Aldundiak auzitara jo du, Bidegik egin gabeko obra batzuk pagatu zituela eta

Kereila aurkeztu du Bidegiko buru ohi baten eta eraikuntza enpresa bateko bi kideren kontra.

Salaketak dio Bidegik 3,4 milioi ordaindu zituela egin gabeko lanen truke.

AP-1 autobidekoak dira iruzurrak
AP-1 autobidea, zirkulaziorako ireki aurretik. Gainkostu handiak izan zituen obrak.
AP-1 autobidea, zirkulaziorako ireki aurretik. Gainkostu handiak izan zituen obrak. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Garikoitz Goikoetxea -

2014ko azaroak 22
Irregulartasun gehiago salatu ditu Gipuzkoako Diputazioak Bidegin. Errepideak kudeatzeko ardura du sozietate horrek, eta, aldundiaren arabera, dirua oker erabili zuten aurreko legealdian. Kasua 2011koa da, eta AP-1 autobideko lanei dagokie. Diputazioaren arabera, eraikitzaile batzuekin kontratua sinatu zuten lanak egiteko, eta ordaindu ere bai, baina orain egiaztatu dute egin gabe daudela lanak. Hiru pertsonaren aurka jo du diputazioak: Bidegiren arduradun ohia da bat, eta beste biak, eraikuntza enpresetako ordezkariak dira. Bi delituren erantzuletzat jotzen ditu diputazioak: diru publikoa bidegabe erabiltzea eta dokumentuak faltsutzea. Egin gabeko lanengatik 3,4 milioi ordaindu zituztela salatu du aldundiak.

Gipuzkoako Aldundiak lehen ere salatu izan ditu Bidegiren kudeaketako irregulartasunak: Bidelan enpresarekin egindako kontratua kaltegarri zela, emandako zerbitzuak baino gehiago ordaintzen zituelakoan Bidegik —ituna egin zuten prezioa jaisteko—; Bidegiren zorra kudeatzeko bankuekin akordioa egin ondoren 42 lagun bazkaritara joan zirela, eta diru publikotik 6.200 euro gastatu...

Baina gainkostuen auzia da salaketa nagusia, dirutan pisu handiena duena. Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren txosten bat hartu zuen oinarritzat aldundiak; haren arabera, espero baino %52 gastu handiagoa eragin zuten AP-1 autobideko lanek. Areago, errepide batzuk eraikitzeko lanetan irregulartasun batzuk ere izan zirela ohartarazi zuen kontu auzitegiak.

Kudeaketa EAJren esku zegoen garai hartan. Aurreko legealdikoak dira gorabeherak: Markel Olano zen ahaldun nagusia, eta Eneko Goia Bide Azpiegituretarako diputatua. Biak hautagai izango dira hurrengo hauteskundeetan: Olano, diputaziorako, eta Goia, Donostiako Udalerako; litekeena da, beraz, diputazioaren salaketak hauts handia harrotzea. Orain arte, jeltzaleek defendatu izan dute gardena izan zela errepideak eraikitzean izandako jokabidea, eta gainkostuak izatea normala dela Gipuzkoan, orografiagatik arazoak sortzen zaizkielako obretan —luizi handiak izan zituzten—.

Diputazioaren salaketak jasotzen duenez, ordea, ezustekoek bakarrik ez, egin gabeko obrek ere eragin zioten gastua Bidegiri. Aldundiak atzo eman zuen kereilaren berri, nahiz eta diputatuen kontseiluak hilaren 11ko bileran onartu zuen auzitara jotzea. Ustezko irregulartasunak 2011n eginak dira, Bildu foru gobernura iritsi aurretxokoak: igaroak ziren bozak, eta gobernua aldatzeko astebete falta zela egin zituzten AP-1 autobideko gastuen ordainketak.

Beste obra baten haritik

Hiru urte baino gehiago joan dira, baina diputazioak dio orain izan dutela irregulartasunen berri, beste obra batzuen harira. Deskargako obretako lur soberakinak nora eraman aztertzen hasi ziren urte hasieran, eta aukeren artean Basagoitiko biltegia atera zen; AP-1 autobideko lanetarako erabilia zuten. Likidazioko paperen arabera, ia betea zegoen biltegia: %99,78. Azterketa egin zuten, hala ere, lur gehiago eramatea posible ote zen ikusteko, eta orduan azaleratu zuten agirietan adierazi baino lur gutxiago zegoela. Otsaila zen. Aldundiak azaldu du ikerketa gehiago eskatu zituela hori baieztatzeko, eta azkenak berretsi duela: esandakoa baino lur gutxiago dago. Kasik erdia falta da.

Biltegian uste baino lur gutxiago egiaztatuta, beste bi alor ere aztertu ditu diputazioak: ziurtatu adina lur atera ote zuten obretatik eta Basagoitiko biltegia behar bezala erabili ote zuten. Irregulartasunak salatu dituzte horietan ere.

Ardurak bi aldeei egotzi dizkiete: Bidegiko arduradunei eta eraikuntza enpresari. Zehazki noren aurkako salaketak diren ez du zehaztu diputazioak. Hiru pertsona direla azaldu du, eta haiek sinatu zituztela «azken ziurtagiriak»; hots, zenbateko lur kantitateak erabili zituzten. Aurreko agintaldian Bidegin arduradun izana da horietako bat —zuzendari nagusia, Borja Jauregi, ez; uztailean hil zen—. Beste biak enpresa eraikitzaileko arduradunak dira: bat, enpresaren buru jarduten zuena, eta bestea, obraren arduraduna.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna