Betaurreko, audifono eta ordezko hortz batzuk doan Iparraldean

Frantziako Gizarte Segurantzak bere gain hartuko du protesi batzuen bertsio sinpleenen kostua. Macronek auzitan jarri du gastu sozialean jarritako «diru parrastaren» emaitza

Ordezko hortzak urririk jarri ahal izango dituzte Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarrek. ABANDO HORTZ KLINIKA.
Iker Aranburu.
2018ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Hiru urte barru, Ipar Euskal Herriko biztanleek ezer ordaindu gabe eskuratu ahal izango dituzte betaurreko, audifono eta ordezko hortzen modelo batzuk. Gizarte Segurantzak eta mutualitateek produktu horien zati bat ordaintzen dute orain, baina, 2021. urtetik aurrera, Frantziako Gizarte Segurantzak kostu osoa ordainduko du. Parisko gobernuak ez du azaldu neurria finantzatzeko gizarte kotizazioak emendatuko ote dituen.

«Gure herrikideetako askok ez dituzte patologia sinpleak artatzen. Protesietan ordaintzeko geratzen denaren erruz, gure herrikideek ez dute aukera irribarre egiteko, ikusteko, ulertzeko eta normal jateko». Hitz horiekin justifikatu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak protesien kostua estatuaren bizkar jartzea. «Funtsezko konkista sozial bat da, eta neure egiten dudan inbertsio bat», adierazi zuen atzo, Montpellierren, Frantziako Mutualitatearen kongresuan. Frantziako Gobernuaren datuen arabera, 4,7 milioi lagunek uko egiten diote ordezko hortzei, eta beste 2,1 milioik, audifonoei.

Ikusten ez denetan, metala

Berez, Frantziako Gobernuak oinarrizko produktu baten eskaintza negoziatu du protesien egileekin, eta horiek dira herritarrei kosturik gabe eskainiko dizkietenak. Hau da, betaurreko modernoak eta punta-puntako audifonoak nahi dituztenek beren sakeletatik ordaindu beharko dituztela, orain arteko moduan.

Betaurrekoei dagokienez, Gizarte Segurantzak gehienez 95 euro balio dutenak hartuko ditu bere gain, eta 190 eurokoak, berriz, betaurreko progresiboetan. Gobernuak optikoekin negoziatu duenez, 30 eurotik beherako monturak eskainiko dituzte, eta lente sinpleak. Montura garestiagoak nahi dituztenentzat, mutualitateek ehun euro arteko kostua hartuko dute bere gain (150 euro arte orain).

Aho osasunaren arloan, Gizarte Segurantzak 542 euro arteko ordezko hortzakhartuko ditu bere gain. Prezio horretan, ikusgai dauden hortzak zeramikazkoak izango dira, eta metalezkoak, berriz, gutxi ikusten direnak. Kalkulatu dutenez, Gizarte Segurantzak bost urtean 717 milioi gehiago jarri beharko ditu, eta osasun aseguru osagarriek 505 milioi.

Trukean, dentisten sindikatuek lortu dute beren zerbitzu arrunt batzuen prezioa igotzea, hala nola hortzen garbiketa eta txantxarra kentzea.

Entzuteko arazoak dituztenek ere diru asko aurreztu ahal izango dute. Gaur egun, audifono batek batez beste 1.500 euro balio ditu, eta 850 euro geratu ohi dira herritarraren esku. Parisko gobernuak sektorearekin lortutako akordioak prezioak jaitsiko ditu: 1.300 euroko aparailuak eskaini ditu2019an, 1.100 eurokoak 2020an eta 950 eurokoak 2021ean. Gizarte Segurantzak ere progresiboki hartuko du kostua bere gain: gaur egun, 200 euro baizik ez dira, baina 400era iritsiko da 2021ean. Aseguru osagarriek beren gain hartuko dute gainerakoa.

Hitz polemikoak

Gastu mediku batzuk estatuaren bizkar jartzea neurri sozial bat da Macronen eskutik, eta horrekin egin nahi dio aurre ezkerretik egin dioten kritika nagusiari, hots, lehentasuna eman diela ekonomia liberalizatzeko eta enpresei eta aberatsei laguntzeko neurriei. Baina herritar gehienek ontzat hartuko duten neurriaren iragarpenak berak ere ekarri du polemikarik; izan ere, Montpellierko hitzaldia prestatzen ari zela, gastu sozialari buruz gordinki mintzatzen grabatu dute presidentea: «Diru parrasta bat jartzen dugu gizarte laguntzetan, baina jendea pobrea denean ez da aurrera ateratzen. Pobre geratzen dira pobre jaiotakoak, pobrezian erortzen direnak. Pobreziari aurre hartu behar zaio, eta herritarrei ardura eman pobreziatik atera daitezen. Osasunean, berdin-berdin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.