Euriovisionen lorpena: denak ados jartzea

Eurovisionek ikurrina sartu du «espresuki» debekatutako banderen artean, Estatu Islamikoarenarekin batera. Antolatzaileek barkamena eskatu dute, baina ikurrina ezingo da erakutsi jaialdian
Eurovisionerako sarrerak saltzeko webgunean argitaratu dute bandera debekatuen adibide zerrenda. Ikurrina ez ezik, hor dira Estatu Islamikoarena, Kosovokoa, Krimeakoa, Palestinakoa eta Karabakh Garaikoa ere, besteak beste.
Eurovisionerako sarrerak saltzeko webgunean argitaratu dute bandera debekatuen adibide zerrenda. Ikurrina ez ezik, hor dira Estatu Islamikoarena, Kosovokoa, Krimeakoa, Palestinakoa eta Karabakh Garaikoa ere, besteak beste. BERRIA

Gorka Berasategi Otamendi -

2016ko apirilak 30
Eurovision kezkarako motibo bilakatu da euskal politikagintzan. Nazioarteko musika jaialdiak ikurrina sailkatu zuen atzo «espresuki» debekatutako banderen zerrendan; Estatu Islamikoarenarekin (EI), Kosovokoarekin, Krimeakoarekin eta Palestinakoarekin batera, besteak beste. Gaiak Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta alderdi politikoen haserrea eragin du. Hedabideen aurreko adierazpenak, sare sozialetako mezuak, bilera eskariak, harreman diplomatikoak, eskutitzak, telefono deiak izan ziren goiz osoan. Ikurrina zerrenda beltzetik kentzeko hamaika modutara eskatu ondoren, eguerdirako iritsi zen Eurovisionen erantzuna: barkamena eskatu du debekatutako banderen adibide zerrendak «inor mindu badu», baina Suediako jaialdian ezin izango da ikurrinik zabaldu.

Antolatzaileek azaldu dutenez, parte hartzen duten estatuen banderak onartzen ditu bakarrik jaialdiak, eta ez besterik, «aldarri politikoak» saihesteko. «Banderen politika ez da lurralde edo erakundeen kontrakoa, eta, noski, ez dira batak bestearekin alderatzen». Hasierako zerrenda webgunetik erretiratu dute eta, haren ordez, beste batean debekuaren adibideak mantentzen dira —ikurrina barne—, baina EIren bandera bereiziz, «hertsiki» debekatua dagoela argitzeko.

Antolatzaileen erantzuna jaso aurretik, askotariko erreakzioak izan dira. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren iritziz, «negargarria» da ikurrina berariaz debekatutako banderen zerrendan sailkatu izana. Eurovisionek ikurrina zerrendatik kenduko ez balu, Espainiak jaialdian parte hartzeari uko egitea «ez litzateke keinu txarra», Urkulluren esanetan.

EH Bilduk, berriz, «presazko bilera» eskatu dio Suediak Madrilen duen enbaxadoreari. Gertatutakoa«tamalgarria» da Marian Beitialarrangoitia diputatuaren esanetan eta «akats sail baten ondorio» izatea espero du. Herritarrak animatu ditu antolatzaileei zuzenketa eskatzera.

Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiarentzat, «ulertezina eta onartezina» da ikurrina zerrendan sartu izana eta atzera egiteko eskatu dio jaialdiari. «Ikurrina ez da sinbolo kriminala».

Espainiako Gobernua ere kontra agertu da. Jose Manuel Garcia-Margallo atzerri ministroarentzat, onartezina da «euskaldun eta espainiar guztiek maite duten sinboloa Estatu Islamikoarekin batera aurkeztea».

Hari guztiei tiraka

Eurovisionek ikurrina bandera debekatuen zerrendan sailkatu izanak berehala bultzatu ditu alderdi eta erakunde publikoak neurriak hartzera. Eusko Jaurlaritzak harremanak izan ditu Suediak Madrilen duen enbaxadarekin, Kanpo Harremanetarako idazkaritzaren bitartez. Urkulluren gobernuak RTVE Espainiako irrati-telebista publikoko zuzendariari ere deitu dio, kexua helarazi eta Eurovisioko antolatzaileei atzera egiteko eska ziezaion. Urkulluren gobernuak Alfonso Alonso Espainiako Osasun ministroarekin ere hitz egin du.

Espainiako Gobernua eta Jaurlaritza harremanetan izan dira eta Madrilek ere hainbat hari mugitu. Margallo Atzerri ministroak eskaria egin dio RTVEri, Eurovisionen erabakia zuzentzeko exijitu zezan. Horrez gain, Espainiak Estokolmon duen enbaxadorearekin hitz egin du, eta Espainiak Suedian duen enbaxadak jaialdiko antolatzaileei jakinarazi die gobernuaren jarrera.

Bestalde, EAJk ikurrina bandera debekatuen zerrendatik erretiratzeko eskatu dio Europako Kultura kontseilari Tibor Navracsicsi eta Suediak Europako Batasunerako duen enbaxadari. Izaskun Bilbao eurodiputatua harremanetan jarri da Espainiak Europako Batasunerako duen enbaxadorearekin eta Suediak Europako Parlamentuan dituen 20 diputatuei eskutitza idatzi die.

Debekuak debeku, Eurovisionen polemika politikoak ohikoak dira. Iaz, eztabaida piztu zen abesti batek Armeniako genozidioaren salaketa iradokitzen zuela eta. Aurten, Ukrainak 1944ko Krimeako deportazioari buruzko kanta aurkeztu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna