Exodoa eta miseria siriarrentzat

Siriako iheslariak hiru milioitik gora dira.

UNHCR: «Garai honetako giza larrialdi egoerarik handiena da».

Errefuxiatuek ez dute baliabide nahikorik eguneko beharrak betetzeko
Hainbat errefuxiatu, Libanoko muga zeharkatzeko itxaroten, hilaren 8an, Masnaa herrian, Sirian.
Hainbat errefuxiatu, Libanoko muga zeharkatzeko itxaroten, hilaren 8an, Masnaa herrian, Sirian. WAEL HAMZEH/EFE

Bidatz Villanueva Etxague -

2014ko abuztuak 30
Siriako iheslariak hiru milioi baino gehiago dira herrialdean gatazka hasi zenetik, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen goi mandatariak jakinarazi duenez. Erakundea sortu zenetik, orain 64 urte, inoiz izandako «iheslari kopururik handiena» dela azaldu du ohar baten bidez. Urte baten buruan milioi bat gehiago zenbatu dituzte. Soilik Palestinako azken hamarkadetako iheslariek gainditzen dituzte kopuruan. «Siriarren ia erdiek etxea utzi behar izan dute bizitza salbatzeko, eta zortzitik batek herrialdetik ihes egin behar izan du», ohartarazi du Antonio Guterres UNHRCko mandatariak. Siria barruko errefuxiatuei dagokienez, 6, 5 milioi dira; erdiak, haurrak.

Guterresen iritziz, «siriar iheslarien krisia garai honetako giza larrialdi egoerarik handiena bihurtu da, baina munduak ez die erantzuten errefuxiatuen eta hartzen dituzten herrialdeen interesei». Libanon bilatu dute babesa iheslari gehienek; milioi bat baino gehiago dira. Turkiak 815.000 siriar hartu ditu, eta Jordaniak 608.000.

Oxfam Intermon gobernuz kanpoko erakundeak dei egin die Mendebaldeko gobernuei iheslariei lagundu diezaieten eta beren herrialdeetan har ditzaten. Izan ere, siriarrek ondokoetara jo dute, baina ez dute baliabide nahikorik. «Ondoko herrialdeak Siriako krisiaren ondorioak ere ari dira jasaten», adierazi du erakundeak. Hiru milioi errefuxiatutik bost mila soilik hartu dituzte herrialde aberatsek.

Bestalde, iheslariak oso egoera txarrean heltzen dira ondoko herrialdeetara. «Shock egoeran iristen dira, akituta, beldurtuta eta sosik gabe», azaldu du UNHCRk. Bidaia zaila dela frogatzen duten beste zantzu batzuk ere badaude: muga zeharkatu nahi duten asko ordaintzera behartzen dituzte. Horrez gain, bostetik lauk nekez betetzen dituzte eguneroko beharrak. Horietatik %38 gutxienekoaren azpitik bizi dira. Lana aurkitzeko zailtasunak dituzte, eta segurtasun egoerak okerrera egin duenez, janari eta oinarrizko produktuen prezioek gora egin dute. Orotara, 3.100 milioi euro eman ditu nazioarteak giza laguntzarako, baina 1.520 milioi gehiago beharko dira urte bukaerara arte, UNHRCk ohartarazi duenez.

NBE Nazio Batuen Erakundeak argitaratutako txosten batek dioenez, 191.000 dira hildakoak Siriako armada eta matxinoak borrokan hasi zirenetik. Navi Pillay giza eskubideen mandatariak uste du «eragotz zitekeen giza hondamendia» dela Sirian gertatzen ari dena. Pillayk igandean utziko du kargua.

Lekualdaketak eragin dituen gatazkaz ere mintzatu da Kyung-wha Kang, NBEko ekintza humanitarioetarako idazkaria. Haren ustetan «IS Estatu Islamikoa zibilen aurka erabiltzen ari den indarkeria beste maila batera heldu da». François Hollande Frantziako presidenteak Baxar al-Assaden gobernua kritikatu du, eta ondorio guztien erruduntzat jo: «Al-Assaden erregimenak errepresioarekin jarraitzen du, eta errefuxiatuak etengabe gehitzen ari dira ondoko herrialdeetan. Gainera, terroristek lurralde berriak bereganatzen dituzte. Horiek dira ondorioak».

1,6 milioi lekualdatu Iraken

Hilabete batean 850.000 herritarrek lekuz aldatu behar izan dute Iraken ISren mehatxua dela eta. Urtarriletik 1,6 milioi irakiarrek utzi behar izan dute beren bizilekua, eta gehienek Kurdistango Eskualde Autonomoan hartu dute babesa. Mosul eta Sinjar hirietatik dator iheslarien zati handi bat.

OIM Migratzeetarako Nazioarteko Erakundeak denbora luzez iraungo duen gatazka dela deritzo: «Izugarrizko zifrak dira, krisiak luze joko duen seinale. Jende asko egonen da oinarrizko laguntza beharko duena bizitzeko». Gainera, errefuxiatuek asteak eta hilabeteak egiten dituzte ihesean, erakundeak azaldu duenez. Ondorioz, «egoera kritikoan heltzen dira».

Urtarril hasieran hasi zen IS Irakeko lurraldeak bereganatzen, eta gerra krimenak egin izana leporatu diote behin baino gehiagotan. Aitzakia horrek AEBei militarki esku hartzeko balio izan die, eta abuztuaren 8tik aire erasoak egin dituzte jihadisten aurka. Horrek ere lurraldeko egoera zaildu du. Barack Obama AEBetako presidenteak segurtasuna bermatzeko beharra dagoela argudiatu du: «Iraken dauden estatubatuarrak babestu behar ditugu, baita gure enbaxadak eta kontsulatuak ere».

Obamak, ordea, ez du estrategiarik Sirian ISri aurre egiteko: «Pentagonoaren lehentasuna ISk Irak ez kontrolatzea izanen da». Bestalde, Al-Assadekiko elkarlanari uko egin dio. «Nazioartean zilegitasuna galdu du Siriako presidenteak, eta siriarrei Al-Assad eta ISren agintea ez den beste aukera bat eman behar diegu», azaldu du Obamak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna