Beste haginkada bat Zisjordaniako lurretan

Israelgo Gobernuak palestinarren 400 hektarea konfiskatu ditu Gush Etzion koloniaren ondoan.

Azken 30 urteetako lur atxikitze handiena da.

Ekainaren erditik 1.500 kokaleku baimendu dituzte

Xabin Makazaga -

2014ko irailak 2
Palestinak inoiz estatu bat izango badu, ez da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren ahaleginari esker izango. Likudeko buruzagia agintera iritsi zenetik, lurralde okupatuetan gorakada etengabea izan du kolonien eraikitzeak; eta igandean aspaldiko haginkada handiena eman zioten Zisjordaniako mapari: palestinarren 400 hektareako lur sail bat konfiskatzeko planaren berri eman zuten, kolonia berri bat eraikitzeko.

Betleem hiriaren hegoaldean, Gush Etziongo koloniatik oso gertu, azken 30 urteetako lur atxikitze handiena agindu du Israelek. Gevaot koloniari erantsiko diote 400 hektareako lur saila, gaur egun 15 bat israeldar bizi diren barrutian «herri berri bat» eraikitzeko. Handik bertan, ordea, 60.000 kolono bizi dira Gush Etzionen, nazioarteko legediak urratzen dituen kokagune batean. Lehendik ere eremu horren eta Palestinako hiriburu izan behar lukeen Jerusalem ekialdearen arteko lotura ederki zaildua zegoen, eta kolonia berri horrek ezinago egingo luke lurralde jarraitutasuna. Helegitea aurkezteko 45 eguneko epea dago, baina Israelgo auzitegiek ia inoiz ez dituzte halakoak aintzat hartzen.

Hiru gazteen hilketagatik

Ekainaren 12an hiru nerabe judu bahitu zituzten Gush Etziongo errepide batean, eta handik gutxira hilik agertu ziren. Hain zuzen ere, lur atxikitzea hilketa horri emandako «erantzuna» dela argitu du Zisjordanian tokiko kudeaketa eramaten duen erakunde militarrak. Israelek aurrena Hamaseko kideak atxilotu zituen Zisjordanian, eta Gaza txikitu duen Hegi babesgarria zigor operazioa indarrean jarri zuen gero.

Hiru nerabe israeldarrak bahitu zituztenetik, Israelgo agintariek lurralde okupatuetan 1.500 etxe berri egiteko proiektuak aurkeztu dituzte, 6.000 kolono judurentzako bizilekutzat.

Israelek eta Hamasek su-etena hitzartu eta egun gutxira eman dute lur atxikitzearen berri, baina palestinarrek ustiatzen duten 400 hektareako olibondo saila konfiskatzeko erabakia menia baino astebete lehenago hartua zutela jakinarazi dute.

1980ko hamarkadako lehen urteetatik neurri horretako lur atxikitzerik ez dutela ezagutu adierazi du Israelgo Peace Now (Bakea Orain) gobernuz kanpoko erakundeak: «Gush Etzion eta Betleem inguruko errealitatea dramatikoki aldatu dezake erabaki horrek». AFP agentziari eginiko adierazpenetan,«beldurra» ere agertu du taldeko ordezkari Hagit Ofranek, ez ote den goraldi baten aurreneko urratsa izango, «gobernu koalizioko eskuin sektoreak Netanyahuri eragiten dion presioagatik, eta [Gazako] gerra garaipen handirik gabe amaitu den sentsazioagatik».

Beste 400 hektarea lur Israelgo Estatuaren jabegotzat hartuta, Netanyahuren gobernuak Mahmud Abbas PANeko presidenteari eta palestinarren indar moderatuei «bizkarrean labankada bat» eman diela adierazi du Peace Now erakundeak: «Berriro agerian geratu da indarkeriak emaitzak ematen dituela Israelen aldetik, eta indarkeria ezaren ordaina kokaguneen hedatzea dela».

Israelgo estatua sortu eta hogei urtera, 1967an bereganatu zituen Israelek inguruko herrialdeen zenbait eremu, Sei Eguneko gerrarekin: Gazako zerrenda eta Sinaiko penintsula, Egiptotik; Zisjordania, Jerusalem ekialdearekin, Jordaniatik; eta Golango gainak, Siriatik. Nazioartearen gaitzespenei muzin eginda, ordutik kolonia ugari eraiki ditu palestinarren lurretan. 2005ean atera zen Gazatik, baina Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean, ia bi milioi eta erdi palestinarren ondoan, 550.000 israeldar inguru bizi dira gaur egun.

AEBak, «zuzenketa» eske

Saeb Erekat palestinarren negoziatzaile buruak nazioartearen esku hartzea eskatu du «Israelek Gazan egindako krimenengatik eta Zisjordaniako kolonien hedatzeagatik erantzukizunak» eskatzeko. Palestina Askatzeko Erakundeko goi funtzionario Hanan Ashwarik, berriz, salatu du «palestinarrak beren lurretatik kanporatzeko Israelek deliberoa» agerian utzi duela azkeneko lur atxikitzeak.

AEBetako Gobernuak erabakia «zuzentzeko» ohartarazi dio Israeli: «Adierazpen hori, koloniak egiteko beste edozein adierazpen, plan onartze eta eraikitze baimenen gisara, kaltegarria da Israelek palestinarrekin bi estaturen irtenbide negoziatua bilatzeko daukan helburuarentzat».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna