Angelun hildako emakumearen bikotekide ohia hilik aurkitu dute

Larunbatean, gizon batek bikotekide izan zuen andrea eta 80 urteko gizon bat labanaz hil zituen, eta, igandean, bere buruaz beste egin zuen; hori da prokuradorearen lehen hipotesia

Joan den larunbatean 80 urteko gizon bat eta haren bilobaren zaintzailea hilik atzeman zituzten etxea. Bide ondoan, lore sorta bat. SYLVAIN SENCRISTO.
Baiona
2014ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Labankadaz hilik aurkitu zituzten larunbatean emakume bat eta gizon bat, Angeluko (Lapurdi) etxe batean. 80 urteko gizon bateta haren biloba elbarriaren 30 urteko zaintzailea ziren hildakoak. Biharamunean, hirugarren gorpu bat atzeman zuten hilik, Baionako baso batean. Horrek bere buruaz beste egin zuela uste du Poliziak, eta jakinarazi du Angelun hilik atzemandako 30 urteko emakumearen bikotekide ohia zela. 45 urteko gizon bat da.

Samuel Vuelta Simon, Baionako prokuradore berriak agerraldi bat egin zuen igandean berean. Angelun hildako bi pertsona horien eta igandean aurkitu zuten gorpuaren auzietan zer hipotesi nabarmendu den azaldu zuen: Baionako baso horretan hilik aurkitutako gizonak Angeluko bi pertsonak hil zituela eta, ondoren, bere buruaz beste egin zuela.

Oraingoz, hipotesia baizik ez da, ordea. Asteazkenean, Bordeleko auzitegi medikuntzako institutuak hiru gorpuen DNA azterketa bat eginen du, eta haren zain dira hipotesia baieztatzeko. Informazio hori jaso gabe, prokuradoreak hipotesiaren teorian gelditu nahi izan du. Gainera, Vuelta Simonek azaldu du ez dakitela non dagoen Angeluko hilketetan erabili den arma. Erran du gauzak argitzen lagunduko lukeela arma eskura izango balute.

Angelun aurkitutako bi gorpuek labana zauriak zituzten. Suhiltzaileek azaldu dutenez, bizilagun batzuek eman zuten abisua goizean, 09:20 aldera, Angeluko Pirinioen etorbideko etxe batean bi gorpu aurkitu zituztela. Larrialdi zerbitzuak iritsi zirenerako, ezin zuten ezer egin. Etxean, hildakoez gain, bazegoen beste pertsona bat ere, hildako 80 urteko gizonaren biloba, hain zuzen ere. Suhiltzaileek onik atera zuten, bere gelatik. Emakume ezindua da, eta maiz aitona bisitatzera joaten zen bere zaindariarekin; ostiralean iritsi ziren biak Angelura.

Igandean, berriz, arratsaldeko hirurak aldera, 45 urte inguru zituen gizon baten gorpua atzeman zuten Baionako baso batean. Poliziak azaldu duenez, gizonak bere buruaz beste egin zuen, urkatuz eta tiro emanez. Tiroa entzun ostean, bizilagun bat kalera atera zen, eta hark ikusi zuen gorpua, bai eta abisua eman ere. Bere haurrentzako gutun bat zuela soinean, eta zenbait esplikazio ematen zituela erran dute. Vuelta Simon prokuradoreak azaldu duenez, gizona biziaz «nazkatua» zen.

Frantziako Poliziak ikerketa bat jarri du martxan, larunbateko zein igandeko gertakariak ikertzeko. Prokuradoreak adierazitako teoriaren arabera, baliteke igandean bere buruaz beste egin duen gizona larunbateko bi hilketen egilea izatea.

Prokuradoreak jasotako testigantzen arabera, eta Sud Ouest egunkariak argitaratu duenaren arabera, larunbatean Angeluko auzoko batek gizon bat ikusi zuen hilketak gertatu diren etxearen inguruan. Prokuradoreak nabarmendu duenez, gizon hori igandean hilik aurkitu zuten gizonaren antzera jantzita zegoen.

Azaroan epaitzekoa zuten

Igandean Baionako baso batean hilik aurkitu zuten 45 urteko gizona Angelun hilik atzeman zuten zaintzailearekin bizi izan zen Baionan. 2011. eta 2012. urteetan. Banatu eta urte eta erdira, 2013an, emakumeak gizonaren aurkako salaketa bat jarri zuen, harengandik jasotako tratu txarrak salatzeko. Azaroan ziren gizon horri epaiketa egitekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.