Ziburuko ikastola diruz sostengatzera dei egin du Seaskak, bertan eusteko

Eguneko 200 euro bederen behar dituztela azaldu dute.

Iaz urte «biziki gogorra» izan zutela adierazi du Seaskak, baina aurten 137 ikasle gehiago izango dituzte, halere: guztira, 3.220 ikasle
Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria, Paxkal Indo presidentea, Pantxika Aranbide Donibane Garaziko ikastolako ordezkaria eta Jean Michel Etxegarai Seaskako pedagogia arduraduna, atzo, Garaziko ikastolan.
Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria, Paxkal Indo presidentea, Pantxika Aranbide Donibane Garaziko ikastolako ordezkaria eta Jean Michel Etxegarai Seaskako pedagogia arduraduna, atzo, Garaziko ikastolan. SYLVAIN SENCRISTO

Mikel P. Ansa -

2014ko irailak 6
Heldu den asteartean amaituko zaie lekuan egoteko epea, baina han jarraitzeko asmoa dute Ziburuko ikastolako gurasoek eta umeek. Seaskak herritarrei eskatu die laguntza ekonomikoa emateko ikastolari, lekuan eutsi ahal izan dezaion. Joan den astean Paueko Auzitegi Administratiboak arrazoia eman zio Guy Poulou Ziburuko auzapezari, eta orain okupatzen duen bungalowa zazpi eguneko epean husteko agindu zion ikastolari. Asteartean beteko da epea, eta auzapezak gutuna igorri die: elektrika eta ura etengo dizkiete, eta pareko obratik babesteko hesia kenduko. Ohartarazi die irailaren 15ean hasiko dituztela obrak eremuan. Izan ere, Ziburuko Herriko Etxeak Marinela ingurua konpondu nahi du, eskola publikoa martxan ezartzeko berriz. Bi urtez han izan da Kaskatorenea ikastola, baina auzapezak bota egin nahi ditu.

Egoera larria bada ere, gurasoek «biziki argi» dutela ziurtatu du Paxkal Indo Seaskako presidenteak: «Beste aukerarik ez dugu, eta asteartean han segituko dugu». Epaileak aginduari eta herriko etxeak zehaztuari segituz, ikastolak ehun euroren zigorra ordaindu beharko du asteartetik aurrera lekuan jarraituko duen egun bakoitzeko. Indok zehaztu du zazpi eguneko epea ez dela aski aterabide bat atzemateko; lekuan eutsiko diotela, beraz. Auzapezak ez dielako erantzun, gainera, elkarrizketarako eta irtenbideak adosteko Seaskak eta Kaskarotenea ikastolak egin dituzten deialdi guztiei.

Elektrika mozketari buru egiteko, argindarra sortzeko makina bat alokatzekoak dira ikastolan. «Eta ur botilak erosiko ditugu, beharrezkoa bada», erantsi dute. «Ez gaitu horrek kikilduko». Baina gastu horiek eta ehun euroko eguneko zigorrak, batuta, 200 bat euroko gastua ekarriko dio ikastolari eguneko. Horregatik, Internet bidez Ziburuko ikastolari babesa adierazi dioten 15.000 lagun horiei mintzatu zaie Seaska: «Izenpetzaileei eta, orokorkiago, Euskal Herri osoari dei egiten dio Ziburun ikastola bizirik atxikitzeko kanpainan lagun gaitzaten». Webgunean jarri dituzte baliabideak, laguntza hori emateko.

Azken urteetako hazkundeari eutsi dio Seaskak aurten ere, iaz urte «biziki gogorra» izan zuten arren. Eskola sartzeari buruzko datuak aurkezteko eta Ziburuko ikastolari buruzko berriak emateko agerraldia egin zuen Seaskak atzo, Donibane Garaziko ikastolan. Prentsaurreko horretan gogoratu zituzten iaz Hendaiako ikastolaren inguruan izan ziren auziak, suprefetak agindu zuelako eskola berria egiteko lurrik ezin zuela eman herriko etxeak. Nabarmentzekoa da Hendaiako ikastolak erdietsi duela akordio bat hango herriko etxearekin. Egun Pausun ari diren ikasleak hiri barneko eskolara mugituko dira; eskola publikoarekin erdibanatuko dute egoitza.

Baina Beskoitzen ere arazoak izan zituzten iaz, eta gero «Hazparneko lurraldean barna hedatu ziren mehatxuak». Aurten Zibururi egokitu zaio. «Baina erasoen aitzinean beldurtu gabe, mobilizatuz eta elkartasunez, indartsuago jalgitzen gara gatazka horietatik», adierazi zuten atzo.

Iaz baino 137 ikasle gehiago

Horren adierazle da iaz baino 137 ikasle gehiago izango dituela Seaskak aurten. 3.220 ikaslek hasi dute sartzea astearte honetan. Hurrengo asteetan 2 urteko 50 bat haur hasiko dira, horiez gainera. Aurreko urtean baino 100-150 ikasle gehiago hasten dira Seaskan urtero. Lizeoan bezala hiru kolegioetan egin du gora ikasle kopuruak, baina lehen mailako ikasleen artean nabaritzen da hazkunde handiena. Garaziko ikastolaren ikasle progresioa nabarmendu dute, hain justu. Orain zazpi urte laurogei ikasle zituen ikastolak, eta aurten 142 ikaslek hasi dute ikasturtea han. «Ttipi gelditzen ari zaigu, eta ondoko hilabeteetan gogoetatu beharko dugu gero eta gehiago diren haurrei nola erantzun». Bestalde, Seaskak zehaztu du ikastola ttipiak «indartzeko parioa» egingo duela aurten, azken urteetan ireki dituzten ikastolak «etengabe garatzen» eta ikas-maila berriak irekitzen ari direla aintzat hartuta.

Eskola erritmoen erreformara egokitzeko prest dagoela ere jakinarazi du Seaskak. Lau egun eta erdiko astea izango dute aurrerantzean Ipar Euskal Herriko eskoletan. Ikastolek, gurasoek eta irakasleek aldaketa hori egiteko «lan ikaragarria» gauzatu dutela erantsi du Seaskak, eta eskerrak eman. «Kalitateko jarduerak» emango dituztela erantsi du, guztiak euskaraz. Asteazkeneko egun erdi horretako jarduerak euskarazko eskaintza egiteko «parada ezin hobea» direla zehaztu dute, «ikastoletan eta eskola elebidunetan ere bai». Ziurtatu dute esperientzia berria dela ikastolentzat ere eta doikuntzak egin beharko direla, baina aldaketa «biziki ongi» iragango dela.

Gaur zortzi egingo dute Glisseguna, bestalde. Lerratzeko kirolak egingo dituzte, eta euskaraz aritzeko parada eskaini.

@ Ziburuko ikastola laguntzeko, webgune honetara jotzea galdegin dute:

www.seaska.eus

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna