Aranburuk ziurtatu du Nafarroak iazko gastu araua beteko duela

Martxoaren 31ra arte itxaron beharko du, baina kontseilariak azaldu du ez duela arazorik eragingo. Hitzarmen Ekonomikoan Espainiako zorraren tratamendua aldatu nahi du

Mikel Aranburu, Ogasun kontseilaria Nafarroako Parlamentuan, artxiboko irudian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2018ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
«Ezohiko egoerek ezohiko konponbideak eskatzen dituzte». Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilariak uste du 2017ko gastu araua beteko duela Nafarroak, baina malgutasuna eskatu dio Madrili. Ekarpenaren kalkulua hitzartuta, Madrilek 215 milioi euro itzuli behar izan dizkio 2015eko eta 2016ko likidazioengatik, baina, paradoxikoki, Nafarroak ustez ezin ditzake erabili ez gastu arrunterako ez inbertsiorako. Aurretik, Ogasun Ministerioak ohartarazi zion gastu araua ez betetzeko arriskua duela. Dena den, Aranburu ez dago kezkatuta. «Nire ustez, ziurrenik beteko dugu gastu araua».

Aranburu Parlamentuan izan zen atzo, gastu arauaren eta ekarpenaren inguruko akordioari buruz azalpenak emateko. Bertan azaldu duenez, kontuak martxoaren 31n itxi ohi direnez, oraindik finkatu gabe daude iazko finantza eta zerga arloko diru mugimenduak Nafarroako eta Espainiako gobernuen artean. Espainiako Finantza Egonkortasunaren Legeak zehazten duenez, aurrekontuak kontrolatzeko hirugarren arau fiskala da gastu araua, defizit eta zorpetze mugekin batera. Arauaren arabera, urte batetik besterako gastuaren hazkundeak ezin du gainditu Espainiako ekonomiari kalkulatzen zaion hazkundearen aurreikuspena. Iragan urteari dagokionez, muga hori BPGren %2,1ekoa da, eta, hortaz, zorraren amortizaziorako erabili beharko lituzke hortik gorako gastu hazkundeak.

Zein da arazoa? Batetik, Nafarroak 215 milioi euro gehiago dituela ekarpenagatik—hortaz, diru hori ezingo luke inbertsiorako erabili—, eta, era berean, bi gobernuek desadostasunak dituzte Nafarroaren gastu hazkunde errealaz. Izan ere, abendu erdialdera Espainiako Gobernuak gutun batean ohartarazi zion iaz %7,5eko hazkundea zuela, eta Nafarroako Gobernuak uste du %2koa dela. «Gaur-gaurkoz, arauaren barruan gaude», azaldu zuen.

Interpretazio desberdinak

Zergatik bost puntu pasako aldea? Aranburuk azaldu zuenez, abenduko gutunak «hiru paragrafotxo» baino ez ditu, eta ez du azaltzen nondik atera duten %7,5eko zifra. Dena den, Aranburuk uste du «arauaren interpretazio desberdina» egin dutela bi gobernuek. Batetik, foru gobernuak uste du tokiko erakundeen inbertsio plana udalen finantzaketa sistemaren barruan sartu behar dela; aitzitik, Madrilek ondorioztatu du hori gastu arrunta dela. Bestetik, beste hainbat kontu «ez dituzte kontuan hartu»: zerga erreforma, ezohiko ordainketak (Garraio Hiriaren 51 milioi euroko kalte-ordaina), funtzionarioen 2012ko aparteko gastua itzultzea... Haren ustez, kopuru guztiok gastu arautik kanpo geratu behar lirateke, eta horregatik da aldea hain handia.

Nafarroako Gobernuak gutun bidez erantzun zion, baina, bi hilabete iragan badira ere, oraindik ez dute erantzunik jaso. Azken arazo bat dago: «Autonomia erkidegoen menpe ez dauden datu batzuk daude gastu araua zenbatzeko. Estatuari dagokio datuok ematea, eta ezin dira jakin kontuak itxi arte». Hau da, martxoaren amaierara arte ezin daiteke zehazki jakin gastu araua beteko duten edo ez, baina Aranburuk ez du kezkarik adierazi: «Ziurrenik mugan egongo gara, baina ez nau gehiegi kezkatzen. Beteko ez bagenu, plan ekonomikoa egin beharko genuke, eta ez genuke inongo arazorik izango».

Aranburuk nabarmendu du iaz 230 milioi euroko superabitarekin amaitu zutela urtea, eta uste du gastu araua aplikatzea, neurri handi batean, «albiste ona» dela, superabitarekin ezarri ohi baita, eta, ondorioz, kontuak orekatzen ari direla erakusten baitu.

Etorkizuneko erronka

Behin ekarpenaren kalkulua hitzartuta, Hitzarmen Ekonomikoaren erreforma negoziatzea izango da hurrengo erronka nagusia. Aranburuk aurreratu du helburuetako bat izango dela Espainiako zorraren amortizazioaren ordainketa zehaztea. «1990ean, egungo Hitzarmen Ekonomikoa egin zenean, estatua azpiegiturak finantzatzeko zorpetzen zen, eta uler zitekeen Nafarroak parte hartzea eta amortizazioaren %1,6 ordaintzea». Krisia lehertu zenetik, Espainiaren zorra BGPren %100 ingurukoa izatera heldu da, eta zor handi horren interesek zein amortizazioak Nafarroa zamatu egiten dute:«Gure kontra itzul daiteke Espainiako Estatuaren zor bideraezin hau defizitik gabeko egonkortasun batean ordaintzea. Gure baliabide guztiak xurgatuko ditu. Erotzeko moduko zifra bat izango da».

Horregatik, Nafarroako Gobernuak urratsak egin nahi ditu hori moldatzeko. Negoziazioak ofizialki ez dira hasi, baina proposamen bat helarazi dio Madrili. Hitzarmen Ekonomikoaren 54c artikuluaren arabera, «Estatuko zor guztien» interes eta amortizazio kuotak Nafarroak bere gain hartu gabeko zamen artean daude. Nafarroak proposatu duzor guztien beharrean Estatuko zorren jartzea, gehiago zehaztu gabe. «Espainiako Gobernuak, itxuraz, onartu digu. Gero interpretatu beharko dugu zer zor diren, baina lehen pausoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.