Hegan-ek langile kualifikatuak eskatu ditu aeronautikarako

LHko ikasketa teknikoak egitera animatu ditu gazteak, sektorean belanauldi txandaketa bermatzeko. Klusterreko bazkideen fakturazioa ia %8 handitu da, eta enplegua, %6

Hegan-ek langile kualifikatuak eskatu ditu aeronautikarako.
Ivan Santamaria.
Miñao
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Kualifikazio handi eta ertaineko langileak aurkitzea da euskal sektore aeronautikoak aurrez aurre dituen erronka nagusietako bat. Datozen urteotan espero diren erretiroak aintzat hartuta eta belaunaldi txandaketa behar bezala bermatzeko, Hegan aeronautika eta espazio klusterrak ikasketak esparru zientifiko eta teknikoetara zuzentzera animatu ditu gazteak, bereziki Lanbide Heziketako eskaintza industrialera.

Urteroko batzar orokorra egin zuen atzo klusterrak, Arabako Teknologia Parkean, eta, joan den urteko emaitzak aurkezteaz gain, sektoreak enpleguan dituen beharrei buruz ohartarazi zuen Jorge Unda elkarteko presidente eta Sener konpainiako buruak. Dei berezia egin zien emakumeei, parte hartze handiagoa izan dezaten aeronautikan. Gaur egun, klusterreko bazkide diren enpresa eta elkarteetan 3.145 emakume daude lanean, bost langiletik bat, hain zuzen ere. Erdia baino gehiago (%54) lizentziadunak, ingeniariak edo zuzendaritza karguak dira. Emakumeen falta handiena lanpostu teknikoetan legoke.

Uneotan 64 entitate daude klusterrean elkartuta. Guztien artean 178 produkzio lantoki dituzte mundu osoan, eta 14.457 langile. Pasa den urtean enplegua %6,2 handitu zuten. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 300 lanpostu berri sortu ziren iaz. Aurten 100 inguru izatea aurreikusi dute. Aeronautika sektoreko enpleguaren produktibitatea eta balio erantsia azpimarratu dute. Industriari lotutako lanpostuen %2,4 dira, baina industriari lotutako BPGari egiten zaion ekarpena %6,2 da. Lanpostu zuzenen heren bat du sektoreak EAEn.

Urte ona izan zen iazkoa klusterreko bazkideentzako. Fakturazioa, guztira, %7,9 handitu zuten. 2.425 milioi euroko salmentak izan ziren. Diruaren erdia baino gehiago (%55,5) egitura aeronautikoei dagokie, eta beste %38,5 motorrei. Negozioaren parte txikiagoa dira sistemak eta ekipoak eta espazioari lotutako jarduna. Fakturazio horretatik 954 milioi dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kokatutako lantokien ekarpena. Bidaiari trafikoaren eta hegazkin berrien entregen igoerari lotu behar zaio hobekuntza.

Hala esportazioak (%18,1) nola I+Grako inbertsioek (%34) hazkunde oso esanguratsuak izan zituzten 2017. urtean. Tentuz aztertu beharreko emaitzak direla onartu zuen Undak, sektoreko ekoizle handiek —Airbusek eta Boeingek— hegazkin eskaintza berritzen duten urteekin zerikusi handia duelako. Autofinantzaketa ahalegina handia da Hegan-en. Inbertsioaren %87 funts propiekin ordaintzen dute. 1.600 langile dituzte ikerketa eta berrikuntza proiektuak egiten.

Zuhurtasuna arau

Klusterra orain dela hogei urte sortu zen. Hamalau enpresa zituen hasieran, eta fundatzaileak Aernnova —garai horretan, Gamesa—, ITP eta Sener izan ziren. Denen artean, 325 milioi fakturatzen zituzten orduan. Gaur egun, zazpi aldiz handiagoa da kopuru hori. «Sektore aeronatiko bat sortu dugu», azpimarratu zuen Undak.

Bi hamarkadetako ibilbidean soilik bi aldiz jaitsi da fakturazioa. 2002. eta 2009. urteetan izan zen. Bietan krisi gogor batek astindu zuen sektorea. Irailaren 11ko atentatuak, lehenbizi, eta nazioarteko finantza krisiak, ondoren, agerian utzi zuten aeronautikak oso azkar erantzuten duela giroa gaiztotzerakoan. Aurtengo iragarpenak ez dira txarrak, baina «zuhurtziaz» jokatu nahi du Undak, eta fakturazioa %4 eta enplegua %2 handituko dela aurreikusi dute.

Tentsio geopolitikoen eta merkataritza gatazken balizko ondorioei begira dabiltza enpresak. Petrolio upela garestitzen segitzeak efektuak izan ditzake aire trafikoan. AEBak Iranekin sinatutako itun nuklearretik atera izanak ere auzitan jarri ditu Airbusen salmenta batzuk. Muga zerga berriak ere ez dituzte begi onez ikusi. «Gurea bezain globalizatua dagoen sektore batean merkataritza trabatzeko neurriak hartzea ez da albiste ona», ohartarazi zuen Undak.

Sektorea bera eraldatzeko bidean da. Kontzentrazioa handituko duten aldaketak bidean daude. Bi handiek lehiakide txikiagoekin negoziatzen ari dira. Airbus eta Bombardier, alde batetik, eta Boeing eta Embraer, beste aldetik, ari dira elkarren arteko aliantzak indartzen. «Denekin» dituztela negozioak gogoratu du Undak, eta klusterrean ez dute jarrera ofizialik balizko bateratzeei buruz. Lau ekoizle horien artean 50.000 hegazkin aterako dira merkatura hurrengo 20 urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.