Armiñongo bidesariari, agur

Abendutik ordainpekoa izateari utziko dio Arabatik Burgosera arteko AP-1eko zatiak. Arabako Aldundiak probintzian dagoen zatiaren ardura hartuko du: sei kilometro inguru
Armiñongo ordainlekuko irudi bat, 2015eko Aste Santuan.
Armiñongo ordainlekuko irudi bat, 2015eko Aste Santuan. JUANAN RUIZ / FOKU

Jon Rejado -

2018ko ekainak 19
Abenduaren 1etik aurrera ez da bidesaririk ordaindu beharko Armiñonen (Araba), AP-1 autobidean sartzeko. Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministroak hala ezagutarazi du: 2021. urte bitartean bukatzen diren autobideen kontzesioak ez ditu berrituko, eta bidesariak kenduko ditu. Lehena Armiñon eta Castañares (Burgos, Espainia) arteko autobidea izango da.

Itinere enpresak kudeatzen du AP-1 autobide zati hori. 84,3 kilometro ditu, eta horietatik ia sei kilometro Araban daude. 2016an 19.300 ibilgalu hartu zituen egunean, horien artean ia 3.300 kamioi. Abendutik aurrera errepide horren titulartasuna aldatuko da. Gaur egun, Espainiako Gobernua da azpiegituraren jabea. Abendutik aurrera, ordea, Arabako Foru Aldundiaren errepide sarearen barruan sartuko da.

Arabako Bide Azpiegituretako diputatu Josu Lopez Ubiernak iragarri du bilera bat eskatuko duela Abalos ministroarekin, prozesuaren nondik norakoa argitzeko: nola aldatuko den titulartasuna, ordainlekuak kentzeko prozesua, egungo errepideekin loturak egiteko modua... Hori guztia zehaztu aurretik, Lopez Ubierna diputatuak txalotu du Abalos Sustapen ministroaren erabakia: ordainsaria kentzeak «segurtasun eta erosotasun» handiagoa eragingo duela argudiatu du. AP-1 autobidea eta N-1 errepidea bata bestearen ondoan doaz, eta N-1ek kilometro askoan bide bakarra du norabide bakoitzean. Beraz, diputatuaren ustez, abendutik aurrera AP-1 autobideak hartu ahalko du N-1eko autoen zirkulazioa.

Ildo berean mintzatu da Erriberabeitiako alkate Miren Santamaria Martinez, pozik:«Herriko sarreratik pasatzen den trafikoa kenduko liguke erabakiak». Izan ere, Arabatik Burgosera autobidean sartu gabe doazen autoak Ribabellosa —Erriberabeitia udalerria osatzen duten kontzejuetako bat— kanpoaldean dagoen inbutu batera heltzen dira: hiru bide izateari utzi, eta bi ditu han errepideak, eta, biribilgune batean sartu ondoren, bide bakarra geratzen da. «Bidesaria kentzen badute, mesede egingo digute».

Istripuak biribilgunean

Santamariak gogorarazi du inbutu horretako egoera hobetzeko erabakiak hartu direla lehendik ere. Besteak beste, Armiñonetik Ameyugora (Burgos) arteko AP-1 autobide zatia doakoa da. Ordea, errepidea ordaindu nahi ez duten gidari askok ez dute baliatzen. «Istripu dezente daude: Gasteiztik datozenak adi ez badabiltza, orduko 100 kilometroko abiaduran heltzen dira biribilgunera». Arazoak uda hasieran eta uda amaieran areagotzen dira, Europatik Afrikara, eta Afrikatik Europara mugitzen diren gidarien ondorioz.

Ordainlekuari izena ematen dion herriak, Armiñonek, ez du «ezer» nabarituko errepideak ordainpekoa izateari uzten dionean. «Herriak bitan banatuta jarraituko du», hausnartu du Juan Muñozek, Armiñongo alkateak. Egunerokoan bidesariak kalte handirik ez diela eragiten azaldu du. «Oporretan irteteko egunetan, edota itzultzean ere, gertatzen diren auto ilarek eragiten digute traba gehien». Ekonomikoki, ordea, ez du uste aparteko aldaketarik igarriko dutenik, lantoki ohikoenetarako ez baitute ordainpeko errepiderik behar herritar gehienek. «Mirandan (Burgos, Espainia) edo Gasteizen egiten dute lan Armiñongo herritarrek, oro har».

Garraiolariek nabarituko dute aldea. Victor Galarza Hiru sindikatuko eledunaren iritziz, Sustapen Ministerioaren erabakiak arrazoia eman die: «Urteak dira bidesariak kentzeko eskatzen ari garela, eta azpiegiturak ordaintzeko beste metodo bat ezartzeko: bidezkoagoa». Aldaketak ondorio onak izango dituela adierazi du: batetik seguruago ibiltzeko era izango dute, eta, bestetik, azkarrago. «Orain arte oso gutxi erabiltzen genuen autobide zati hori; oso garestia da, eta, bertan sartuz gero, azkenean ez duzu etekin ekonomikorik ateratzen». Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko eledunak, berriz, bidesariak mantentzearen alde egin du. «Europak aholkatzen duenaren ildotik: kutsatzen duenak ordain dezala».

2021erako hiru gehiago

2021 bitartean Espainiako Gobernuaren ardurapeko AP-2, AP-4 eta AP-7 azpiegituren zenbait zatitako kontzesioak amaituko dira, AP-1 autobidekoaz gain. Aldika gertatuko dira, bi une ezberdinetan. 2019ko abenduaren 31n bukatuko da Alacant-Tarragona (Katalunia) arteko AP-7 zatiaren kontzesioa; baita Sevilla eta Cadiz lotzen dituen AP-4koa ere (Andaluzia, Espainia). Bi errepide horien artean 468 kilometro dituzte, eta biak Abertis enpresak kudeatzen ditu. 2021eko abuztuaren 31n beste hiru autobide zatiren emakidak amaituko dira: AP-2a Zaragozatik (Aragoi, Espainia) Bartzelonara arte; eta AP-7 azpiegiturako Kataluniako bi zati, Tarragona-Jonquera eta Montmelo-Papiol. Horiek guztiak Abertis enpresaren ardurapean daude, eta, guztien artean, 479 kilometro dituzte.

Sanchez buru duen gobernuak legegintzaldia amaituko balu, 2019an amaitzen diren kontzesioen gainean erabaki ahalko luke. Bestela, sartuko den beste gobernuaren ardurapean gertatuko litzateke auzia. Edonola ere, PPk ere ezagutarazi zuen ez zituela berrituko 2021an amaitutzat emango ziren kontzesioak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna