Bidegiren auzia ikertzeko batzordeak erantzuletzat hartu ditu Olano eta Goia

Ondorioen txostena elkar hartuta onartu dute Bilduk, Aralarrek eta PPk.Fiskaltzari igorriko diote.Oraingoa «izozmendiaren punta» soilik delakoan, hurrengo legealdian ere ikertzeko asmoa daukate

Markel Olano eta Eneko Goia, joan den astean, Bidegiri buruzko ikerketa batzordean hitz egin zutenean. A. CANELLADA / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2015eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Irregulartasunak izan zirela, enpresei gehiegi pagatu zietela, eta horren erantzuleak Markel Olano eta Eneko Goia direla. Ondorio horietara heldu da Bidegi auzia ikertzeko batzordea. Gipuzkoako Batzar Nagusiek sortu zuten lantaldea, eta ados jarri dira hiru talde: Bildu, PP eta Aralar. Frogatutzat jo dute Basagoitiko biltegian ez dagoela sinatu adina lur; hortik ondorioztatu dute enpresei behar baino 3,4 milioi gehiago ordaindu zizkietela. Areago: ordainketa bidegabe gehiago egon litezkeelakoan, datorren legealdian ere batzordea sortzea adostu dute. Beste batzorde bat egitearen aurka ez daude EAJ eta PSE, baina ez dituzte oraingo ondorioak babestu. EAJk bozetarako estrategia ikusi du. Astirik ez dela egon dio PSEk.

Oso tentsio handiko bilera egin zuten atzo Batzar Nagusietan. Azken-aurreko pausoa eman zuen ikerketa batzordeak: ondorioen txostena onartu zuten. Osoko bilkurara joango da orain gaia. Astelehenean dute bilera, Batzar Nagusiak desegiteko bezperan. Ez da ezustekorik izango: hiru taldeek elkarrekin onartutako testua aurrera aterako dute. Olanoren eta Goiaren jarduna gaitzetsiko dute.

Aurreko egunetako iritziak berretsi dituzte alderdiek ondorioetan. Alde batean daude Bildu, PP eta Aralar; haiek onartu zuten batzordea sortzea, eta haiek taxutu dituzte ondorioak ere. Beste aldean, EAJ, esanez irregulartasunik ez dagoela, ez zela gehiegi pagatu. Erdian PSE dago: nahiko astirik ez dagoela ikertzeko, eta ez du parte hartu bozketan. Salaketaren lehen oinarria frogatuta geratu da batzordean: Basagoitiko biltegian ez dago adierazi adina lur. Inork ez du hori auzitan jarri. Horri zer esplikazio eman, hor dago aldea. EAJk dio «obran» dagoela lurra, betelanetan-eta erabili zutela. Ez dute sinesgarritzat jo hori ikerketa batzordearen aldeko alderdiek.

«Zuzeneko ezagutza»

EAJren kudeaketa salatu dute ondorioetan. «Galera handia eragin zaie gipuzkoarrei». Olanok eta Goiak aitortu zuten okerrak dituztela agiri batzuek, baina adierazi zuten ez zutela eragin ordainketan. Ez diote hori ondorioek: «3,4 milioi pagatu ziren egin gabeko lanengatik; ezin da okerra izan, aurkezpen teknikoen arabera. Hutsegite gehiegi daude, lur gehiegi falta da, diru gehiegi erabili da bidegabe». Olano eta Goia jo dituzte erantzule; ordainketez «zuzeneko ezagutza» zutela diote.

Osoko bilkurak gaitzetsi egingo du Olanoren eta Goiaren jarduna. Fiskaltzara ere joko dute. EAJko batzarkide Eider Mendozak ere eskatu du fiskalarenera jotzeko. Aldundia salatu nahi du, «salaketa faltsua» egin duelakoan. Batzordeak ez du onartu eskari hori.

Hurrengo urratsak

Olanoren eta Goiaren gaitzespenarekin amaituko du bidea ikerketa batzordeak, baina Bidegi auziak aurrera jarraituko du oraindik. Auzitegiko bidea zabalik da. Bihar bertan Azpeitiko auzitegian deklaratuko dute perituek. Epaileak hiru lagun inputatu ditu: Bidegiko zuzendari tekniko ohia eta bi enpresatako arduradunak. Areago, diputazioak ez du baztertu auzitegian jarritako kereila zabaltzea; beste irregulartasun zantzu batzuk daudela jakinarazi du.

Zehazki, aldundiak dio 88 diru sail puztu egin zituztela azken likidazioan, eta enpresei hogei milioi gehiago ordaindu zizkietela horrela. Joseba Altube Errepide zuzendariaren esanetan, 30,8 milioi euro gehiago ordaindu zituzten azken likidazioan; horietatik hamar erreklamazioei dagozkiela azaldu du, baina gainerako hogei milioiak diru sailak puztuta lortu zituztela. Adibideak jarri ditu: tunelen hormigoiagatik, eraikitzaileak 945.000 euro eskatu zituen; obra zuzendaritzak, 450.000. Azkenean, 1,7 milioi pagatu zituzten.

Ikerketa batzordeak bere egin du aldundiaren salaketa. Ikertzen segitzeko asmoa agertu dute Bilduk, PPk eta Aralarrek, eta datorren legealdian beste batzorde bat eratzeko asmoa dute: «Orain demostratu ahal izan dena izozmendiaren punta besterik ez da». PSE-EEk oraingo lantaldea sortu aurretik eskatu zuen gaia hurrengo legealdirako uzteko, orain aski denborarik ez zegoelako. EAJk ez du begi txarrez ikusi hurrengo legealdian gaia aztertzea. Denboraz egiteko eskatu du, eta AP-1 osoa aztertzeko, ez obra jakin batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.