Noiz sortua: 2018-04-12 00:30:00

«Mendekua» delakoan daude

Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta Madrilen epaituko dituzte gaur, GHK-ko arduradun zirela Zubietako errauste planta geraraztea egotzita; 46 milioi eurorainoko zigorra jar diezaiekete. Bideoa albistearen amaieran.
Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta.
Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Arantxa Iraola -

2018ko apirilak 12

«Errauste plantaren mamua amaitu da». 2013a zen, azaroak 13 zituen, eta modu horretan solastatu zen garai hartako Gipuzkoako Diputazioko Ingurumen diputatu Iñaki Errazkin. Bilduren foru gobernuak legealdi hartako erabakirik garrantzitsuenetariko baten berri eman zuen, hain zuzen ere, egun hartan; GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ezeztatu egin zuen Zubietan errauste planta bat eraikitzeko aurreko legealdian buruzagi jeltzaleek hitzartuta utzi zuten kontratua, eta jakinarazi zuen kalte-ordainak itundu zituela enpresa eraikitzaileekin. Partzuergoko presidente Ainhoa Intxaurrandietarekin batera eman zuen albistea Errazkinek. Hortxe ageri dira biak hemerotekako argazkietan; pozik, berria jakinarazten. Gaur, hartutako erabaki hartaz oraindik «harro» daudela dio Intxaurrandietak. «Berriro hartuko genuke». Ondorio larriak izan ditzake bientzat, ordea. Izan ere, gaur biak Madrilen epaituko dituzte, Espainiako Kontuen Auzitegian.

Egungo GHK-ko arduradunek iazko urrian ebatzi zuten bi buruzagi ohien aurka egitea, 2013ko erabaki hura desegokia izan zela iritzita. «Norbaitek arauak urratzen baditu, eta diru galerak badakartza, erantzun egin behar du», argudiatu zuen orduan egungo Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok. 46 milioi eurorainoko zigorrak jar diezazkiekete bi auzipetuei. Beren poltsikotik egin beharko liekete aurre —bizitza osoan zor hori pagatzen jardun beharra esan nahi du horrek—, eta burutik ideia bat erauzi ezinda dabiltza Errazkin eta Intxaurrandieta: «Mendekua da».

Intxaurrandietak aitortu du EAJk eta PSEk sarri eginak zizkietela auzitegietan egin zitzaketen urratsen «mehatxuak» , baina ez zutela espero ataka honetan egotea. «Zeren eta guk hartutako erabaki guztiak eta emandako pauso guztiak juridikoki akasgabeak izan ziren». Aitortu du auzibide bat martxan ipini zela enpresei pagatu zizkieten kalte-ordainen kopuruen harira —8,2 milioi euro izan ziren—, baina ahitua zuela horrek dagoeneko bidea. GHK-ko egungo buruek auzibidea iragartzeko iazko urriaren 16an plazaratu zuten oharrean, berriz, defendatu zuten «ezinbestean» salatu behar zituztela bi agintari ohiak, egin zuten kontratu etetearen ondorioz «diru desbideraketa» bat egon zela pentsatzen dutelako. Erabaki hori orain hartu ezean, gainera, erantzukizunak «iraungiko» liratekeela esan zuten partzuergoko ordezkariek. Errazkinek uste du erabaki hori hartzeko hatsa eman ziela kontratu etete harekin lotutako beste epai batek. «Aprobetxatzen dute akordioa baliogabetzat jo izana». Hain justu, iazko urtarrilean jakin zen Donostiako Administrazio Auzitegiak legez kanpokotzat jo zuela kontratua eteteko erabakia.

Ezin «dohainik» atera

Sententzia haren arabera, indarrean zegoen hondakinei buruzko foru araua, erraustegia egiteko asmoa biltzen zuena, eta hura betetzera behartuta zeuden erakundeak. Ebazpen horren berri izan orduko, pozik mintzatu ziren aldundiko egungo buruzagiak, eta ondorioak izango zituela iragarri zuen. Kontratua eten zuten agintari ohiei kargu hartu zien berehala Asensiok, eta abisua eman zuen: «Ezin zaie dohainik atera». Aurtengo urtarrilean EAEko Auzitegi Nagusiak sententzia bat eman du norabide berean: legez kanpokoa izan zen 2013ko akordioa. EH Bilduk ez du amaitutzat auzi hori, ordea; argitzeko dago orain zer esango duen Espainiako Auzitegi Gorenak.

Haien erabakiaren kontrakoa izan arren, azken epai horretan aldeko arrazoibideak ikusten ditu Intxaurrandietak. «Epaiak zioen, izan ere, gurea zela kontratua apurtzeko eskumena. Beti argi eta garbi esan dugu planta kaltegarria zela Gipuzkoarako: defizitarioa izango zelako, eta argi genuelako horrekin ezin genuela aurrera egin. Legeak ematen dituen bideetatik eten genuen kontratua. Eskumena gurea zen». EH Bilduk ere argudio horixe erabili zuen sententziaren berri izan ostean, defendatzeko helegitea ipiniko zuela. Auzi garrantzitsua da; izan ere, Bilduk foru gobernuko agintea izan zuenean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan gehiengorik ez zuen izan; GHK-n, aldiz, bai. Eta hor egon zitezkeen paradoxak usu nabarmendu zituen oposizioak. Baina erabaki hura zuzena izan zela dio orain ere Intxaurrandietak: «GHK-k sinatu zuen kontratua, GHK-k zuelako eskumena, eta GHK-k apurtu zuen, GHK-k zuelako horretarako eskumena».

Justizia sistemaren adar jakin batean epaituko dituzte bi buruzagi ohiak, baina Errazkinek uste du kontuen auzitegiek ez dutela zer esanik halako gaien inguruan. Kasu honetan auzibidearen erdi-erdian «bozketa bidez» hartutako erabaki bat dagoela adierazi du, eta ez dagokiola auzitegi horri horren gainean deus esatea. «Egindako kalte-ordainen kalkulua desegokia da? Ez. Orduan, epaitzen den gauza bakarra da guk ez genuela erabaki hori hartu behar. Guk, nahiz eta bozketan mandatu bat jaso, ezin genuela hori egin. Eta Kontuen Auzitegiak epaitu behar gaitu horregatik? Hark esan behar du erabaki hori har genezakeen? Ez da kontabilitate kontu bat; zer ari gara epaitegi horretan?». Baditu itaun gehiago: «Auzi politikoa bada, zergatik bihurtu juridiko?». Bilduko buruzagi ohiak izanik, Madrilera joan beharrak kezkatzen ditu, uste baitute zigortuak izateko arrisku handiagoa dutela aurreiritzien ondorioz. Intxaurrandieta: «Propio aukeratu dute joko zelaia, eta epailea ere bai».

Jokatu zuten eran jokatzeko arrazoi sendoak zituztela adierazi du Errazkinek: «Publikoa eta jakina da gu errauste plantaren aurkakoak ginela. Baina kontratu hori eteteko motibo nagusia beste bat izan zen. Nolabait ere, arrazoi tekniko batzuk mahai gainean jarri genituen, eta erabaki bat hartu genuen. Udalak aldaketa bat egiten ari ziren hondakinen bilketan, aldaketa handiak gertatzen ari ziren, eta horri zegokion azpiegitura sare bat behar genuen», adierazi du. «Eta guk kontratua eten genuen, hain zuzen ere, azpiegitura hori gaindimentsionatuta geratzen zelako zetozen urteetara begira». Gogoeta askoren fruitu izan zela esan du Intxaurrandietak. «Ikusten zen azpiegitura hori kaltegarria zela lurraldearentzat: bai ekonomikoki, eta zer esanik ez ingurumenarentzat, osasunarentzat eta abar. Baina ekonomikoki ere kaltegarria zen, eta erabakia hartu zen, zalantzarik gabe, azterketa sakon bat egin ondoren. 2011n lortu genuen gehiengoa; 2013 arte ez zen hartu erabakia. Bitartean, horretan aritu ginen: aztertzen».

Gainera, 2015ean berriz agintera helduta, PSE-EEk eta EAJk aurrekoa baino planta txikiago bat egitea erabaki zutela oroitarazi dute bi buruzagi ohiek, eta, beraz, hein handi batean, arrazoia eman zietela. «Tristea da hau esatea, baina kontratua geratzeko guk hartutako erabakia aprobetxatu zuten azpiegitura txikiago bat egiteko eta, beraz, problema bat saihesteko», esplikatu du Errazkinek. Galderak datozkio gogora, borborka: «Guk gelditu izan ez bagenu, zer egingo zuten? Lehendik hitzartua zuten azpiegitura huraxe? Eta gero nola konpontzen da hori? Kanpotik zaborra ekarrita? Jendeari esanez birziklatzea ez dela komeni?».

«Marra gorriak» ipintzen

Bi motibo nagusi ikusten ditu Intxaurrandietak beren kontrako salaketaren atzean. «Batetik, mendeku pertsonala dago. Bestetik, abisua: 'Hemendik aurrera, ez ukitu horrelako azpiegiturak, horrelako negozioak'». Gainerako alderdi politikoen kudeaketa ahalmena mugatzeko gogoa ikusten du EAJren eta PSEren jarreran: «marra gorriak» jartzekoa. Bat dator Errazkin: «Halakoak eremu juridikora eramaten badira, eramaten dira adierazteko zeinek agintzen duen, eta zeinek egon behar duen mendean». Dema hori apurtu egin behar dela pentsatzen du Intxaurrandietak. «Haiek erabaki bat hartu zuten, eta dena lotuta utzi zuten. Bada, haiexek bezala, guk beste erabaki bat hartu genuen, eta helburua zen gipuzkoarrei ahalik eta kalte txikiena egitea». Hondakinen kudeaketaren inguruan ikuskera ezberdinak egonda, kritikak onartu egin behar direla pentsatzen du, baina inor zio horregatik auzitara eramatea «zikin» jokatzea dela salatu du.

Berez, kontratua etetearen aldeko erabakia GHKn ordezkari ziren udaletako hogeitaka hautetsiren botoari esker erdietsi zela oroitarazi du Errazkinek, baina biak seinalatu dituztela salaketa honen bidez, ezagunak direlako, eta gainerakoei ere abisua emateko era izan daitekeelako. «Lidergo publiko eta instituzionala zutenak zigortuz, askoz ere errazagoa da; kostu txikiagoa du. Baina haiek uste dute gu zigortuta eskarmentua zabal dezaketela». Intxaurrandietak kezkagarritzat ditu horrek erakundeetako ordezkarietan heda ditzakeen dudak. «Ez da bakarrik Iñaki eta Ainhoa; Ainhoa eta Iñaki. Hemendik aurrera, nork hartuko ditu ardurak? Nork jarriko du bere burua zerrenda batean?».

Erabakiak hartzeko ahalmena kamustu nahi dela uste dute. «Baina horretarako daude instituzioak: erabakitzeko», gogora ekarri du Errazkinek. «Bestela, ezingo litzateke inoiz ezer ere erabaki. Eta erabaki denek dituzte beren ondorioak; batzuei gustatuko zaizkie, eta beste batzuei ez...». Intxaurrandietak uste du, ordea, EAJk eta PSE-EEk ez dituztela onartzen beren aldeko irizpideak besterik. «Blindatu egin nahi dituzte proiektuak, badaezpada ere, gehiengoak galtzen badituzte ere, inork horiek ez ukitzeko. Hori da atzean dagoen helburua», azaldu du. «Errauste planta, Bilbo hegoaldeko saihesbidea, AHTa... Nahi dituzun izenak jarri. Hainbat azpiegitura badira haiek estrategikotzat dituztenak, eta horiek ukiezin bilakatzeko pauso bat eman dute». Agintean zeudela ere sentimendu hori usu gailendu zitzaiela adierazi du. «Guk askotan esan dugu gu gobernuan geundela, baina ez agintean. Atzean horixe dago».

Elkartasunaren garrantzia

Kezkatuta joango dira gaur Madrilera. «Ekonomikoki, behintzat, bizitza osorako hipotekatuta gera gaitezke», aitortu du Errazkinek. Eskatutako zigorra ezartzen badiete, gutxieneko soldata besterik ezingo dute jaso, eta ondasun guztiak bahituta edukiko dituzte: isuna pagatu arte. Hain da handia zigor eskaria, bizitza osorako kondena bailitzateke.

Halere, jende askoren elkartasuna sentitzen ari dira azkenaldian. Iragan larunbatean, esaterako, manifestazio bat egin zen Azpeitian, Iñaki eta Ainhoarekin elkartasuna lelopean. Gaur iluntzean ere babesa agertuko diete hainbat herritan, protesta zaratatsuak eginez. Herriz herri ematen ari diren hainbat hitzalditan, halaber, erabakiaren zilegitasuna defendatzen dute. Intxaurrandieta: «Erabakia ondo hartu genuen; badakigu kaltetan izango zela errauste planta hori eraikitzen hastea».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan lau pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 22 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bi gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.107 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.056 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Lanbide arduratuko da errenta berria banatzeaz. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Iritsi da bizitzeko gutxieneko diru sarrera, muturreko pobrezia murrizteko

Irune Lasa

Espainiako Gobernuak diru saria onartu du, eta ekainean bertan hasiko da ordaintzen. Hegoaldean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dute

Donostiako Zurriola hondartza, atzo. ©Gorka Rubio / FOKU.

Murgak dio ezin direla errepikatu hondartzetan ikusi diren irudiak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Jendea ez pilatzeko eta hondartzak modu «dinamikoan» erabiltzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Era berean, galdegin du aisialdirako bada ez erabiltzea garraio publikoa «jende asko dagoenean».

Haur bat, jolas parke baten ondoan, Zarautzen. / ©Gorka Rubio, Foku

Espainiako Gobernuak eguneko udalekuak baimenduko ditu hirugarren fasean

Jon Ordoñez Garmendia

70 urtetik gorakoentzako ordutegiak desagertu egingo dira. Gehienez hogei pertsona elkartu ahal izango dira, baina ezingo da probintziatik atera oraindik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Arantxa Iraola

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna