Noiz sortua: 2018-04-25 00:30:00

Nahiko sinadura lortu du «eskola segregazioaren» kontrako lege ekinaldiak

10.000 sinadurako langa gainditu du Zubiak Eraikiz plataformaren lege ekinaldiak, eta Eusko Legebiltzarrean aztertuko dute eskaria. Sare itunpekoaren jarduna kontrolatzeko neurriak eskatu dituzte
Zubiak Eraikiz plataformako kideak, Eusko Legebiltzarrean, sinadura bilketa hasi zutenean.
Zubiak Eraikiz plataformako kideak, Eusko Legebiltzarrean, sinadura bilketa hasi zutenean. JON REJADO Tamaina handiagoan ikusi

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko apirilak 25

Eusko Legebiltzarrera iritsiko da «eskola segregazioa» eragozteko herri ekinaldi legegilea: 10.000 sinadura bildu behar dituzte maiatzaren 31 baino lehen, eta, BERRIAk jakin duenez, kopuru hori gainditu dute jadanik. 11.500 bat herritarrek babestu dute proposamena oraingoz. Zubiak Eraikiz plataformak bultzatu du lege ekinaldia, eta helburu nagusia da sare publikoaren eta itunpekoaren artean dagoen «desoreka» haustea. Plataformako kideen esanetan, eskola publikoan nabarmen gehiago dira indize sozioekonomiko baxuko ikasleak, migratzaileen haurrak eta behar berezikoak, eta, hori aldatzeko, itunpekoen jarduna kontrolatzeko neurriak proposatuko dituzte, eta eskola batzuei baliabide gehiago jartzea.

Otsailaren amaieran hasi ziren sinadurak biltzen. Berritasunak izan dira prozeduran. Eusko Legebiltzarrak 2016an aldatu zuen herri ekinaldi legegileen araudia, UPDren ekimenez: gutxieneko muga 10.000 sinadura dira orain —lehen, 30.000—. Gainera, lehenbiziko aldiz, Internet bidez eman daiteke sinadura, plataformaren webgunean. Sinaduren erdiak saretik bildu dituzte, hain zuzen.

Zubiak Eraikiz plataforma ari da lanean, eta hezkuntza publikoko guraso elkarteak eta zuzendari taldeak ditu alboan. «Plataforma hiritarra gara. Hezkuntza eragile batzuekin harremanetan jarri ginen, gure proposamenak zer babes izan zezakeen jakiteko, eta interesa ikusi genuen». Gonzalo Larruzea mintzo da, plataformako kideetako bat —hezkuntza ikuskaria da ogibidez—. Haren arabera, guraso eta zuzendari taldeekin batera, Steilas eta CCOO sindikatuen babesa izan dute. Eusko Legebiltzarrean, babesa agertua diete EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk. Parlamentuko gehiengoak, hortaz.

Harridura Gipuzkoan

Eskola «segregazioaren» auziak Gasteizen sortu du ika-mika handiena: sare publikoan daude migratzaileen haurren %92. Hala ere, Larruzearen arabera, babesik handiena Bizkaian sumatu dute. «Eta harridura puntu bat ere izan dugu: Gipuzkoako hainbat herritan gaia oso barneratua dago». Kontatu du badirela herriak bi eskola dituztenak, baten eta bestearen artean alde handia dutenak. Publikoaren eta itunpekoaren arteko aldeari erreparatu diote bereziki, baina, aldeak sare bakoitzaren barruan ere ba ote dauden galdetuta, baiezkoan da Larruzea: «Inpresioa da baietz, baina ez da horrenbeste aztertu gai hori». Kataluniako arartekoak ohartarazia du sareen barruan alde handiagoa dagoela sareen artean baino. «Eta pentsatzekoa da gurean ere gerta daitekeela egoera hori».

Hezkuntzako eragile batzuek hizkuntza ereduekin ere lotu dute eskola «segregazioa». Plataformak ez du aipatu gai hori. «Egia da ereduak segregaziorako faktore direla, baina gai hori kanpoan uztea erabaki genuen, puntu gatazkatsuenak saihesteko», azaldu du Larruzeak. «Ereduen esparrua gainditzeko adostasun handia dago, baina norabidean desadostasunak egon daitezke». Ez dute gaia aipatu proposamenean, baina badakite parlamentuko eztabaidan hizpide izango dutela. Hilabete barru hasiko dute bidea.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 6an eguneratua. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Hamalau positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta gaixo bat ospitaleratu dute. Euskal Herrian 29.843 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.096 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Haur bat, konfinamenduan, etxean jolasten. / ©Iñigo Uriz, Foku

Astelehenetik ireki ahal izango dituzte haur eskolak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Irati Urdalleta Lete

Hiru herrialde horietako herritarrek hiruretan mugitzeko aukera izango dute. Ostalaritzan ez da gehienezko edukierarik egongo, eta barran zerbitzatzeko aukera ere izango dute. Diskotekek eta gaueko tabernek itxita jarraitu beharko dute. Hogei pertsona arte elkartu ahal izango da, bai etxean eta bai kalean.

Atzo Villabonan egin zuten bertso saiora sartzeko segurtasun neurriak. / ©Gorka Rubio, Foku

Alarma egoera amaitu ondoren ere maskarak erabiltzea beharrezkoa izango da Hego Euskal Herrian

Jon Ordoñez Garmendia

Ehun euro arteko isunak aurreikusten ditu Espainiako Gobernuak prestatu duen dekretuak, maskara erabiltzen ez dutenentzat. Urgentziazko kasuetan Osasun Ministerioak eskuduntzak bereganatzeko aukera izango du berriro.

Herritar batzuk Debako (Gipuzkoa) parke batean, elkarren arteko distanziak zainduz. ©GORKA RUBIO / FOKU

Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean ibili ahalko da astelehenetik aurrera

Jakes Goikoetxea

Espainiako Gobernuak jakinarazi du Hego Euskal Herria hirugarren fasera pasatzea onartu duela. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak izurritearen kudeaketaren kontrol osoa berreskuratuko dute

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Garikoitz Goikoetxea

Informazio osagarria