Aro baten azkena

Legez kanporatutako ezker abertzaleko alderdietan aritutako kideen aurkako azken epaiketa hasiko da gaur, zortzi urte geroago.35 lagun daude auzipetuta, eta 10na urteko zigorrak eskatu dituzte

Auzipetuak, atzo, Gasteizko Gamarran,Madrilera abiatu aurretik. JUANAN RUIZ / ARP.
jokin sagarzazu
2015eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Zortzi urte luze pasatu dira jada haietako gehienak atxilotu zituztela. Orain, martxora arte aritu beharko dute Madrilerako joan-etorrian, auziak beste norabiderik hartzen ez badu, behintzat. Baltasar Garzon epaileak abiatu zuenetik gaurdaino, Euskal Herriko egoera politika goitik behera aldatu duten gertakarien erdian gauzatu da 04/08 sumarioa. Ezker abertzalearen legeztatzea, ETAren jardunaren amaiera... Eta antzeko beste epaiketa batzuk ere egon dira tartean. Hain justu, legez kanporatutako ezker abertzaleko alderdien aurkako azkenengo zigor prozedura izango da honako hau. Kasu honetan, EHAK eta ANV alderdietan aritutako batzuk epaituko dituzte ETArekin lotura dutelakoan.

Epaiketa hasiera goraberatsua ere izan du auziak. Aurtengo urtarrilaren 13an abiatu behar zuen, baina egun horretan, 35 auzipetuetatik 19 defentsarik gabe geratu ziren. Madrilen zirela, haien defentsaz arduratu behar zuten hiru abokatu atxilotu zituzten han, euskal gatazkarekin loturiko auzietan aritzen diren abokatuen aurka eginiko polizia operazio handi baten barruan. Horregatik atzeratu behar izan dute epaiketaren hasiera, bitan. Eta gaur ekingo diote berriz.

GARZON, BERRIZ ATZEAN

2005ean hasi eta 2008ra arteko epea hartzen du 04/08 sumarioak, eta, denera, 36 lagun daude auzipetuta. Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina, 35 epaituko dituzte. 36.ena, Hasier Arraiz, legebiltzarkidea izanik, foruduna da, eta EAEko Auzitegi Nagusiari dagokio hura epaitzea. Kasu horretan, ahozko epaiketarako data noiz jarri falta da.

Sumarioa Baltasar Garzonek ireki zuen 2005ean, Auzitegi Nazionaleko epaile zela —egun epailetzatik kanporatuta dago—. Batasuna alderdia legez kanporatu eta jarraian hasi zuen ikerketa, baina hiru urte itxaron zuen atxilotze auto baten bidez ezagutarazteko. ETAk Loiolako bake prozesua amaitutzat eman eta lau hilabetera egin zuen hori.

Hego Euskal Herriko hainbat erakundetan ordezkaritza zuten EHAK —Eusko Legebiltzarrean— eta ANV —batzar nagusi eta udal batzuetan— alderdien jarduna eten eta hainbat kide bide penaletik zigortzeko bidea ireki zuen epaileak. Gerora, Auzitegi Gorenak legez kanporatu zituen alderdi horiek, Alderdien Legea aplikatuz, bide administratibotik.

Funtsean, ezker abertzalearen egitura politikoa desegiteko eta bertako kideak zigortzeko epaile berak eginiko bigarren saioa izan zen. Aurrena izan zen 05/35 sumarioa edo herriko tabernena. Horren ondorioz eten zuen Garzonek Batasunaren jarduna; kasu horretan ere, Auzitegi Gorenari aurre hartuz. Denboran azkenekoa izan zen 56/09 sumarioa edo Bateragune auzia.

EHAK eta ANVko kideen aurkako auziari herri hizkeran Segurakoa ere deitu izan zaio, 2007ko urriaren 4an Gipuzkoako herri horretan egindako polizia operazioan atxilotu zituztelako auzipetuetako asko. Legez kanporatuta zegoen Batasunaren Mahai Nazionala berriz osatzen saiatzea leporatuta, 23 lagun atzeman zituen Poliziak, bilera batean zeudela edo hara bidean zirela; hurrengo asteetan beste hainbeste atxilotu zituzten edo deklaratzera deitu zituzten.

TESIA, ETA GERO FROGAK

Hamarna urteko espetxe zigorra eta denbora bereko inhabilitazioa galdegin du fiskaltzak auzipetu bakoitzarentzat. Fiskaltzak leporatzen die ETAri laguntza ematea, eta, horrenbestez, ETAko kide izatea. Akusazioaren oinarria da Garzon epaileak hainbat sumariotan erabili duen «desdoblamenduaren» tesia. Kasu honetan ere, fiskaltzak auzipetuei leporatzen die ETAren fronte instituzionalekoak izatea, Batasuna, EHAK edo ANV alderdietako kide izateagatik. Batasuna ez beste bi alderdiak legezkoak ziren epaileak sumarioa abiatu zuenean. Fiskaltzaren izenean arituko dira Vicente Gonzalez Mota eta Jose Perals. Fiskaltzaren akusazio eta zigor eskaera bera egin dute herri akusazioa ordezkatzen duten AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek.

Akusazio idatzietan froga gisa azaltzen dira, besteak beste, orduko eztabaida politikoan mahai gainean zeuden gaiei buruzko agerraldi eta adierazpen publikoak egitea (Loiolako bake prozesuari buruzkoak, hauteskundeei buruzkoak, AHTa...), bilerak egitea —zertaz aritzeko zehaztu gabe—, edota orduan legezkoak ziren bi alderdiko kide izatea edota haientzat lan egitea; kasu horretan ere, legearen barruan. Froga gisa aurkezten diren egitate horiek guztiak oinarrizko eskubideak direla azpimarratu dute defentsek, eta horiek ez dutela erakusten auzipetuen eta ETAren arteko loturarik.

AURREKARIAK

Helburu berarekin, beste sumario baten instrukzioa egin zuen aurretik Garzonek: 35/02 sumarioa edo Herriko tabernen auzia. 1998tik 2005era arteko epea hartzen du horrek. Auzi hori epaituta dago jada. 2014ko udan ezagutarazitako epaian, 34 auzipetuetatik 20k urte batetik hiru urte arteko zigorrak jaso dituzte.

Haien aurka sei eta hamabi urte arteko zigorrak eskatuak zituen fiskaltzak, baina horiek jaisteko defentsak eginiko eskaera aintzat hartu zuen, sumarioak auzipetuei «luzamendu bidegabea» eragin ziela onartuta. Gaur hasiko den epaiketako auzipetuei akusazio bera egiten die fiskaltzak eta antzeko frogak erabiltzen ditu; epaiketa hasi aurretik, 10na urtekoa da espetxe zigor eskaera.

Hirugarren auzi bat ere abiatu zuen epaile berak helburu berarekin. Denboran azkenekoa —eta epaitzen aurrenekoa— izan zen 56/09 sumarioa edo Bateragune auzia. Horrek, ezker abertzalearen jardunaren 2009-2010ekoepea hartzen du. Hori ere epaitua dago, eta amaitu du Espainiako auzitegietan egin dezakeen bidea. Bost eta sei urte arteko zigorrak jaso zituzten auzipetuek —Auzitegi Nazionalak ezarritakoak jaitsi zituen Gorenak— eta horietako bi preso daude oraindik ere: Arnaldo Otegi (martxoaren 28rako dauka irteera data) eta Rafa Diez (data ez dute jakinarazi oraindik).

Tartean, beste auzi bat ere badago: Askatasuna eta D3M alderdietan aritutako kide batzuen aurkakoa. Orain epaituko duten sumarioaren barruan koka daiteke auzi hori, baina Garzonek berariaz bereiztu zituen biak, bi alderdi horiek parte hartu ez zezaten 2009ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan. Epaitutako 11 kideak absolbitu zituzten 2012ko ekainean. Auzitegi Nazionaleko Manuela Fernandez Prado eta Ramon Saez Valcarcel epaileek ebatzi zuten auzipetuak ETArekin lotzeko frogarik ez zegoela eta Garzonen tesia irauli zuten.

MILITANTZIA ZELATATUA

Egun, 04/08 sumarioko auzipetu denak aske daude, baina baldintzapean. Polizia operazio horietan atzemandako 27 lagun kartzelan egon dira, behin-behinean preso eta, batez beste, bi urte eginda. 6.000 eta 70.000 mila euro arteko bermeak ere ordaindu dituzte. Halaber, auzipetuetako batzuk auzian ikertutako diru kontuak blokeatuak dituzte, eta auzitegiaren baimenik gabe ezin dute Espainiako Estatuaren mugetatik irten. Horrez gain, beste oinarrizko eskubide batzuk baldintzatuak dituzte. «Batasunak antolatutako» bilera, manifestazio, jendaurreko ekitaldietara ezin dira joan, eta ezin dute parte hartu Batasunaren «antzeko» koalizio edo alderdi politikoetan. Baldintza horiek ez dituztela bete argudiatuta, elkarte batzuek Espainiako Gobernuari eskatu diote auzipetuetako batzuen aurkako edota Sortu legez kanporatzeko ekinbideak abiatzeko.

EPAIMAHAI BURUARI ADI

Epaimahaia osatzen dute Zigor Salako 2. Sekzioko hiru epailek. Concepcion Espejel, Julio de Diego eta Jose Ricardo de Prada magistratuek. Aurreneko biak ildo kontserbadorekoak dira, eta hirugarrena progresistakoa; Espejel izango da epaimahaiburua —bera da Sekzioko presidentea— eta De Prada izango da ponentea.

Sekzio berak epaitu zuen Herriko tabernen auzia. Epaimahai hartatik magistratu bakarrak errepikatuko du: Julio de Diegok. Kasu horretan bi epailek, De Diego horietako bat, auzipetuak zigortzearen alde egin zuten eta hirugarrenak, Clara Bayarrik, absoluzioaren alde. Sekzio horretan ohikok dira boto partikularrak; De Pradarenak, bereziki, baina baita Bayarrirenak ere. Haiek, baina, gutxiengoan egon ohi dira epaimahaietan eta sekzioan.

Espejel sekzio burua, berriz, ezaguna da Espainiako botere judizialean. Kontseilu nagusiko kide ohia da, eta PPk proposatuta aritu zen han, iazko irailera arte. Berriki, eta Sekzioko presidentegisa, nabarmendu da euskal presoei bereziki eragin dien auzi garrantzitsu batean: Frantzian preso eginiko urteak Espainiako Estatuak ezarritako zigorretan kontuan hartzea eskatzen duen Europako zuzentarauaren auzian, alegia. Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Lehen Sekzioak zuzentaraua baldintzarik gabe indarrean jartzearen alde egin zuen —Santiago Arrospide eta Alberto Plazaola libre utziz—, eta aurka Espejelek zuzentzen duena.

Preso gaixoen kasuetan ere nabarmendu da Espejel. Gaixo larri zegoen Iosu Uribetxebarria baldintzapean aske uztea erabaki zuten Jose Ricardo de Pradak eta Clara Bayarrik. Espejelek, aldiz, boto partikularra kaleratu zuen; Uribetxebarria espetxeratzearen aldekoa, alegia. Epaile hori izan zen, hain justu, gaixotasun larriagatik baldintzapean aske zegoen Ibon Iparragirre presoa berriz espetxeratzeko agindu zuena.

187.250 EURO, 28 EGUN

Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen (Madril) duen egoitzan burutuko da epaiketa. Denera 28 saio daude aurreikusita. Urtea amaitu aurretik, zazpi. Martxoaren 7rako dago jarrita azken saioa. Auzipetuek beraiek jakinarazitako zifren arabera, epaiketak, denera, 187. 250 euroko kostua izango du. 5.350 euro auzipetu bakoitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.