Nahiko sinadura lortu du «eskola segregazioaren» kontrako lege ekinaldiak

10.000 sinadurako langa gainditu du Zubiak Eraikiz plataformaren lege ekinaldiak, eta Eusko Legebiltzarrean aztertuko dute eskaria. Sare itunpekoaren jarduna kontrolatzeko neurriak eskatu dituzte

Zubiak Eraikiz plataformako kideak, Eusko Legebiltzarrean, sinadura bilketa hasi zutenean. JON REJADO.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrera iritsiko da «eskola segregazioa» eragozteko herri ekinaldi legegilea: 10.000 sinadura bildu behar dituzte maiatzaren 31 baino lehen, eta, BERRIAk jakin duenez, kopuru hori gainditu dute jadanik. 11.500 bat herritarrek babestu dute proposamena oraingoz. Zubiak Eraikiz plataformak bultzatu du lege ekinaldia, eta helburu nagusia da sare publikoaren eta itunpekoaren artean dagoen «desoreka» haustea. Plataformako kideen esanetan, eskola publikoan nabarmen gehiago dira indize sozioekonomiko baxuko ikasleak, migratzaileen haurrak eta behar berezikoak, eta, hori aldatzeko, itunpekoen jarduna kontrolatzeko neurriak proposatuko dituzte, eta eskola batzuei baliabide gehiago jartzea.

Otsailaren amaieran hasi ziren sinadurak biltzen. Berritasunak izan dira prozeduran. Eusko Legebiltzarrak 2016an aldatu zuen herri ekinaldi legegileen araudia, UPDren ekimenez: gutxieneko muga 10.000 sinadura dira orain —lehen, 30.000—. Gainera, lehenbiziko aldiz, Internet bidez eman daiteke sinadura, plataformaren webgunean. Sinaduren erdiak saretik bildu dituzte, hain zuzen.

Zubiak Eraikiz plataforma ari da lanean, eta hezkuntza publikoko guraso elkarteak eta zuzendari taldeak ditu alboan. «Plataforma hiritarra gara. Hezkuntza eragile batzuekin harremanetan jarri ginen, gure proposamenak zer babes izan zezakeen jakiteko, eta interesa ikusi genuen». Gonzalo Larruzea mintzo da, plataformako kideetako bat —hezkuntza ikuskaria da ogibidez—. Haren arabera, guraso eta zuzendari taldeekin batera, Steilas eta CCOO sindikatuen babesa izan dute. Eusko Legebiltzarrean, babesa agertua diete EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk. Parlamentuko gehiengoak, hortaz.

Harridura Gipuzkoan

Eskola «segregazioaren» auziak Gasteizen sortu du ika-mika handiena: sare publikoan daude migratzaileen haurren %92. Hala ere, Larruzearen arabera, babesik handiena Bizkaian sumatu dute. «Eta harridura puntu bat ere izan dugu: Gipuzkoako hainbat herritan gaia oso barneratua dago». Kontatu du badirela herriak bi eskola dituztenak, baten eta bestearen artean alde handia dutenak. Publikoaren eta itunpekoaren arteko aldeari erreparatu diote bereziki, baina, aldeak sare bakoitzaren barruan ere ba ote dauden galdetuta, baiezkoan da Larruzea: «Inpresioa da baietz, baina ez da horrenbeste aztertu gai hori». Kataluniako arartekoak ohartarazia du sareen barruan alde handiagoa dagoela sareen artean baino. «Eta pentsatzekoa da gurean ere gerta daitekeela egoera hori».

Hezkuntzako eragile batzuek hizkuntza ereduekin ere lotu dute eskola «segregazioa». Plataformak ez du aipatu gai hori. «Egia da ereduak segregaziorako faktore direla, baina gai hori kanpoan uztea erabaki genuen, puntu gatazkatsuenak saihesteko», azaldu du Larruzeak. «Ereduen esparrua gainditzeko adostasun handia dago, baina norabidean desadostasunak egon daitezke». Ez dute gaia aipatu proposamenean, baina badakite parlamentuko eztabaidan hizpide izango dutela. Hilabete barru hasiko dute bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.