Giltzaz itxitako atea noiz zabalduko zain

PANen orain arteko estrategiari bidea eten dio NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak; Abbasek, hala ere, beste proposamen bat aurkezteko asmoa du.

Israelek zergetako dirua izoztu dio
Mahmud Abbas PANeko burua, joan den asteburuan Ramallahen (Zisjordania).
Mahmud Abbas PANeko burua, joan den asteburuan Ramallahen (Zisjordania). ALAA BADARNEH / EFE

Samara Velte -

2015eko urtarrilak 6
Palestinako Estatuaren onarpena lortzeko bide bakarra ikusten du Mahmud Abbasek, eta ezinbestean New Yorketik igaro behar duelakoan da. Joan den astean Nazio Batuen Erakundeak emandako kolpeak ez du haren gogoa zapuztu, eta Segurtasun Batzordeari beste ebazpen bat aurkezteko asmoa agertu du, Palestina onartu eta Israelen okupazioari amaiera epea jar diezaion.

Segurtasun Batzordeko hamabost kideek urteko azkenengo bileran bozkatu zuten PAN Palestinako Aginte Nazionalak proposatutako lehenbiziko agiria. Abbasek espero zuena baino eskasagoa izan zen emaitza: ebazpenak ez zituen beharrezko bederatzi botoak bildu. Lortuz gero ere, jakina zen AEBen ordezkariak betoa ipiniko ziola proposamenari, baina Abbasentzat lortu beharreko helburua zen hala ere.

Azkenean, ez bat eta ez beste. «Guk ez dugu huts egin, NBEk egin digu huts», kexatu da PANeko presidentea. Urte berriarekin, Segurtasun Kontseiluko kide ez-iraunkor batzuk aldatu dira, eta horrek beste ahalegin bat egiteko esperantza eman dio Abbasi, nahiz eta boto erabakigarriak, orain arte bezala, Washingtonen esku jarraitzen duen. Herrialde arabiarrak Segurtasun Kontseiluan ordezkatzen dituen Jordania lagun, beste proposamen bat diseinatzen hasiko da hilabete amaieran.

Hamas «erabat aurka» agertu da. «Abbasek eta PANek hobe lukete inozokeria politiko honekin amaitu», esan du Sami Abu Zuhri eledunak: «Gure nazioarentzat jolas arriskutsua da».

Beste bidea, Hagatik

Bien bitartean, PANek eutsi egingo dio nazioarteko justizia erakundeetan sartzeko asmoari. Segurtasun Kontseiluak babesa ukatu zionean, Erromako Estatutua sinatu zuen Abbasek; horrek Nazioarteko Zigor Auzitegira jotzea ahalbidetzen dio, Israelek egindako gerra krimenak ikertzeko eskatzeko. Saeb Erekat PANeko negoziatzaile buruak adieraz duenez, martxorako Hagako Auzitegiko kide izango da Palestina, eta apirilaren hasierarako erregistratuko dituzte Israelen aurkako salaketak. Iazko ekainetik aurrera egindako krimenak ikertzeko eskatuko diote Hagari, orduan gogortu baitzuen Tel Aviveko gobernuak Zisjordaniaren aurkako polizia kanpaina polizial eta kanpaina militarra. Gazako udako erasoaldian bi mila lagun baino gehiago hil zituen armadak; Al-Haq aholkularitza juridikorako elkarte palestinarrak iragarri duenez, horixe izango da Hagan erregistratuko duten lehenbiziko salaketa.

Abbasek ituna sinatu bezain pronto, Israelek diru iturria itxi dio PANi. Hark Zisjordaniako zerbitzu publikoen kudeaketaz arduratu behar duen arren, Tel Avivek jasotzen ditu lurralde okupatuetan bildutako zergak, eta zati bat PANi itzultzen dio, bere esku dauden zerbitzuetako batzuk finantza ditzan. Orain, zergetatik jasotako 500 milioi shekel (107 milioi euro inguru) izoztea erabaki du Benjamin Netanyahuren gobernuak, eta PANen aurkako zigor larriagoak iragarri ditu: «Ez dugu onartuko gure soldaduak Hagako auzitegira arrastaka eraman ditzaten. Indarrez eta determinazioz defendatu dute Israelgo Estatua, eta guk ere hala defendatuko ditugu beraiek». Netanyahuren kabineteko kide batek adierazi duenez, ez dituzte zigor gisa kolonia gehiago iragarriko —horrek are gehiago tenkatu dezake Europako hainbat estaturekin duten harremana—; horren ordez, agintari palestinarrak eraman nahi dituzte nazioarteko auzitegietara. Hagaren kasuan, gobernuz kanpoko erakundeen bidez egin beharko lukete, Israelek ez baitu Erromako Estatutua sinatu. Shurat Hadin erakundeak jada aurkeztu ditu hiru goi kargudunen aurkako salaketak; tartean, Rami Hamdallah Palestinako lehen ministroaren aurkakoa. «Salaketak ikusten dituztenean, palestinarrek bi bider pentsatuko dute aurrera jarraitu nahi duten edo ez», esan du erakundeko zuzendariak.

AEBen erabakia

Zergetako diru sarrera horiek gabe, PANek arazoak izan ditzake langile publikoen soldatak ordaintzeko. Oraingoz, nazioarteko laguntza geratzen zaio, eta herrialde arabiarrek badute palestinarrentzat gordetako funts bat halako kasuetarako. Dena den, orain ere Washingtonek du giltza: Israelek transferentziak eten ondotik beste hainbeste egiteko eskatu dio AEBetako Kongresuari, bi ganberetan errepublikanoek —gehienak Israelen oso aldekoak— agintzen dutela jakinik. AEBetako Gobernuak urtero 400 milioi dolarreko laguntza (335 milioi euro inguru) ematen dio PANi, baina joan den hilean hura etetea ahalbidetzen duen lege bat onartu zuen Kongresuak.

Etxe Zuriak errezeloz ikusten du neurri hori, eta Reuven Rivlin Israelgo presidenteak ere ohartarazi du garesti atera dakiokeela Tel Avivi palestinarren erakundeak ekonomikoki itotzea: uda aurretik ere debekatu nahi izan zituen Hamasentzako diru transferentziak, eta hark misilekin erantzun zion; handik gutxira piztu ziren uda osorako istiluak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna