Katalunia

Erakunderik gabeko ereduaren borroka

Astebete igaro da Kataluniako Gobernuak Banc Expropiat gunea husteko agindu zuenetik, baina aldarrikapenek indar handia dute oraindik ere Bartzelonako Gracia auzoan

Manifestariak eta mossoak aurrez aurre, Bartzelonako Gracia auzoan, igandean. QUIQUE GARCIA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2016ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Goibel eta irabiaturik amaitu zuen atzo, bertze behin, Bartzelonako hiriak maiatza. Duela bi urte, Sants auzoko Can Vies zentro soziala eraitsi izanak —maiatzaren 26an— eragin zuen eztanda; oraingoan, maiatzaren 23an Graciako Banc Expropiat gunea bortizki hustu izana izan da txinparta.

Hainbat hedabidek iragarri zuten udalak gunea erosteko asmoa zuela, baina Eloi Badia Graciako zinegotziak argi utzi zuen ez zutela «sekula aukera hori mahai gainean jarri». Irtenbide gisa aztertu zuten «auzoko erosketa egitea», elkarte eta bizilagunen bitartez, baina bertan behera utzi zuten jabeak «milioi erdi baino gehiago eskatzen zituelako».

Ester Quintanari begia lehertzeagatik akusatuak ziren bi poliziak errugabetzat jotzen zituen sententzia ezagutzen zen egun berean, indarra hartu du, berriz, maiatzaren 23an Bartzelonako Gracia auzoko Banc Expropiat gunea ixtearen harira Mossos d'Esquadra Kataluniako Poliziaren jarrera «desegokiaren» inguruko eztabaidak.

Goizeko hamarretan hasi ziren husten aspaldiko banku sukurtsala hartuta zegoen Banc Expropiat gunea. Hustea eragozteko, barruan bi lagun itxi ziren, eta kanpora bertze ehunka bildu ziren. Baina jendetzaren elkartasunak ez zuen lortu azken urteetan sarriegi gertatu diren poliziaren oldarraldiak, berriro ere, indarra hartzea. Aspaldiko banku sukurtsala zenaren ateak gotorturik zeudela, eta hamar orduko huste jardunaldi luzearen ondoren, hainbat lagunek lortu zuten atea irekitzea, eta orduan piztu zen astebetez luzatu eta oraindik ere amaierarik ez duen iskanbila.

Erakundeen arteko borroka

Ada Colau Bartzelonako alkatearen lantaldeak udalera iristean jaso zituen ezustekoen artean zegoen, hain zuzen, Xavier Trias aurreko alkatearen gobernuak Antartic Vintage SL-rekin sinatua zuen kontratua —Banc Expropiat gunearen enpresa jabea—. Antza, CiUk Bartzelonan saihestu nahi izan zuen 2014ko maiatzean Sants auzoko Can Vies eraitsi ondoren gertatutako istilua. «Bake soziala» ahalbidetzeko asmoz, 2015ean, talde antisistemek jakin gabe, guztira, 66.000 euro ordaindu zizkion Manuel Bravo Solanori, Antartic Vintage SL etxebizitza agentziaren jabeari.

Alokairuaren berri 2015eko hondarrean jakin zuten Banc Expropiateko kideek, Maite Fandos, ordura arteko Graciako zinegotziaren bitartez. Berria jakin ahala, lau haizeetara zabaldu zuten, eta salatu «Triasen gobernuak, hauteskunde urte bizian, bake soziala erostea». Era berean, testuinguruaren berri izan zuenean, Colauk adierazi zuen aurreko gobernuak «alderdi interesengatik diru publikoaren eta ariketa politikoaren kudeaketa desegokia» egin zuela.

Antza, Barcelona en Comuren gobernuak egin zituen lehen urratsen arteko bat izan zen Banc Expropiateko kideekin hitz egitea, jabetza pribatuaren alorra izanik, eta kaleratzearen arriskua pribatuen arteko iskanbilaren erdian zeudela, gune alternatiboren bat eskaintzeko. Baina eurek ukatu egin zuten, adierazpen baten bitartez jakinarazi zuten bezala, ez baitute «erakundeekin harremanik nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.