Emaitza oparoak enpresentzat

Burtsan dauden konpainiek urtarriletik irailerako emaitzak aurkeztu dituzte, eta onak dira gehienak. Kutxabankek ere jakinarazi du 190 milioi irabazi dituela, %20,7 gehiago

BBVAko kontseilari ordezkari Carlos Torres, atzo, Madrilen, bankuaren emaitzen berri ematen. Urtea 2.000 lanpostu gutxiagorekin itxiko dute. VICTOR LERENA / EFE.
Irune Lasa.
2016ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Irabazietan hazkunde nabarmena izan dute euskal enpresa handietako askok. Bankuetan, esaterako, ikusgarria izan da BBVAren %63ko hazkundea, eta Kutxabanken %20a ere azpimarratzekoa da. CAF da hazkunde positiboen zerrendatik kanpo gelditu direnetako bat.

EUSKALTEL

44,9 milioi euro irabazi, eta 22 banatuko ditu dibidendutan

Euskaltelentzat onak izan dira urteko lehen bederatzi hilabeteak: 44,9 milioi euroren irabazi garbiak lortu ditu; zerikusirik ez iazko datuekin, 2015eko irailean 3,3 milioi euroko emaitza negatiboa pilatu baitzuen, burtsaratzearen ohiz kanpoko gastuen eraginez. Urte garrantzitsua izan zen iazkoa Euskaltelentzat: burtsara atera zen uztailean, eta Galiziako R Cable bereganatu zuen azaroan.

Lehen bederatzi hilabeteetan 430,4 milioi euroren diru sarrerak izan ditu: iazko aldi berean baino %76,1 gehiago. Hori bai, iaz R Cablek izandako diru sarrerak ere batera zenbatuz gero, talde berriaren diru sarreren igoera %2,2an geldituko litzateke. Konpainiak azaldu du igoera hori batez ere etxebizitzen segmentuan izandako %4,4ko hazkundeari zor zaiola eta iraila alor horretan 584.945 bezerorekin itxi duela. Zorpetzea jaisten ari denez, burtsaratzean agindutakoa bete eta dibidenduak banatuko ditu; akzio bakoitzeko 0,15 euro gordin, 22,77 milioi euro guztira.

KUTXABANK

Hazkundehandiak hipoteka eta maileguetan

2015eko lehen bederatzi hilabeteetan baino %36 hipoteka gehiago egin ditu Kutxabankek aurtengo lehen bederatzietan. Kontsumorako maileguak ere hobetu ditu, %28,6, eta enpresa txiki eta ertainei emandako maileguak %44 handitu dira (9.692 milioi euro). Horrek guztiak 190,3 milioi euroren irabazi garbiak ekarri ditu (203,2 milioi gordin). Aurreko urteko lehen bederatzi hilabeteen emaitzen aldean, %20,7 handitu dira mozkinak.

Gregorio Billalabeitiak gidatzen duen entitateak errentagarritasuna handitzeko martxan jarritako plana emaitzak ekartzen ari da, eta Caja Sur adarrak ere ekarpen positiboa egitea lortu du. Irailera arte 15,9 milioi euroko irabazia lortu du.

BBVA

2.797 milioi euro irabazi ditu, eta urtea 2.000 lanpostu gutxiagorekin itxiko du

Catalunya Bancen integrazioari eta Garanti banku turkiarraren %14,98ko erosketa osagarriari esker, urteko lehen bederatzi hilabeteetan irabaziak %64,3 handitu ditu BBVAk, 2.797 milioi euroraino. Horiek aintzat izan gabe, hala ere, hazkundea apalagoa litzateke, %15 ingurukoa. Kataluniako bankuaren integrazioarekin aurreikusitako 1.556 langileko murrizketari beste 400 bat gehituko dizkiola esan du bankuak, eta horietatik gehienak erretiro aurreratuak izango direla.

CIE AUTOMOTIVE

«Baikortasuna», irabaziak %26 handituta

Konpainiaren «kokapen dibertsifikatua, enpresa oso lehiakorren integrazioa eta merkatuaren gainetik doan hazkunde organikoa» aipatu dituzte CIE Automotiveko arduradunek hurrengohiruhilekoei «baikor» begiratzen dietela esateko. Auto osagaien konpainiak 2.070 milioi euroko fakturazioa izan du urtarriletik irailera, eta 123 milioi euroren irabazi garbiak eskuratu ditu, iaz epe berean baino %26 gehiago.

CAF

Iaz epe berean baino%26 gutxiago irabazi du:26,45 milioi euro

Beasaingo tren konpainia irabazietan hazkundeak izan dituztenen zerrendatik kanpo gelditu da, nahiz eta inoiz izan duen eskari kartera handienarekin itxi duen iraila (5.936 milioi euro). Urteko lehen bederatzi hilabeteetako irabazi garbiak 26,5 milioi eurorenak izan dira, iaz epe berean iritsiak baino %26 txikiagoak. 2015eko irailean ere antzeko jaitsiera izan zuen. Bruselako Metroko 353 milioi euroko enkargua ez dago emaitza hauen barruan, CAFek gogoratu duenez, irailaren 30aren ondotik egin baitzuten tratua.

FAES FARMA

169,8 milioiren salmentak izan ditu: %17,7 gehiago

Leioako farmazia konpainiak 30,1 milioi euroren irabazi garbiak izan ditu urtarriletik irailera, iaz epe berean lortutakoa baino %19,1 gehiago. Konpainiaren bi molekulatan oinarritutako sendagaien salmenta dago emaitzen hobekuntzaren oinarrian: Hidroferolarena (D bitamina) eta Bilaxtenarena —bilastinan oinarritutako antihistaminikoa—. 850 langile ditu Faes Farmak.

IBERPAPEL

%32,59ko hazkundeaizan du irabazietan

Negozio zifraren zenbateko garbia zertxobait jaitsi zaio Iberpapel taldeari 2016ko lehen hiru hilekoetan, 149,52 milioi euroraino, batez ere paper salmenta txikiagoarengatik eta argindarraren prezioen jaitsieragatik. Hala ere, irabazi garbian %32,59ko hazkunde nabarmena izan du, 13,61 milioi euroko emaitzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.