'Rosetta', kometa baten pareko

Espaziontziak orain hamar urte hasiriko bidaian mugarria egitea lortu du Europako Espazio Agentziak: kometa baten orbitan jiraka dabil.Espazioa eta bizitza ulertzeko giltzatzat dute

Hasi da espaziontzia, orain duen kokagune apartatik, irudiak igortzen; esaterako, atzo kometari egindako argazki hau bidali zuen, doitasun handikoa. ESA.
arantxa iraola
2014ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
«Bi urteren buruan, kometei buruz idatzitako liburu guztiak berriro idatzi beharko dira». Eduardo Zubiaren hitzak dira. Fisikaria da, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia Taldeko zuzendaria. Atzo Rosetta misioaren inguruan mundu zabalean hedatu ziren albisteen harira erne-erne egon ziren adituetako bat da. Izan ere, egun seinalatua izan zen. Rosetta espaziontzia orain hamar urte igorri zuen zerura ESA Europako Espaziorako Agentziak, eta atzo mugarria jarri zuen bidean:67P/Txuriomov-Gerasimenkodeituriko kometaren orbitara hurbildu eta harekin jiraka jarri zen. Elkarren ondoan doaz, irudikatzen ere zail den abiaduran: orduko 55.000 kilometro egiten.

Azarorako espero dute hurrengo une handia misioko arduradunek. Philae zundak —espaziontziari atxikita dago— aingura botako du kometaren gainazalean, eta ukitu egingo du, lehenengoz, espazioan dabilen izotz eta hautsezko astro bat: izarren hautsa. Eguzkira hurbiltzen ari da orain kometa, eta bidean izango dituen antzaldaketak bertatik bertara jarraitu ahal izango dituzte ESAko ikertzaileek, espaziontziak —kameraz eta sentsorez josita dago: 21 gailu ditu— igorriko dituen datu ugarien bitartez.Atzo jada hasi zen datu festa. Kometaren gainazalaren argazkiak igorri zituen espaziontziak —«zehaztasun handikoak dira; xehetasun garrantzitsuak ikus daitezke horietan», adierazi du Zubiak—, eta horiei begira kometak ulertzeko informazio aski lagungarria eskuratuko dutela pentsatzen dute.

Hitz lauz esplikatu nahi izan dute ESAko arduradunek zeinen garrantzitsua den Rosetta espaziontziaren misioa. Hona hemen Joel Parker zientzialariak esandakoa: «Orain arteko kometetako misioak gau bateko kontuak izan dira; Rosetta, aldiz, harreman luze baterako izango da hor». Kometak aski astro garrantzitsuak direla oroitarazi dute; eguzki sistema sortu zen garaitik —orain dela 4.600 miloi urte— apenas aldatu direla uste dute astronomoek, eta, beraz, hastapen garai hartako aztarnak direla, hura zer izan zen ulertzeko zinetan garrantzitsuak. «Nolabait ere, espazioko fosilak direla esan daiteke, eta informazio garrantzitsua lor daiteke horiek ikertuz», azaldu du Zubiak.

Badira areago dioten ikertzaileak ere: zenbait adituk diote bizitza —«bizia sortzeko ezinbestekoak diren molekulak», zehaztu du Zubiak— Lurrera kometek ekarri zutela, eta beraz izadiaren jatorriaren gakoak ere badirela zeruko zuzi horietan. «Hain zuzen ere pentsatzen da bizitzaren jatorria egon daitekeela Lurraren kontra talka egin zuten kometetan», oroitarazi du astronomia adituak. «Alde horretatik ere, orain arte ezezaguna zen informazioa eskuratuko dugu».

Poz handia

Atzoko urrats erabakigarria ondo joan zela eta, poza azaldu zuten ESAko arduradunek. Apartekoa. «Helmugara bidean hamar urte, bost hilabete eta lau egun egin ostean, Eguzkiaren inguruan jiraka bost aldiz ibili eta gero, eta 6.400miloi kilometro eginda, pozik diogu iritsi garela», esan zuen agentziako zuzendari Jean-Jacques Dordainek. «Mugarri bat izan da: has bitez aurkikuntzak».

Orain kometatik ehun kilometrora dago espaziontzia. Poliki-poliki joango da hurbiltzen. Hilaren amaieran 50-70 kilometrora egotea da asmoa, eta irailaren erdialderako, 30 kilometrora. Hurbildu ahala, igorriko duen datu bakoitza aurkikuntza bat izango da, osagai bat gehiago bizitza bera ulertzeko eginkizun handian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.