Erakundeei negoziazio kolektiboa defendatzeko eskatu die LABek

Etxaidek Urkulluri esan dio iruzur politikoa dela lan merkatua berrantolatu gabe enplegua sortzea.Negoziazio kolektiboa desblokeatu artean patronala ez babesteko eskatu dio

Ainhoa Etxaide eta Garbiñe Aranburu, atzo, Bilbon, Rafa Diez askatzeko eskatzen duen kartel baten ondoan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2016ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
«Negoziazio kolektiboa langileen eskubide bat da». Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak negoziazio kolektiboaren aldeko aldarrikapena egin du, «askotan patronalarekin soldata eta lan baldintzak eztabaidatzeko gune» moduan ikusten delako. Eta horrela ez delako azaldu du zergatik den eskubide: «Lan merkatua demokratizatzeko balio duen eskubide bat da; eta, eskubide bat den heinean, erakunde publikoei dagokie hori bermatzea». Baina ez da hori egoera, sindikatuak atzo aurkeztu zuen txostenaren arabera gero eta gutxiago baitira eskubide hori daukaten langileak. Iaz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileen %36k baino ez zeukaten indarrean euren lan ituna. Horregatik, Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskaera egin dio «euren eredu soziala eta lan merkatua nolakoa den zehazteko».

Eskaera egin ondoren etorri da kritika. Hain zuzen, Etxaideren arabera, Jaurlaritzak ez duelako bermatzen negoziazio kolektiboaren eskubidea: «Urkulluk enplegua sortu eta milioi bat langileen helburua aipatzen du, baina patronalaren jarrerari buruz eta negoziazio kolektiboaren egoeraren inguruan ez du ezer esaten. Hala egiten duen bitartean, iruzur politikoa egiten ari da, badakielako negoziazio kolektiboaren arazoa konpondu gabe eta lan merkatua berrantolatu gabe ezin dela helburu horretara iritsi». Horregatik, eskubide hori errespetatuko duten erabaki politikoak har ditzala eskatu du berriz ere. Baita patronalari babesik ez ematekoere negoziazio kolektiboa «blokeatuta» daukaten bitartean.

Testuinguru horretan, «prekaritatea legezko» bihurtu dela ziurtatu du Garbiñe Aranburu LABeko negoziazio kolektiboko arduradunak. «1980ko hamarkadaz geroztik egin diren erreformekin, prekaritatea areagotu egin da, eta legezko bihurtu da dagoeneko». Duela zenbait urteko egoera berrezartzea zailtzen ari dela uste du Etxaidek, baina gogora ekarri Euskal Herrian sinatu diren itunek egoera ekonomikoa «hobetzen lagundu dutela». Aberastasuna hobeto banatzen zelako, eta ez orain bezala: «Azken datuek erakusten dute gehien irabazten dutenek gero eta gehiago irabazten dutela, eta langileek gero eta gutxiago». Negoziazio kolektiboak egoera hori orekatzeko balio duela aldarrikatu du, eta berriz pilota erakundeen teilatura bota du: «Haiei dagokie negoziazio kolektiboa bermatzea».

Sektoreko zein lantegikoak

Azken lan erreformarekin, negoziazio kolektiboa zatikatu egin da, eta estatuko itunek lehentasuna daukate. Egoera horri aurre egiteko, LABek ez du inongo esparrurik baztertzen, denak baitira beharrezko. Sektoreko eta enpresako itunei, beraz, garrantzi bera eman die. Hala ere, sektoreko hitzarmenek langile gehiagori eragiten dietela gogorarazi du Aranburuk. Edozein modutan, negoziazio mahaia esparru batean edo bestean izan, LABek hitzarmenak sinatzeko gutxieneko bost baldintza jarri ditu: soldatak 1.200 eurotik gorakoak izatea, eta KPIaren araberako igoerak izatea urtero; soldata kopuru horretara iristen ez denean, osagarriak eskaintzea; 35 orduko lanaldiak bermatzea; emakumeen aldeko neurriak hartzea, egungoak «ez direlako nahikoa»; lan segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea; eta euskaraz lan egiteko aukera ziurtatzea.

Eskakizun horiekin joango dira negoziazio mahaietara, baina baita kalera ere, mobilizatzen jarraitzeko asmoa azaldu baitu Etxaidek. Horietan lehena martxoaren 19an egingo du sindikatuak, Iruñean. «Erakundeetan gertatu den aldaketa enpresetara ere ailega dadin» aterako dira kalera, Etxaideren arabera. Horrez gain, zehaztu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan mobilizazio ildo berri bat abian jarriko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.