1977ko Amnistia Legea moldatzeari uko egin dio Espainiako Kongresuak

EH Bilduk eta ERCk legeari paragrafo bat gehitzea proposatu dute, aurrerantzean frankismoaren krimenak ikertu eta epaitu ahal izateko. PSOEk, PPk eta Ciudadanosek aurka bozkatu dute
Argentinako kereila daraman Maria Servini epailea, Gernika-Lumoko udaletxean, 2014an.
Argentinako kereila daraman Maria Servini epailea, Gernika-Lumoko udaletxean, 2014an. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko martxoak 21
«Ez begiratu niri. Franco hil zenean, nik 7 urte baino ez nituen. Begiratu zuen alderdiko militante izandakoei, diktaduraren aurka borroka egin zutenei». Marian Beitialarrangoitia EH Bilduk Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak azken unera arte egin zion dei PSOEri «erantzukizunez» jokatzeko. Baina ez zuen lortu bere alderdiak eta ERCk egindako proposamena sozialistek babesterik. 1977ko Espainiako Amnistia Legea moldatzeko lege proposamena tramiterako onartzea bozkatu zuten Kongresuan, atzo egindako osoko bilkuran. EAJ, Unidos Podemos, PDeCAT, Compromis eta Nueva Canariasen babesa lortu zuen; sozialistak aurka agertu ziren, PP eta Cidadanosekin bat.

Legearen bederatzigarren artikuluan paragrafo bat gehitzea proposatu dute EH Bilduk eta ERCk: «Lege honek jasotzen dituen xedapenek ez dute eragotziko epaitegiek eta auzitegiek genozidio, gizateriaren aurkako delitu, gerra delitu edota giza eskubideen bestelako urraketa larriak ikertzea, epaitzea eta delitu horien arduradunei dagozkien zigorrak ezartzea». Izan ere, Beitialarrangoitiak «penaz» gogoratu du Hego Euskal Herriko, Espainiako, Galiziako eta Herrialde Katalanetako hainbat udalek ipinitako kereilak artxibatu egin direla, eta Argentinan abiatutako bidea oztopoz beterik dagoela. Gainera, EH Bilduren bozeramaileak ohartarazi du azkenean onartutako legea ez zela hasieran proposatutakoa: «Frankistek bi atal berri gehitu zizkioten, amnistia diktadurako agintari eta funtzionarioentzat ere izateko».

Beitialarrangoitiaren arabera, aldaketa «berandu» etorri da. Baina «ezinbestekoa» da, «egia, justizia eta erreparazioa» lortzeko. Francisco Letamendiaren hitzak gogoratu ditu: «Esan zuen amnistia ez dela oraindik delitugiletzat ditugun pertsonei ematen zaien barkamen lotsagarria, baizik eta euren ahalegin guztiak diktaduraren aurka jarri zituztenei egindako aitortza. Baina lege honetan ahaztea esan nahi du».

«Justizia selektiboa»

EAJko bozeramaile Joseba Andoni Agirretxeak goraipatu du bere alderdiak lege horren alde egin zuen lana. Orduko eztabaidan Xabier Arzallusek legeari emandako babesa arrazoitzeko esandakoak gogoratu ditu: «'Ez dugu nahi euskal herritarrik kartzelan edo erbestean geratzerik', esan zuen. Eta euskal herritar esan zuenean beste edozein antifrankista izan zitekeen». Ohartarazi du lege hura ez zela izan eurek idatziko zutena, baina bai idatzi zitekeen bakarra. «Norbaitek uste al du askatasunez idatzi zela? Hor dugu adibide 1981eko estatu-kolpe ahalegina».

Joan Tarda ERCko diputatuak ere dei bertsua egin dio PSOEri. Ohartarazi die gaur egun lege aldaketa hori babesteko behar den gehiengo osoa egon badagoela parlamentuan, baina, hauteskunde inkesten arabera, «laster» PPk eta Ciudadanosek gehiengo osoa lor dezaketela.

Konstituzioan oinarrituta

Forma akatsak eta aitzakia juridikoak argudio gisa ez erabiltzeko eskatu die Beitialarrangotiak sozialistei. Baina ez diote kasurik egin. Gregorio Camara diputatuak 1978ko Espainiako Konstituzioaren 9.3. artikulua hartu du ahotan: «Argi esaten du legeek ezin dutela atzera begirako eraginik izan. Horregatik, lege moldaketa hau onartuta ere, ezingo lirateke frankismoaren krimenak epaitu». Gainera, diputatu sozialistaren esanetan, soilik amnistiatutako batzuk epaitzeari bidea zabaltzea «justizia selektiboa» izango litzateke. Iritzi bera dute PPk eta Ciudadanosek.

1977ko legea babestu zuten buruzagi sozialistak eta komunistak izan dituzte hizpide aurka agertu ziren hiru alderdiek. Ciudadanoseko diputatu Jose Ignacio Prendesek uste du PCEko Marcelino Camachok 1977ko eztabaidetan esandakotik «haren oinordeko politikoak baino gertuago» dagoela bera: «Guztientzat amnistia nahi zuela esan zuen, eta nik ere horixe nahi dut». Camarak, besteak beste, Santiago Carrillo eta Dolores Ibarruri buruzagi komunistak izan ditu gogoan: legea «sutsu» babestu zutela esan du. «Herriak ozen eskatutakoa lege bihurtu zuen parlamentu demokratikoak».

Proposamena euskal gatazka politikoarekin ez lotzeko eskatu du Beitialarrangotiak. Sozialistekin lortu zuen; ez, ordea, PP eta Ciudadanosekin. PPko Miguel Lorenzok «emozio eta pasio bera» eskatu dizkio «ETAren biktimak babestekoan». Amnistiaren Legeak ETA, Grapo eta beste talde batzuetako kideak ere amnistiatu zituela gogoratu zion Prendesek: «Badakizu nola eskertu zion ETAk amnistia Espainiako Gobernuari? Legea onartu eta biharamunean Bizkaiko diputatu nagusia eta haren bizkartzainak hilda».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna