Lezertua, eredu berrirako

Eusko Legebiltzarrak Manuel Lezertua izendatu du EAEko ararteko. Arartekoa txikitzeko erronkari helduko dio legelariak. EH Bilduk Barinagarrementeriaren alde bozkatu du
Manuel Lezertua, EAEko ararteko aukeratu berritan, atzo Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian.
Manuel Lezertua, EAEko ararteko aukeratu berritan, atzo Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Edurne Begiristain -

2015eko maiatzak 29
Datozen bost urteetan Manuel Lezertua arituko da EAEko ararteko gisa, Eusko Legebiltzarrak hala erabakita. Ezusterik ez zen izan atzo osoko bilkuran, eta EAJk proposatutako hautagaiari babesa eman zioten PSE-EEko eta PPko legebiltzarkideek: orotara, 53 boto. EH Bilduko 21 legebiltzarkideek, berriz, Luix Barinagarrementeria hautagaiari eman zioten botoa, eta UPDk zuri bozkatu zuen. Iñigo Lamarcak kargua utzita, egitura txikiagoa eta funtzionamendu samurragoa izango duen Ararteko baten eredu berriari heldu beharko dio orain Lezertuak. Legebiltzarrak izendatu berritan, konpromiso hori hartu du EAEko ararteko berriak: «Arartekoak ahalegina egin beharko du krisi ekonomiko honetara egokitzeko, bere eraginkortasuna zalantzan jarri gabe».

Erakundearen egitura txikitzea izan zen PPk Lezertuaren hautagaitza babesteko jarritako baldintza, eta aurrezteko konpromisoari helduko diola esan du Bilboko legelariak. Urtea amaitu aurretik jakinaraziko du zein murrizketa egingo dituen berak ordezkatuko duen erakundean: «Jabetzen naiz azken hilabeteotan irekitako eztabaidaz, eta, gaurtik aurrera, xehe aztertuko ditut kontu horiek».

Babesa eman dioten legebiltzar taldeek ere ezinbestekotzat jo dute Arartekoaren erakundea egoera berrietara egokitzea, eta asmoa agertu dute Lezertuaren izendapena Arartekoaren Legearen moldaketarekin uztartzeko. Hala azpimarratu du PSE-EEko Jose Antonio Pastorrek: «Arartekoak gai izan behar du krisi ekonomikoari eta erakundeen eta herritarren arteko harreman berriei erantzuteko». Eta bide beretik mintzatu da Borja Senper PPko legebiltzarkidea: «Gastua arrazionalizatzearekin batera, eraginkorragoa izan beharko du».

«Giza eskubideak», erdian

Arlo ekonomikoa albo batera utzita, datozen bost urteetan garatuko dituen bestelako lan ildoak ere zehaztu ditu Lezertuak. Jakinarazi du «euskal herritarren giza eskubideen» alde lan egitea izango dela bere lehentasuna, eta «independentzia politikoz» eta «autonomiaz» egingo duela eskubide horien alde. Horrez gain, erakundeen elkar ulertzea eta lankidetza sustatzea, gainerako herri defendatzaileekiko komunikazioa erraztea eta herritarren eta eragile sozialen nahiak «entzutea» eta aintzat hartzea izango ditu erronka nagusi.

EAEko ararteko berriaren ibilbide profesionala eta «giza eskubideen» alde egindako lana azpimarratu dute EAJk, PSEk eta PPk osoko bilkuran. Iñigo Iturrate jeltzaleak nabarmendu du Lezertuak «giza eskubideen defentsan» egindako lana haren «arrakastaren» bermea dela. PSEko bozeramailearen ustez, berriz, Lezertuak Alderdien Legearen aldeko jarrera agertu izanak erakusten du pertsona «egokia» dela kargurako, ez zuelako jarrera «neutrorik» hartu.

EH Bilduren ustez, ostera, Barinagarrementeriaren hautagaitza «egokiagoa» da ararteko posturako, besteak beste, giza eskubideen defentsari «mugarik gabe» helduko liokeelako eta eskubideak «ikuspegi hedakor» batetik landuko dituelako. Lezertuaren curriculuma «ona» dela aitortu arren, Juanjo Agirrezabalak ohartarazi du legebiltzarra ez dela «kontratazio enpresa» bat.

UPDko Gorka Maneirok, bestalde, boto zuria eman du, ez dagoelako ados Lezertuaren hautaketa prozesuarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna