Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Londresek du diru zorroa

Publizitatea

Mundua

Londresek du diru zorroa

Erresuma Batuko Gobernuak aurrekontu bat ezarri dio Ipar Irlandari, alderdiak ez direlako ados paratu gobernua osatzeko. Londresek negoziatzen jarraitzeko eskatu du
Ipar Irlandako Parlamentuaren egoitza, Stormonten (Belfast). Martxoaren 2an egin ziren legebiltzarkideak aukeratzeko azken hauteskundeak.
Ipar Irlandako Parlamentuaren egoitza, Stormonten (Belfast). Martxoaren 2an egin ziren legebiltzarkideak aukeratzeko azken hauteskundeak. PAUL MCERLANE / EFE

2017-11-15 / Mikel Rodriguez

Zortzi hilabete baino gehiago igaro dira Ipar Irlandan hauteskundeak egin zituztenetik, eta ez dute oraindik gobernua osatu. Bi alderdi nagusiek, DUP unionistak eta Sinn Fein errepublikanoak, oraindik desadostasun sakonak dituzte zenbait gaitan, eta Londresek autonomiari eragiten dion neurri irmoa hartu du: aurrekontu bat ezarri dio menpean duen Irlandako zatiari. Lorden Ganberak —Erresuma Batuko goi ganberak— atzo jaso zuen Londresko gobernuak egindako proposamena, behe ganberak —Komunenak— herenegun onartu ondoren. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak ukatu egin du aurrekontua ezarrita autonomia kendu dutenik. DUP pozik agertu da neurriarekin, eta lorpentzat saldu du. Sinn Feinek, ordea, unionistei eta Londresi leporatu die akordiorik ez lortzearen erantzukizuna, eta krisia gainditzeko Erresuma Batuko Gobernuari eta Irlandako Errepublikakoari eskatu die konferentzia bat antolatzeko.

Krisia urtarrilean piztu zen, Martin McGuinnes lehen ministrorde errepublikanoak dimisioa eman zuenean, Arlene Foster lehen ministro unionistari eragiten zion ordainketa irregularren auzi baten ondorioz. Batasuneko gobernua hautsi zenez, martxora aitzinatu zituzten hauteskundeak, baina ordutik ez dira ados paratu. James Brokenshire Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako idazkariaren arabera, beharrak bultzatuta ezarri dute 2017-2018ko urte politikorako aurrekontua, erakunde autonomoen funtzionamendua bermatu ahal izateko. «Ez luke traba bat izan behar negoziazioek jarraitzeko. Orain arteko akordio faltak ondorio nabarmenak izan ditu Ipar Irlandako herriarentzat eta zerbitzu publikoentzat», argudiatu zuen Brokenshirek herenegun, Komunen Ganberako eztabaidan.

Westminsterreko alderdi guztiak ados zeudenez, bozkatu gabe onartu zuten aurrekontua. Ian Paisley DUPen ordezkariak aurrekontua baino zerbait gehiago egiteko eskatu zion Brokenshireri. «Erantzukizun politikoa hartu behar da, eta lehenbailehen izendatu behar dira ministroak, kontrol politikoa hartzeko».

DUPen eta 'tory'-en ituna

Nigel Dodds DUPen bozeramailea, berriz, pozik agertu zen aurrekontuarekin. «Ipar Irlandako herri guztiak, unionistek, nazionalistek... guztiek ongi hartuko dute osasun sistemari, hezkuntzari eta zerbitzuei emandako diru hau, DUPek gobernuarekin egin duen akordioari esker», adierazi zuen. DUPek ekainean egin zuen akordioa Alderdi Kontserbadorearekin, May lehen ministro izendatu eta unionisten botoekin tory-en gehiengoa segurtatzeko. Sinn Feinen ustez, unionistek Londresen lortu duten ahalmen hori traba bat ari da izaten Irlandako negoziazioetan. «Britainiako Gobernua konplize izan da, DUPek konpromisoei egin dien ukoa babestu duelako», salatu zuen herenegun Michelle O'Neil Sinn Feinen Ipar Irlandako arduradunak.

Brokenshirek ahalmena du negoziazioei bertze epe bat paratzeko. Irlandako hedabideetan Eguberria aipatu dute hurrengo epetzat.

Publizitatea

Sortu kontua
Mikel Rodriguez Mikel Rodriguez

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak