Bozetarako azken bidegurutzea

Kongoko Errepublika Demokratikoko Parlamentuak eztabaidagai du hauteskunde legea. Legeak bide emango luke abenduan bozetara deitzeko, baina oposizioa ez da fio Kabilaz

Bozetarako azken bidegurutzea.
Oskar Epelde Juldain.
Kinshasa
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Kongoko Errepublika Demokratikoko parlamentuak esku artean dauka datorren abenduaren 23ko hauteskundeak antolatzeko beharrezkoa den azken legea. Legebiltzarrerako jesarlekuen banaketari buruzko legea da, eta, hauteskunde batzordearen egutegia beteko bada, lehenbailehen onartu beharko dute. Izan ere, ekainaren 25erako, legebiltzar nazionalerako ez ezik, probintzialerako hautagaiak ere aurkeztu behar dira; jarraian, uztailaren 25erako, presidentetzarako hautagaiak. Orduan bai, ziur jakingo da Joseph Kabila saiatuko ote den konstituzioa aldatzen edo oztopoak jartzen, azken bi urteotan egin duen bezala. Legez, 2016ko abenduan bukatu zuen agintaldia, eta dagoeneko urte eta erdiz eutsi dio botereari.

Kabilaren PPRD Berreraikuntzarako eta Demokraziarako Herriaren Alderdiak ez du esan oraindik nor izango duen hautagai; uztailean izendatuko dute. Moise Katumbi da aurrez aurre agertu zaien hautagai indartsuetako bat, Katangako gobernadore ohia eta PPRDko kide ohia. Traba handiak ditu, ordea: alde batetik, erbestean dago, zigortu egin baitzuten salerosketa irregular bat egitea leporatuta; eta, bestetik, haren herritartasunaren inguruko eztabaida sustatu dute, argudiatzeko ezingo litzatekeela aurkeztu —greziarra zuen aita—. Haren aldeko hedabideek diote parlamentuak ez duela onartuko lege egitasmoa, eta testua Barne ministroari itzuliko diotela berriz, hauteskundeak berriz atzeratzeko aitzakiak emateko.

Urte eta erdi trantsizioan

Kabilak itun bat sinatu zuen oposizioarekin 2016ko Urtezahar egunean, botereari eutsi ahal izateko. Trantsizio gobernu bat hitzartu zuten, eta oposizioak Felix Tshisekedi UDPS Demokrazia eta Aurrerapen Sozialerako Alderdiko buruzagia aukeratu zuen lehen ministro. Kabilak, ordea, Bruno Tshibala izendatu zuen, kartzelatik atera zuen oposizioko politikari ez oso ezagun bat. Hala ere, orain Gehiengo Presidentzialerako Aliantzak berak proposatu dio Tshisekediri batasun nazionaleko gobernu baten lehen ministro izatea —aliantza horretako alderdi nagusia da Kabilaren PPRD—, baina Tshisekedik ezetz esan du. UDPSren ekitaldi politiko batean erantzun du; hainbat urteren ondoren baimendu duten batean.

Kabilaren eta oposizioaren arteko gatazkaz gain, beste faktore batek ere oztopa lezake hauteskundeak aurtengo abenduan egitea: ekialdeko hainbat lurraldetan amaiezin bihurtutako segurtasun faltak. Islamistei leporatu zaizkie Ipar Kivuko Beni eskualdeko azken hilketak eta sarraskiak, baina bertakoek beti «ustezko» gaineratzen dute ADF Indar Demokratikoen Aliantza talde armatua aipatzen zaienean. Izan ere, zigortu egin dituzte sarraskien egiletzat armadako komando bereziak aipatu dituztenak, edo ihes egin behar izan dute. Lubero, Butembo eta Beniko eragile sozialek uste dute hilketa horiek kanpoko hutuak iritsi ondoren hasi zirela, eta armadaren unitate berezien laguntza izan dutela maiz.

2013tik, lurrik gabeko hutuak—bai Ruandakoak, bai Kongokoak— iparralderantz desplazatu dituzte, Rutshuru eta Masisi eskualdeetan esku gutxi batzuek lur eremu zabalak bereganatu dituztelako, eta zereginik gabe utzi milaka nekazari eta errefuxiatu. Horrek gatazkak piztu ditu.

Ipar Kivuren iparraldean dagoen Ituri probintzian ere ehunka mila desplazatu eta errefuxiatu daude. Nazioarteko berri agentziek «gerra etnikoa» esan ohi diote, baina hema eta lendu herrien ordezkariek argi esan dute erabat arbuiatzen dituztela iraganeko gerrak, eta ez dagoela bi etnien arteko gerrarik. Joan den martxoan, gobernuak Henri Mova Barne ministroa bidali zuen Ituriko Bunia hiriburura, eta, Ituriko gobernadorea aurrean zutela, bakea sinarazi zien hango ordezkariei. Baina Movaren bisitaren ondoren areagotu ziren hilketak, batez ere Djugu eskualdean.

Gerra eta interesak

Abenduaz geroztik, dozenaka milaka herritar Ugandan errefuxiatu dira, Albert lakua zeharkatuz. Gehienak bagerere etniakoak dira, hema herriaren ohiko aliatuak. Salatu dute Kongoko militarrek ez dietela inongo babesik eman. Ez hori bakarrik; askok salatu dute militarrek erasotzaileei lagundu dietela.

Hala ere, Ituriko biktima gehienak hema etniakoak izan dira orain arte. Haien ordezkarien arabera, gertatzen ari dena genozidioa da, gerra etnikoa barik. Estatuari berari leporatzen diote sarraskien eragile ikusezina izatea. «Hema herria gerrara eraman nahi dute, gaitasuna baitu. Lurrik gabeko familiak etortzearekin batera sortu dira erasoak, balkanizazioa bultzatu eta hauteskundeak ez egiteko», salatu du John Rutarwa Ituriko politikariak, Ugandako erbestetik. Ituriko Ipar Bahema eskualdeko buruzagi Yves Kahwa Mandro Pangaren kolaboratzailea da Rutarwa.

Interes ekonomikoak ere oso handiak dira: Albert lakuaren inguruan, ehunka mila petrolio upel daude, ustiatzeko zain. Djuguren hegoaldean dagoen 3 blokea Total multinazionalaren eskuetan geratu da, parlamentuaren oniritziarekin, eta beste bi blokeren egoera ez dago argi. Suitzan egoitza duen Oil of Congo enpresari eman dizkiote ustiapen eskubideak; sozietatearen jabea, Dan Gertler israeldarra, Kabilaren negozio laguna da. «Ez dugu onartuko, ez hema herriak, ezta lenduak ere», esan du Rutarwak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.