LOMCE onetsi du Konstituzionalak

PSOEk eta Nafarroako Parlamentuak aurkeztutako helegitea atzera bota du auzitegiak, gehiengo kontserbadorearen botoekin. Ebatzi gabe dago Jaurlaritzaren salaketa, eskumenak argudiotzat dituena

ZIPI / EFE.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Auzitegiaren onespena lortu du LOMCEk, PPren hezkuntza erreformak. PSOEko diputatuek eta Nafarroako Parlamentuak helegitea jarri zuten Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, lege hori konstituzioaren aurkakoa delakoan, baina argudio guztiak atzera bota dituzte epaileek: Iruñeko parlamentuari ez diote helegitea bera onartu, eta PSOEren salaketetan ez dute oinarririk ikusi. Auzitegiko gehiengo kontserbadoreak hartu du erabakia: hamabi magistratuetatik zazpi dira, eta denek bozkatu dute alde, baita beste epaile batek ere; beste laurek boto partikularra iragarri dute.

Lau urte joan dira Konstituzionalak epaia ematerako. 2014ko martxoan aurkeztu zuten helegitea PSOEko diputatuek. Salaketarekin bat egin zuen Nafarroako Parlamentuak berehala —halaxe erabaki zuten PSNk, Bilduk, Aralar-Nabaik eta Ezkerrak—. Ez dira salaketa bakarrak. Beste hainbat taldek eta eragilek jarriak dituzte.

Konstituzionalak babestu egin du LOMCEren hezurdura nagusia oraingoz. PSOEren helegitearen funtsak atzera bota ditu; tartean, sexuagatik bereizten duten ikastetxeen babesa, Erlijioa ikasgaiaren tokia eta ikasketa ibilbideak aurreratzea. Oraindik orain eman du auzitegiak berak beste epai bat, Kataluniako Generalitateak jarritako helegiteari dagokiona, eta han, bai, onartu du argudio bat. Kataluniako murgiltze eredu orokortuaren aurkako artikulu bat bazuen LOMCEk: Generalitatea behartzen zuen eskola pribatua pagatzera katalanez ikasi nahi ez duten sendiei. Sistema hori Kataluniaren eskumenen kontrakoa zela erabaki zuen auzitegiak.

Generalitatearen helegitea zabalagoa zen, halere: adierazi zuen eskumenen urraketa amaierako azterketetan ere bazegoela. Hots, DBHko eta Batxilergoko bukaerako azterketak Espainiak zehazteak urratu egiten dituela Kataluniaren eskumenak. Argudio hori ez zuen onartu Konstituzionalak.

Hezkuntza eskumenak

Gisa bereko oinarriak dituen beste helegite bat mahai gainean du auzitegiak oraindik: Eusko Jaurlaritzak jarritakoa. Eskumenena da argudio nagusia: curriculumaren banaketak eta amaierako azterketek urratu egiten dituztela eskumenak. Hezkuntza Saileko iturrien arabera, oraindik ez dute izan Konstituzionalaren berririk.

Auzitegiaren babesa badu erreformak, beraz, baina bete-betean indarrean jarri gabe dago oraingoz. Amaierako probak dira zutabe nagusia, kritika gehien eragin duena: Batxilergoko titulua lortzeko eta unibertsitatera joateko errebalida bat gainditu beharra, eta DBHko titulua lortzeko ere bai. Hori etenda dago: Batxilergo amaierako proba selektibitatearen gisakoa da —unibertsitatera joateko soilik behar da—, eta DBH amaierako proba lagin gisa egiten ari dira, diagnostiko orokor gisa.

Espainiako Kongresuan gehiengoa galdu eta gero erabaki zuen geldialdi hori egitea PPk. Izatez, LOMCEren ordezko legerako hizketan ari dira parlamentuan, «estatu ituna» lortu nahian. Arazoak agertu dira, ordea: PSOEk, Podemosek eta EAJk, besteak beste, alde egin dute —EH Bilduk ez du parte hartu—. Atzo bertan zuten bilera, eta PPko eta Ciudadanoseko ordezkariak soilik joan ziren. Txosten juridiko bat eskatu dute batzordearen bideragarritasunaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.