Ukrainako Parlamentua desegin du Petro Poroxenko presidenteak

Legebiltzarrerako hauteskundeak urriaren 26an egingo dituzte.

Errusiak iragarri du beste giza konboi bat bidaltzeko asmoa duela, baina horretarako baldintzak adostu nahi dituela Kievekin
Soldadu ukrainar bat, atxilotutako matxino bat zelatatzen, Ilovainsken, Donetsk eskualdean.
Soldadu ukrainar bat, atxilotutako matxino bat zelatatzen, Ilovainsken, Donetsk eskualdean. IVAN BOBERSKYY / EFE

Bidatz Villanueva Etxague -

2014ko abuztuak 26
Ukrainako presidente Petro Poroxenkok parlamentua desegin du, eta hauteskundeetara deitu du. «Parlamentari asko matxinoen babesle edo konplizeak dira». Horregatik, presidenteak dio herritar gehienek beste parlamentu bat nahi dutela. Telebistan emandako hitzaldian esan du bozak urriaren 26an egingo dituztela.

Bestalde, Ukrainako ekialdera bigarren aldiz giza laguntzako konboi bat bidaltzeko asmoa dauka Moskuk. Hala iragarri du Sergei Lavrov-ek, Errusiako Atzerri ministroak. Horretarako, Kieven oniritzia nahi du Errusiak, Lavrovek azaldu duenez: «Atzo [herenegun] Ukrainako Atzerri Ministerioari agiri ofizial bat bidali genion, beste konboi humanitario bat prestatzeko asmoz». Laguntza bidaltzeko baldintzak aste honetan adosteko beharra dagoela nabarmendu zuen Lavrovek, giza egoera «gero eta okerragoa» baita Ukrainako ekialdean.

Donetskeko Herri Errepublikako indar armatuek bermatuko dute konboiaren segurtasuna. «Beste konboi bat bidaltzea posible da, Luhansken erabili zen eskema berberari jarraituz», adierazi du Alexandr Karamanek, Donetskeko Errepublikako agintariak. Alexandr Zakhartxenko buruzagiak Donetskeko eskualdeak laguntza behar duela jakinarazi zuen, «giza-hondamendi egoeratik hurbil» baitago lurraldea. Ukrainari dagokio orain proposamenari erantzutea. Lehen konboia bidali zutenean gertatutako «gaizki-ulertuak» kontuan hartuko dituztela erran du Lavrovek, «atzerapen artifizialik ez gertatzeko». Izan ere, iragan astean Errusiak bidali zuen giza konboiak are gehiago gaiztotu zuen giroa: errusiazaleek kontrolatutako lurraldean sartu zen 262 kamioiz osatutako zutabe bat. Kievek nazioarteko zuzenbidea urratu izana egotzi zion Moskuri, guztiz adostu gabe bidaltzeagatik konboia. Vladimir Putin Errusiako presidenteak azaldu zuen Kievek oztopoak besterik ez zuela jarri.

Putin eta Petro Poroxenko Ukrainako presidentea gaur Minsken (Bielorrusia) elkar daitezkeela jakinarazi du Lavrovek. «Alde biko topaketa batzuk egitea aurreikusi dugu», azaldu du. Ukrainako presidenteari hots egin dio, bere boterea erabil dezan, «gerra geldiarazteko, eta ez konfrontazioa sustatzeko». Gatazka amaitzeko «edozein formatu» onartuko du Moskuk, Lavroven arabera. Errusiaren iritziz, «garrantzitsuena gerra amaitzea» da. Minskeko bileran, Aduana Batasunaren bileran, Putin, Poroxenko eta Europako Batasuneko hainbat ordezkari elkartuko dira. Errusiak, Bielorrusiak eta Kazakhstanek osatzen dute Aduana Batasuna.

Poroxenko bakeaz baino gehiago, berrarmatzeaz mintzatu zen joan den igandean, Ukrainaren independentziaren 23. urteurrenean. «Ukrainak defendatzeko ahalmena duela erakutsi du», adierazi zuen Poroxenkok, eta 2.300 milioi euroko inbertsioa iragarri zuen «separatisten aurka borrokatzeko». Horrez gain, Donetsk eta Luhanskeko liskarrak «kanpotik inposatutako gerrak» direla adierazi zuen, Errusia zuzenean aipatu gabe. Eskerrak eman zizkion nazioarteari emandako babesagatik.

Borrokek ez dute etenik

Ukrainako ekialdean liskarrek ez dute etenik. Matxino errusiazaleek helarazi dutenez, beste talde militar ukrainar bat inguratu dute, hirugarrena. Aurretik beste bi blokatu zituzten, 7.000 soldaduz osatutakoak orotara. Halere, Ukrainako Segurtasun Nazionaleko eta Defentsarako Ministerioak datuok ukatu egin ditu, «errealitatearekin bat ez datozelako».

Bestalde, Ukrainako agintaritza militarrak igorritako mezu batean dio, «250 mertzenario errusiar» hil dituztela. Agiri ofizialak armada ukrainarraren gailentasuna nabarmendu du: «Etsaiak erasotzen digun arren, operazio antiterroristan [horrela deitzen dio Kievek errusiazaleen aurkako borrokari] parte hartzen ari diren indarrek beren posizioetan jarraitzen dute, eta terrorista asko hiltzen ari dira». Informazio hori ez dute baieztatu beste informazio iturriek.

Horrez gain, Ukainako armadak erran du Errusiatik ibilgailu korazatuak bidali dituztela. Ihor Mositxuk komandanteak eman du informazioaren berri. Haren esanetan, «inbasio ikaragarria» gertatzen ari da: «Borrokarako 30 bat kamioi sartu dira Novoazovsketik [Errusiako mugan dagoen eskualdea, kostaldean], eta errusiar ikurrak zeramatzaten. Mugako zaindariek eta hainbat boluntariok baieztatu dute».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna