Autonomoak ala autonomikoak

EAEko Ahal Dugu-k autonomia handiagoa eskatuko dio Espainiako zuzendaritzari. Bereziki, gizarte politikekin loturiko proposamenak eramango ditu Madrilera, otsailean egingo duten batzar nagusira
Nagua Alba Iñigo Errejoni erakusten EAEko Ahal Dugu-ren proposamenak, Eibarren, atzo.
Nagua Alba Iñigo Errejoni erakusten EAEko Ahal Dugu-ren proposamenak, Eibarren, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jokin Sagarzazu -

2017ko urtarrilak 21
«Federatua» Espainiako zuzendaritzako egiturara, eta «autonomia handiagoa» erabakiak hartu ahal izateko. Hori, alderdiaren antolakuntza mailan, EAEko Ahal Dugu-k egin duen proposamena, Espainiako Podemosek, otsailean, Madrilgo Vista Alegre zezen plazan egingo duen bere bigarren batzar nagusira begira.

Denera, 30 eskaera eramango ditu Nagua Albaren zuzendaritzak, militanteen «oniritzia» jaso ondoren. Proposamen gehienek gizarte politikekin daukate zerikusia. Aldiz, bakar batek ere ez euskal gatazkaren konponbidearekin. Ez ondorioekin: presoak, armagabetzea, desmilitarizazioa edota biktimak. Eta ezta gako politikoekin ere: erabakitzeko eskubidea, lurraldetasuna eta nortasun kultur ikurrekin, adibidez.

Ahal Dugu-ren zuzendaritzak, bere testuan, aitortu egiten du Espainiaren «izaera plurinazionala», eta, hori aintzat hartuta, autonomia handiagoa eskatzen du beretzako, zenbat eta nola zehaztu gabe. Barrura begira ere, «Euskadiko lurralde errealitate» ordezkatzeko proposamena egiten du, ñabardurarik gabe. Halaber, herritarren batzarrak —zirkuluak— alderdiaren egiturara egokitzeko eskatzen du.

Nafarroako Ahal Dugu-rekiko harremanei dagokienez, berriz, ez du eskatu, ez behintzat bere idazkian, bi egituren artean elkarlanerako esparrurik sortzea, nahiz eta Lander Martinez EAEko Ahal Dugu-ren Antolakuntza idazkariak asteon ETB1en eginiko elkarrizketa batean esan hori eramango dutela Madrilera.

Atzora arteko epea zuten antolakunde autonomikoek euren proposamenak osatzeko; Nafarroakoak ez du egin. Laura Perez idazkari nagusiak, atzo, prentsaurreko batean esan zuen nahiago dutela «alde batera» geratu: «Batasuna bilatu behar dugu, ez zatiketa».

EAEko Ahal Dugu-ren zuzendaritzak ere esana du «neutrala» dela Madrilen lehian izango diren hiru hautagaiekiko. Horietako bat, Iñigo Errejon, Eibarren izan zen atzo, eta ekitaldian parte hartu zuen Albak. Ahal Dugu-ko buruak, baina, ukatu egin du hautagaitza horri babesa emateko ekitaldia izan dela.

Aurkakoa diote EAEko zuzendaritzarekin kritikoek. Aste honetan kaleratutako ohar batean gogoratu dute «Errejonek behartuta» dimititu zuela aurreko zuzendaritzak, Roberto Uriarte buru zuenak, Alba-eta jartzeko. Egungo zuzendaritzakoak Errejonekin daudela azpimarratu dute kritikoek, eta ezbaian jarri dituzte Albaren taldearen proposamen batzuk. «Duela urtebete zentralismoa galdegiten zuten berberek euren burua federalistatzat jotzen dute, eta lehen ukatzen zuten autonomia eskatzen dute orain».

«Deszentralizazio» mailak

Hiru dira Madrilgo batzarrari begira eztabaidarako aurkeztu diren txostenak: Podemosen idazkari nagusi Pablo Iglesiasena, Politika idazkari Iñigo Errejonena, eta antikapitalisten sektoreko buru Miguel Urban eurodiputatuarena. Iglesias eta Errejonen artean dago lehia nagusia. Helburu bera duten arren, hori gauzatzeko moduan dituzte alde handienak. Iglesiasek ezkerreko indarren arteko elkarlanean sakondu nahi du eta gizarte mobilizazioari indarra eman. Errejonek lan instituzionala lehenetsi nahi du, eta ezkerreko sektore klasikoetatik haratago dauden eragile eta herritarrak erakarri.

Planteamendu horiez gain, antolakuntza arloan ere badituzte aldeak. Hiru hautagaiek begi onez ikusten dute alderdiaren «deszentralizazioa», lotzen dute hori Espainiaren izaera «plurinazionalarekin», eta aitortzen dute erabakitzeko eskubidea. Baina ñabardurak daude hori antolakuntzan islatzeko orduan. Iglesiasek zuzendaritza autonomikoei ez die erabateko autonomia aitortzen: Madrilgo zuzendaritzak eskumen eta baliabide batzuk «transferitzea» proposatzen du. «Barne mailako erabakitzeko eskubidea» defendatzen du; bereziki, bozetan nola aurkeztu erabakitzeko orduan.

Errejonek, berriz, erkatu egiten ditu berak proposatzen dituen estatu eredua eta alderdiaren egitura: federala eta konfederala, bi hitzak erabiltzen ditu. Eskumenak transferitzea baino nahiago du «burujabetzak partekatzea». Prest azaldu da estatu mailako zuzendaritzara autonomietako ordezkariak gehitzeko, zuzendaritza autonomikoek aukeratuta. Egun, idazkari nagusiek parte hartzen dute; Errejonek proposatu du beste 40 kide batzea Podemosen Hiritar Kontseilura; egun 62 lagunek osatzen dute.

Urbanek, berriz, nahiago du militanteek aukeratzea kide guztiak. Horrez gain, proposatu du erakunde autonomikoek «izaera juridiko propioa» izatea. Eta, bereziki, zuzendaritza horietako batek hartutako erabakiak independenteak izatea beste batzuek hartutakoengandik, baita Espainiako zuzendaritzarengandik ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna