Nafarroako melokotoiak laguntza izango du Errusiari erantzuteko

Bruselak Vladimir Putinen betoak Europako ekoizleei nola eragingo dien azaltzea espero da etzirako.

Nekazari nafarrek kezka dute, baina eragina mugatua izatea espero da

Xabier Martin -

2014ko abuztuak 12
Ez da erabateko laguntzarik izango, baina Nafarroako melokotoi ekoizleek edozein laguntza eskertuko dute. Europako Batzordeak atzo jakinarazi zuen hainbat neurri hartu dituela fruta hori eta nektarina ekoizten dituztenen alde; betiere, aurreko astean Errusiak EBko janariei jarritako betoari erantzuteko.

Debekuak ekarriko duen kaltea apaltzeko EBk agindutako neurrien artean, lehenak dira melokotoiak eta nektarinaren aldekoak. Oraindik, kalte hori zein neurritakoa izango den zehazteko dauka Bruselak, eta batzorde bat lanean ari da zenbakiak atera nahian. Atzo elkartu ziren lehenengoz batzordekideak, eta Errusiarekin hasitako gerra komertzialak ekarriko duenaren berri ematea espero da etzirako. «Ez da segurua txostena ostegunerako bukatuta egotea», esan zuen Jerzy Bogdan Nekazaritzako zuzendari nagusiak, baina Brusela mugitzen hasi da Ukrainako krisiaren harira iritsi den auzi ekonomikoari erantzuteko.

Sartaguda inguruan daude Nafarroako melokotoi ekoizlerik gehienak. Hain zuzen, ostiralean, Melokotoiaren Azoka egingo dute han hirugarrenez. Fruta horren aldeko neurria da %5etik %10era igoko dela banaketa librean saltzeko produkzioa. Ekoizle Elkarteetan eta haietatik kanpo dauden nekaraziek eskatu ahal izango dute aukera hori. Frutaren salmenta sustatzeko, funts berezi bat ere sortuko du EBk.

Errusiak abuztuaren 7tik indarrean jarritako debekuak janari mota askoren esportazioei eragiten die: fruta eta barazki guztienei, gaztarenari eta txerrikiarenari. AEBek Ukrainaren krisiarekin lotuta Errusiaren aurka hasitako zigor politikarekin bat egitean egokitu zaio auzia parez pare Europari. EBren janarien esportazioen %10 Errusiara joaten da, 11.865 milioi euroko balioarekin.

Izoztuak eta kontserbak

Euskal Herrian, batez ere Nafarroan igarriko da betoa, baina eragin mugatuarekin seguruenera, 20 baino gutxiago baitira Errusiara esportatzen duten enpresak janarien sektorean. 1,6 milioi euroren salmentak egin zituzten iaz, baina kopuru hori gorantz doa, urteko lehen bost hilabeteetan dagoeneko 1,5 milioi euroren salmentak eginak baitzeuden.

Gehienbat, janari prestatua saltzen da Errusian, produktu freskoarentzat urrutiegi dagoelako. Barazki izoztuak eta barazki kontserbak (orburuak, tomatea, babarrunak, menestra, brokolia...) esportatzen dira. Haragia, arraina eta esnekiak apenas bidaltzen diren; besteak beste, oso zaila delako homologazioa lortzea horretarako.

«Gerta daiteke salneurriak jaistea, beldur baitira Katalunia eta Andaluziako ekoizleek merkatua gainezka jarriko ote duten. Errusian saltzen ez dutena barne merkatuan salgai jar dezakete produktu gehiegi metatuz; horrek ekar dezake aldaketa», esan zion atzo egunkari honi Alesbesko Gutarra enpresako Jose Luis Lloretek. «Gu fabrikatzaileak gara, eta ez gaude oso kezkatuta; ekoizleak agian bai, baina kontuan izan salneurriak adostuta daudela aspaldian, luzera begira egiten baitira akordioak». Lloretek onartzen du jaitsiera euren aldeko aldagaia izan daitekeela, baina «nahiago» du sektoreko inori ez eragitea kalterik.

Edonola ere, kaltea badago jadanik; Arguedasko Congelados de Navarra enpresaren kontainer bat gerarazi dute Valentziako portuan, adibidez. Barazki izoztuak esportatzen ditu Errusiara enpresa horrek. Gainera, Nafarroako beste dozena erdi bat enpresa Errusiarako nazioartekotze prozesuan dira, eta garairik txarrenean topo egin dute betoarekin.

Errusiaren debekurik gabe ere sektorea ez dago ongi, oro har, kontsumoari begira galdutako erosleen gaitasunak eragin handia izan duelako urteotan. EBk sektorearen aldeko neurri sendoak hartzea espero dute ekoizleek eta beste eragileek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna