baten ostean, Agilkia izena ipini zioten—. Baina, aditzera eman dutenez, hantxe dago Philae. Onartu dute arazoren batzuk izan direla zunda kometari atxikitzeko aingurekin, baina ez dela hori arazo atzera bueltarik gabea; izan ere, torlojuak ere baditu gainazalarekin lotzeko, eta horiek ondo ari dira. Grabitatea oso ahula da kometan, eta beharrezkoak dira.

Misioa giltzarri izango da kometei buruzko informazio inoiz eskuratu gabea helarazteko Lurrera. Astronomiako adituek sarri nabarmendu dute informazio zinetan berritzailea ekarri duela jada misioak, eta oraingo urratsarekin are osoagoa izango dela. «Hain hurbileko informaziorik ez dugu izan orain arte. Badakigu kometak izotz bolak direla, arroka eta hautsekin nahastuak; baina hain hurbileko informaziorik ez dugu inoiz izan orain arte», onartu du Milletek. «Izan ere, orain zuzenean jaso ahalko ditugu kometaren laginak, eta horrek emango du informazio garrantzitsua galdera asko erantzuteko». Baieztatzeko dago nondik heldu zen Lurrera ura —bizitzaren jatorria—, baina teoria aski zabaldua da espaziotik heldu zela, kometaren batek ekarrita, eta alde horretatik ere misioak ekarpen handia egin dezakeela nabarmendu dute ikertzaile askok. Bat dator Millet: «Ea hurbiltzen garen gehiago teoria horren baieztapenera; zuzeneko behaketek informazio handia emango digute horretarako».

11 gailu ikerketarako

Izan ere, Philae zunda osorik dago pentsatuta ikerketak egiteko eta Lurrera informazioa igortzeko —98 kilo ditu; garbigailu baten tamaina—. Atzo hasi zen beharrean: hurbildu ahala, kometaren argazkiak bidaltzen jardun zuen. 11 gailu zientifiko ditu, doitasun handikoak guztiak, orain hamar urte espaziora igorri zutenean zegoen teknologia aurreratuenaren erakusgarri: argazkiak ateratzeko kamerak, kometaren nukleoa aztertzeko uhinak, gainazala zulatu eta aztertzeko tresnak, astroaren dentsitatea, tenperatura eta beste hainbat aldagai ikertzeko sentsoreak...

Eguzkira bidean doa orain kometa. Haren bidean segituko dute Rosetta-k eta Philae-k. Ahal duten arte. Ikusi beharko da gailuetan zer-nolako eragina duten Eguzkira hurbildu ahala astroan izaten diren aldaketek —«hasi da, esaterako, ur zorrotadak-eta isurtzen», azaldu du Milletek—. «Ez dakigu zein izango den eboluzioa; ezin da aurreikusi». Igandean ateak irekitzeko eguna izango dute Eurekan, eta aztertuko dituzten gaietako bat odisea hau izango da, munduko beste bazter askotan bezalaxe. Zientziaren eta teknologiaren gaitasunaren azken erakusgarria: mugarri bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.