LOMCEk jarritako probak egiten hasi direla baieztatu du Uriartek

Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan hasi dira azterketak egiten.Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ukatu egin du «ezkutukeriaz» jokatu dutela proba horien inguruan

2015eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Baieztatu du Eusko Jaurlaritzak hezkuntzako eragileek aurrez iragarritakoa: LOMCEk ezarritako azterketak egiten hasi dira. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan egingo dituzte probak. «Aste honetan hasi gara», esan zuen atzo Cristina Uriartek, Hezkuntza sailburuak. Lasaitasuna eskatu zuen, halere: esan zuen azterketak ez duela eragin akademikorik.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 eskolatan egingo dituzte etsaminak, probako azterketa gisara. Hezkuntza komunitateak salatu du azterketa horiek egiteko arrazoi bakarra LOMCE legea dela. Jaurlaritzak erreformari jarraitu diola salatu dute.

Hori ikusita, lasaitasun mezua zabaldu du Uriartek: «Gure seme-alabak eta hezkuntza sistema nola garatzen ari den jakiteko probei buruz ari gara». Ukatu egin du proba horiek amaierako azterketak direla: «Ez dute eraginik datu akademikoetan». Alderaketa bat egin du: hirugarren mailan egiten hasi diren azterketaren antzekoak gaur egun laugarren mailan eta DBHko bigarren mailan egiten dituztela adierazi du. Diagnostikorako direla, eta ez dutela ondoriorik.

LOMCE legea aplikatu duela ez ezik, beste gauza bat ere salatu diote eragile batzuek Jaurlaritzari: «ezkutukeriaz» jokatu duela hirugarren mailako azterketarekin. Ukatu egin du hori Uriartek: «Prozesu hauek ez dira egun batetik bestera egiten. Momentua heltzen denean, ikastetxeekin harremanetan jarriko gara, baina hor ez dago ezkutukeriarik». Guraso talde batzuek planto egiteko deia egin dutela eta, «arduraz» jokatzeko eskatu du sailburuak. «Ez dago kalte egingo dien ezer».

Nafarroan, hilabete hasieran egin zituzten probak hirugarren mailako ikasle guztiek; nahiz eta protesta ugari egin zituzten, Iruñeko gobernuak bere hartan ezarri du LOMCE, eta adierazi du ez duela «salbuespenik» onartuko.

LOMCEk proba orokorrak ezarri ditu Lehen Hezkuntzan, DBHn eta Batxilergoan. Azken biak nahitaez gainditu behar dira titulua eskuratzeko. Lehen Hezkuntzakoa diagnostikoa egiteko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.