Diru burujabea, bai ala ez

Suitzan erreferenduma egingo dute etzi, diru sistema aldatu ala ez erabakitzeko. Diruaren sorrera soilik banku zentralaren esku utzi nahi dute galdeketaren sustatzaileek. Bideoa albiste amaieran.

BERRIA.
Jon Fernandez.
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Zelan sortzen da dirua? Ezin jakin Euskal Herrian zenbat herritar diren gai galdera horri erantzuteko. Suitzan, inkesten arabera, herritarren %78k ez dakite zelan funtzionatzen duen diruaren sistemak. Ezjakintasun horrek, hain zuzen, ohi baino konplikatuagoa bilakatuko du datorren domekan herrialde horretan egingo duten erreferenduma. Diru subiranoa indarrean jarri, bai ala ez, horixe erabakiko dute.

Diru subiranoa zer den ulertzeko, ezinbestekoa da jakitea, lehenik eta behin, nola sortzen den dirua. Suitzako MoMo (Dirua Modernizatu, ingelesezko sigletan) gobernuz kanpoko erakundeak argi azaldu du. Banku zentralak jaulkitzen ditu billeteak eta txanponak, baina herritarrek eta enpresek bankuetan dauzkaten kontuetan ageri den dirua, diru digitala, banku komertzialek sortzen dute. Horrela, zirkulazioan dabilen diruaren %10 da banku zentralak sortutakoa, eta %90 inguru banku komertzialek sortutakoa. Suitzan eta eurogunean antzekoak dira proportzioak.

Pertsona batek banku bulego batean kontu edo gordailu bat ireki eta dirua sartzen duen bakoitzean dirua sortzen hasten da bankua. Bezero batek 100 euro sartu baditu bere kontuan, bankuak ez du gordetzen kutxa gotor batean. Legeak behartuta, gorde egiten du %10, baina hamar euro gorde arren, maileguan ematen ditu gainerako 90 euroak.

Beste pertsona horrek norbaiti 90 euro ordaintzen dizkionean hark berriro bankuan sartuko du dirua, eta bankuak, berriro, bederatzi euro gorde (%10), eta maileguan emango ditu 81 euro. Prozesua hamar aldiz errepikatu daiteke, eta, horrela, hasierako 100 euroak 1.000 euro bihurtzen ditu banka komertzialak.

Zirkulazioan dagoen diruaren zati handiena, beraz, zorrean oinarritzen da. Eta hain zuzen ere, horixe saihestu nahi du Suitzako MoMo mugimenduak. Zirkulazioan dagoen dirua bakarrik banku zentralak sortzea nahi du, ez bakarrik billeteak eta txanponak, baita bankuetako kontuetan ageri den diru digitala ere. Uste du diru subiranoak onura handiak ekarriko lituzkeela, besteak beste, zor krisiak ekiditea.

Diru guztia, estatuaren esku

Bankuek ematen duten kredituaren eta diruaren sorreraren arteko lotura apurtu nahi du. Bankuek jarraituko lukete kredituak ematen, baina dirua sortu barik. Norbaiti dirua maileguan emateko, bankuak, aurretik, beste norbaiti eskatu beharko dio kopuru bera. Horrela, diruaren sorrera %100 publikoa izango litzateke —%90 pribatua da orain—, estatuak sortuko lukeelako, banku zentralaren bidez. Horixe litzateke, hain zuzen, diru subiranoa.

Ekimenak aurkari asko ditu Suitzan, eta zaila dirudi domekan diru subiranoaren aldekoek irabaztea: bankuen herrialdean, aldaketaren kontra daude bankuak, patronala eta baita parlamentua ere. Azken inkesten arabera, diru subiranoaren kontra daude boto emaileen %49, eta alde %35. Zalantzan dauden %16ak erabakigarriak izango dira balantzak alde batera edo bestera egiteko.

Aldekoak ere baditu, Suitzan eta kanpoan. Diru Positiboa mugimendua Erresuma Batuan sortu zen, baina Bruselan ere badu adar bat, eta Espainian 2016an sortu zuten izen bereko elkartea. Arrasatear batek sortu ere, kooperatiba bateko informatikari batek: Josu Onandiak. Pozik dago, gaia eztabaidaren erdian jarri delako. Eurogunean galdeketa egitea zailagoa dela azaldu dio BERRIA-ri, baina Suitzan irabazteak eragin dezakeela eurogunean ere. «Diru politika alda daitekeela erakustea da inportantea».

[youtube]https://youtu.be/Vh72CxuQR-U[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.