Beltza izatea delitua da Israelen

Holoteko kartzelan dauden 600 errefuxiatuk gose grebari ekin diote, deportazioak salatzeko. Gobernuak martxorako kanporatu nahi ditu herrialdean bizi diren iheslariak

Holoteko kartzelatik ateratzen ari den errefuxiatu bat. Israelgo Negeveko basamortuan dago Holot. ABIR SULTAN / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Sheshaik bost hilabete daramatza Holoten. Israelgo Negeveko basamortuan dagoen kartzela da Holot. Ezerezaren ezereza da, baina nahiago du hori jaioterrira itzuli baino: «Asko dira azkenaldian presondegitik alde egin dutenak. Europara joaten saiatu dira, baina badira bidean hil direnak; Saharan, Libian, Mediterraneoan... Nik nahiago dut kartzela honetan jarraitu». Beltza izatea da haren delitua. Sheshai Eritreakoa da, eta zortzi urte daramatza Israelen. Duela bost hilabete kartzelatu zuten, eta atzo gose greba egiten hasi zen, kartzelan dauden beste 600 bat immigranterekin batera.

Israelgo Gobernuak urtarrilean onartutako plana abian jarri izana da protestaren arrazoia. Herrialdean bizi diren 35.000-50.000 immigrante deportatu nahi ditu gobernuak, gehienak eritrearrak eta sudandarrak, eta jada eskutitzak jasotzen hasi dira. Deportazioa edo kartzela. Hori da eskaini zaien dilema. Martxora arte dute bataren eta bestearen artean aukeratzeko, baina badira deportazioari uko egin diotenak. Eritreako zazpi lagun herenegun gauean aldatu zituzten behin-behineko kartzelatik behin betiko kartzelara. Errepidearen bestaldera. Holotetik Saharonimera. Negeveko basamortuan hori ere. Ezerezaren ezerezean.

Presoak gose greba egiten hasi dira horregatik. Sheshai da horietako bat. Euren etorkizuna errepidearen beste aldean dagoela ulertu dute, eta ez daude prest patu hori onartzeko. «Hemen ez daukagu deus, baina eraikinari bueltak ematera atera gaitezke». Holoteko kartzelak 22:00etan ixten ditu ateak. Saharonimetik, baina, ez dago atea zeharkatzerik ere.

Arrazakeria

Gobernuz kanpoko erakundeek gogor salatu dute gobernuaren asmoa. Israelgo Lerro Beroa Errefuxiatu eta Migranteentzako erakundeak komunikatu bat kaleratu zuen atzo gose greban ari diren presoen egoeraren berri emateko. ASSAF Errefuxiatuak eta Asilo Eskatzaileak Laguntzeko Erakundeak ere gobernuaren neurriaz ohartarazi du: «Munduan inoiz ikusi gabea den eta arrazakeriaz zipriztinduta dagoen deportazio operazio baten atarian gaude, eta erabateko mespretxua erakusten die asilo eskatzaileen duintasunari eta bizitzari».

Israelek Uganda eta Ruandarekin egin du akordioa, diruaren truke, immigranteak artatu ditzaten. Bi herrialdeetako agintariek akordiorik egin izana ukatu dute, baina jadanik, udaz geroztik, 400 bat lagunek onartu dute deportazioa —2016an 3.381 asilo eskatzailek utzi zuten herrialdea euren borondatez, eta 2015ean, 6.414k—. Erakundeek, baina, hori ere salatu dute, errefuxiatuetako asko gerratik, jazarpenetik eta torturatik ihes egindakoak direla ohartaraziz. Oded Feller ACRI Israelgo Eskubide Zibilen Elkarteko kideak galdera hau egin du: «Jaioterriko laztura horretara itzuli edo gure kartzeletako infernuan sartu: hori al da aukera bakarra?».

Holoten jada 2.000 lagun inguru daude, eta deportazioa onartzen dutenek, hegaldiaz gain, dirua jasotzen dute: 3.500 dolar. Gobernuak otsailaren hasieran ekin zion errefuxiatuei planaren berri emateari. Bitartean, asilo eskaera gehienak baztertu ditu. 2017ra arte 15.400 lagunek eskatu zuten asilo politikoa, baina hamarrek baino ez dute babes hori jaso.

Human Rights Watchek gogor salatu du hori. Gerry Simpson erakundeko kideak zehaztu du asilo eskaeren %1 baino ez direla onartzen: «Israelek errefuxiatuak identifikatu eta babestu beharko lituzke, kartzelatu beharrean». Nazio Batuen Erakundeak ere injustutzat jo du neurria, eta herrialdeko hainbat lagunek, juristak, artistak, idazlek, medikuk, irakaslek, errabinok etadiplomazialarik egoera deitoratu dute.

Israelgo Gobernua, baina, ez dirudi amore emateko prest dagoenik. Benjamin Netanyahu lehen ministroak bere promesa betetzeko asmoa duela berretsi du: «Legez kanpoko immigranteak deportatzeko prozesua abiarazi dugu, Ameriketako Estatu Batuak bezalako naziogaratuetan martxan dauden bezalako prozesuak. Sinaiko mugan eraikitako harresiarekin legez kanpoko immigranteak sartzea eragotzi dugu, eta gure herrialdetik kanporatzeko promesari eutsiko diot».

Sinaiko penintsulatik sartu ziren herrialdera errefuxiatu gehienak, 2006. eta 2012. urteen artean. Egiptoko mugan, baina, harresia altxatu zuten 2013an. Tel Aviv hiriburuko hegoaldeko auzo pobreetan bizi dira errefuxiatu gehienak, linbo juridiko batean.

Identitate judua

Beltzak dira, baina, batez ere, musulmanak, kristauak eta animistak; beraz, identitate juduari eusteko egitasmoa ikusi dute askok neurri honen atzean. Asaf Weitzen Lerro Beroa erakundeko bozeramailearen hitzetan, herrialdea «garbitzeko eta arazteko» asmoa dago egitasmoaren atzean. Eli Yishai Barne ministroaren hitzak ekarri ditu gogora, esan baitzuen immigranteak herrialdearen arima judua usteltzen ari zirela.

Tel Aviveko Rothschild bulebarrean astero elkartzen dira errefuxiatuak eta herritarrak neurriaren kontra protesta egitera. Marie Amaneh urte eta erdiko haurrarekin dago. Darfurtik egin zuen ihes. Gilad Lauder arkitektura ikaslea ere astero doa elkarretaratzera. Jaioterriaz lotsatuta dagoela dio: «Israel immigraziotik sortutako herrialdea da. Krimena da kanpokoari ateak ixtea. Eskerrak holokaustotik ihes egin zuten nire arbasoak ez daudela bizirik hau ikusteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.