Ezkerra batzeko erronka

Benoit Hamon izango da PS Alderdi Sozialistaren hautagaia Frantziako presidentetzarako hauteskundeetan. Alderditik haratago bildu beharko du irabazteko aukerak izateko

Bereziki gazteei mintzatu da Hamon Frantziako lehendakari hautagaia PSko primarioen emaitzen ondotik eginiko diskurtsoan. JEREMY LEMPIN / EFE.
2017ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Benoit Hamon erronka baten aurrean dago igandeko bozetan nagusitu ostean. Primarioko bi itzulien artean prentsa bitartez egindako oharrek agerian utzi zuten sozialisten arteko funtsezko desadostasuna. Hamonen errenta unibertsala ezin irentsiz ibili dira vallsistak, haustura begi bistan utziz. Emaitzak jakin ostean, bi hautagai ohiek argazkia egin, eta bakoitzak bere aldetik jo zuen. Alta, batak eta besteak egindako diskurtsoan beharrezkotzat jo dute «elkarretaratzea». Manuel Vallsek mezua bidali dio Hamoni: «Gure familia politikoaren hautagaia da, eta elkartzearen misioa bururaino eraman behar du». Hamonek, berriz, «benetako aurkarien parean lehiatzean ezberdintasunen gainetik» ibiliko dela azpimarratu du.

Gaur biltzekoa da hautagai sozialista alderdiko diputatu guztiekin. Liberalenek Macron hautagaiaren lerroan sartzeko tentazioa adierazi dute azken egunetan. Atzo, berriz, lehen ministroa Bernard Cazeneuverekin bildu zen Hamon. Gobernu buruak azken bost urteetan lorturikoa «bere gain hartzeko» eta «harro» izateko eskatu dio; eta haren programa «sinesgarria eta egiarekiko zorrotza» izatea zainduko duela abisatu dio. Bileraren ondotik, hautagaiak oroitarazi du legealdi honetan zenbait gauza ongi eta eztabaidagarriak diren beste batzuk egin direla, azpimarratuz «aterabide berri» batzuk ekarri nahi dituela.

Alderdi kanpoan ere lana

Hamonentzat, baina, alderdi barnean bezain korapilatsua izango da ezkerra batzea alderdi kanpoan. Yannick Jadot ekologistari eta Jean Luc Melenchon la France Insoumise mugimenduko buruari igande gaueko diskurtso berean bota zien mezua: «Ezkerra eta ekologistak elkartu beharko dira. Ezberdintasunak baldin badira, partekaturiko ideiak hain ugariak dira [...] Bereziki Jadot eta Melenchoni ari naiz, eta galdegiten diet soilik interes orokorra kontuan hartzea. Proposatuko diet gehiengoa izango duen gobernamendu bat elkarrekin eraikitzea».

Erantzunak azkar iritsi dira. Ekologisten burua pozik agertu da primarioen gaietan zein Hamonen programan berdeek bultzaturiko problematikak integratuak ikusirik. «Primarioek argi uzten dute ziurrenik PSko kide anitz aspertuak direla euren alderdiaz; eta ekologista anitzek pentsatuko dute berdeak ezin direla bakarrak izan ekologisten ordezkatzeko. Hamon PSetik libratu behar da».

Melenchoni dagokionez, primarioen irabazleak hark zabalduriko gaiak landu dituena izatea eskertu du bere burua: «PSk gobernuko hitzak baino, gure hitzak erabili dituen hautagaia nahiago izanak emaitza emango duen errealitatea da».

Zundatzeek duten balioa dute, momentuko argazki batena, baina, kontuan hartu nahi izanez gero, Hamonek badaki primarioen garaipenaren biharamunean laugarren postuan kokatzen dutela Eliseoren lasterketan, bozen %15a esleituz.

Haustura iraganetik

Joan den igandean, PSko primarioetako parte hartzea emendatzearekin esperantza berpiztu zitzaion Vallsi, alderdiko militante historikoak aparatua salbatzera joango zirelakoan. Emaitzek argi utzi dute lehen ministro ohiak François Hollande presidentearekin eramandako bost urteko agintaldia gaitzetsi dutela bi milioi inguru boz emaileek. Hamon bozen ia %59rekin iritsi da Frantziako presidentetzarako hauteskundeetara. Alderdiko eskuin adarrak galdu omen du, eta alderdia nehoiz baino banatuagoa da joan den igandeko emaitzen ondotik.

Baina emaitzak, preseski, politika baten ondorioak izan ohi dira. 2014ko abuztuaren 26an, Hamon, Montebourgekin batera, Valls gobernutik kanporatua izan zen. Haustura nabarmena zen; bereziki, ekonomia politikaren alorrari begira. Ikuspegi ezberdina izatetik, programa ezberdina aurkeztera joan dira Valls eta Hamon, alderdi barnetik bi alderdi sortzeraino. Orduaz geroztik, primarioen kanpainan sartu ziren hautagaiak, bakoitzak bere lerrotik segituz: lana eta segurtasuna Valls adarrarentzat, justizia sozial-ekologikoa Hamon adarrarentzat. PSko barne eztabaidak eta tirabirak ez dira atzokoak, baina aktore nagusiek nehoiz baino argiago utzi dituzte plaza publikoan.

Hasieratik, «ilusionista» eta programa «irreala» aurkeztea leporatu zitzaion Hamoni. Hark «etorkizun desiragarria» proposatu nahi duela esan du behin eta berriz. Primarioen lehen itzuli bezperan, hirugarren postuan jartzen zuten adituek, lehen ministro ohi eta Montebourgen gibelean. Azken hilabeteetan maiz gertatu bezala, aditu horiek izenez nahasi eta irauli ditu aurreikuspenak Hamonek, «gizartearen irakurketa ezberdina» proposatuz haren sostengu sutsuen aburuz. Zailena egina zuen. Montebourgen sostenguak baitezpadako bozak eman dizkio, eta Valls argazki politikotik baztertu du igandean. Izan ere, azken hori irabazlearen «lerroan sartuko da», baina ez dirudi Benoit Hamon hautagaiaren programa defendatzera aterako denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.