Euskal komunitatea «munduko plazara» ekartzeko jaio da Batzen

«Asmo handiko proiektu erakargarri eta eraginkorrak» sustatzeko asmoa dute. Prozesu bat abiaraziko dute, «iraganeko balioak» eta «etorkizuneko egitasmoak» identifikatzeko

Iñaki Goirizelaia Batzen-eko zuzendaria, Bilbokoko Euskalduna jauregian, plataformaren aurkezpen ekitaldian, atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Euskal komunitatea «munduko plazara» ekarri. Horixe du xede Batzen izeneko egitasmoak. Eta xedea bezain garrantzitsua da helburu hori nola lortu nahi duten: elkarlanetik, auzolanean, eragile askoren parte hartzearekin «asmo handiko proiektu erakargarri eta eraginkorrak» landuz eta gauzatuz.

Batzen Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamika egitasmoa aurkeztu du horko zuzendari Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohiak, Bilboko Euskalduna jauregia egindako ekitaldian. Egitasmoa ezagutarazteko datozen asteetan erabiliko duten erreminta nagusia ere aurkeztu dute: Elkarrekin-Together dokumentala, bihartik aurrera Euskal Herriko hainbat zinema aretotan ikusgai egongo dena.

Salvador Espriu poeta katalanaren olerki batean oin hartuta azaldu ditu Goirizelaiak Batzen egitasmoaren nondik norakoak: «Ispilu baten aurrean gaudenean gure aurpegia, gure egia osoa ikusten dugula pentsatzen dugu, baina ispilua apurtzen bada eta gutariko bakoitzak zati bat hartzen badu, hor ere gure egia ikusiko dugu, baina perspektiba osoa galduta. Ispiluaren zati bakoitzak egiaren zatia baino ez du islatzen».

«Ispiluaren zati guztiak biltzea» da Batzen-en asmoa. «Horretarako, euskal komunitatean atomizatuta dauden indarrak interes komuneko proiektu erakargarrien inguruan bideratu nahi ditu», esan du, eta zehaztu du euskara, euskal kultura, Euskal Herria eta euskal komunitatea izango direla lehentasunezkoak.

«Euskal komunitatea» subjektu gisa hartzearen arrazoiak ere azaldu ditu Goirizelaiak. «Mundu globalizatu berri honetan, non muga fisiko, ekonomiko eta kulturalak aspaldi gainditu genituen, euskaraz egiten den edozein lurraldetan eta euskal kultura eta nortasuna edozein modutan garatzen ari diren tokietan garatuko dugu egitasmoa». Hortaz, Euskal Herriko hiru administrazio lurraldeetan bizi direnak, euskal diasporako kideak eta «Internet eremuko biztanle digitalak» aintzat hartuko dituzte «Batzen egitasmoko aktore» gisa.

Udara arteko bidea

Goirizelaiak iragarri du, Elkarrekin-Together dokumentalaren proiekzioak baliatuta, prozesu bat abiaraziko dutela herririk herri, datorren urteko udara arte iraungo duena. Asmoa da euskal herritarrak iraganean «eredugarri eta erreferentzia» izan zireneko arloak eta balioak detektatzea, eta etorkizunean antzeko balioak sustatu eta «erakargarri» izan daitezkeen proiektuak proposatzea.

2018an, Iragana, oraina, etorkizuna izeneko jardunaldiak antolatuko dituzte Gasteizen, eta prozesu horren amaiera gisa, udan emaitzen berri emango dute. «Proiektuen zerrenda interesgarria» plazaratzea espero dute, Goirizelaiak esan duenez. «Arnasa luzeko» proiektu horiek garatzeko, erakunde publikoen, elkarte pribatuen eta herritarren laguntza jasotzea espero dute.

Annie Gavica NABO Ameriketako Estatu Batuetako Euskal Elkarteko presidente eta Boiseko (AEB)Euskal Museoko zuzendariak eta Elkarrekin-Together filma AEBetan zabaltzeko ardura izan duen Argia Beristainek ere parte hartu dute ekitaldian. Gavicak esan du «ideia zoragarria» iruditzen zaiola Batzen-ena: «Euskal etxeok lanean ari gara gure presentzia AEBetan eta Kanadan etengabe areagotzeko, eta eginkizun horretan Batzen egitasmoa lagungarri suertatuko zaigu», azaldu du. Beristainek AEBetako ikusleek dokumentalari egin dioten «harrera ona» nabarmendu du.

Ehun lagun inguru egon dira aurkezpenean, gehienak unibertsitate, enpresa, kultura eta gizarte arloko eragileetako ordezkariak. Gure Esku Dago, Ikastolen Elkartea, Kontseilua, Independentistak sarea eta beste zenbait elkartetako kideak izan dira Euskaldunan. Ekitaldia hasi aurretik, bideo batean agertu dira egitasmoarekin bat egiten duten zenbait lagun ezagun: bestak beste, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Pedro Etxenike zientzialaria, GEDeko Anjel Oiarbide eta Jon Maia bertsolaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.