Txantxangorria, euskararen ikur

Euskararen erabilera bultzatzeko kanpaina berria aurkeztu dute Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako erakundeek.Euskaraz mintzatzeko «gonbidapena» egin asmo diete herritarrei

Euskararen erabilera bultzatzeko kanpaina berria atzo aurkeztu zuten erakundeetako eta hainbat enpresa eta taldetako ordezkariek. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2016ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Txori txiki baten irudia izango du euskararen erabilera bultzatzeko kanpaina berriak: txantxangorriarena. «Maitea izan dugu txantxangorria beti. Txikia eta hauskorra da». Euskararen egoeraren iruditzat hartu dute txantxangorria, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi duenez. «Txoria bizirik eta hegan» ikustea, euskara indarberritzea du xede kanpaina berriak. Horretarako giltzarria erabilera dela ohartarazi du Baztarrikak, modu horretan izango dela euskara «bizitzarako hizkuntza bizia». Txantxangorriaren irudiarekin, erabiltzeko «gonbidapena» egin asmo dute.

Eusko Jaurlaritzarekin batera, kanpaina bultzatu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde nagusiek: diputazioek, aldundiek eta Eudel udalen elkarteak. Gizarte eragileak ere bildu dituzte aurkezpenean, babesa agertzeko.

Donostian, San Telmo museoan egin zuten ekitaldi handi batatzo, kanpaina aurkezteko. Instituzioetako ordezkariak eta hainbat enpresa eta elkartetakoak bildu ziren. Hitzak eta poesia izan zituen ardatz ekitaldiak. Hasieran, adibidez, Kirmen Uribek Zaharregia, txikiegia agian poema ezaguna irakurri zuen, euskararen txikitasunari buruzko testua.

«Borondatea» ardatz

Txikitasuna du ezaugarri kanpainak. Mezuari dagokionez, Baztarrikak azaldu du «gonbidapena» dela, euskara gehiago erabiltzea duena xede. «Borondatea» aipatu du, «herritarren gogoa». Kontzeptu hori oraindik orain ere aipatu du Jaurlaritzak hizkuntz politikaren etorkizunari buruzko gogoeta egitean —uste du herritarren «nahia» izango dela «enborra» euskara biziberritzeko—. Hala berretsi du Baztarrikak: «Ez dugu inor behartu nahi. Ez dugu nahi inor inoren gainetik egotea».

Hari horretatik, bizikidetzaren eta berdintasunaren diskurtsoei heldu die. «Bi hizkuntza ofizial ditugu, baina desorekan bizi dira. Berdinkidetasuna eta ekitatea ditugu helburu». Dakitenek erabiltzea eta ulertzen dutenei euskaraz egitea aipatu ditu. «Aukerak ugaritzea» ekarriko bailuke horrek.

Adostasuna eta hitz onak

Gainerako partaideek ere euskararen aldeko hitz onak izan zituzten. «Euskal enpresetan pixkanaka-pixkanaka» aurrera egiten ari dela nabarmendu zuen, adibidez, Confebaskeko presidenteak, Roberto Larrañagak; Jokin Aperribai Realeko presidenteak azaldu zuen bera ere «pausoak» ematen ari dela —euskaraz bazekien umetan, baina ahaztua du—.

Kanpaina erakundeen adostasunez egin dela goraipatu du Cristina Uriarte sailburuak —parte hartu duten instituzio guztietan EAJ dago agintean—. Nahitaezko jo du «adostasun sozial zabala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.